Haizeak nora zapiak hara

Haizeak nora zapiak hara

par Iñaki Villoslada Fdez.,
Nombre de réponses : 0

Haizea eguneroko fenomenoa dugu, baina ez da beti berdin jotzen, ezta leku guztietan berdin izendatzen ere. Wikipediako Haize artikuluak hainbat haize-mota eta izendapen azaltzen ditu. Oinarrizko haize-norabideak lau dira: iparra, hegoa, ekia eta mendebala. Horiez gain, tarteko norabideetako haizeak ere bereizten ditugu, hala nola ipar-ekialdekoa edo hego-mendebaldekoa. 

Haizeak izendatzeko, ordea, ez dugu beti iparra, hegoa, ekialdea edo mendebaldea erabiltzen. Munduko hainbat lekutan, haize jakin batzuek izen bereziak dituzte. Mediterraneoan, esaterako, tramontana, gregala, lebantea, sirokoa eta mistrala dira ezagunenetako batzuk. Ebro ibaiaren haranean, berriz, ziertzoa esaten zaio ipar-mendebaldetik jotzen duen haize hotzari.

Euskaraz haizeak izendatzeko lexiko aberatsa dugu, eta izendapenak ez dira beti berdinak lurralde batetik bestera. Gotzon Aurrekoetxeak Haizeen izendapenak ahozko hizkeran ikerketan Euskal Herriko Hizkuntz Atlaseko datuak aztertu zituen. Ikerketak erakusten du ahozko euskaran hainbat irizpide erabiltzen direla haizeak izendatzeko: norabidea, tokiko geografia, toponimia, urtaroa eta haizearen ezaugarriak, besteak beste. Lau norabideetako haizeak izendatzeko 115 forma desberdin jaso zituen.

Mendebaldeko haizea, adibidez, mendebala ez ezik, gallegu haizea, itsas haizea, zehar haizea, gaztela haizea edo haize beltza ere izan daiteke, hizkera eta tokiaren arabera. Hegoaldeko haizeari, berriz, hego-haizea esaten zaio gehien. Ekialdeko haizea izendatzeko, eguzki-haizea da forma hedatuenetako bat.

Beste izendapen batzuek haizearen ezaugarriak nabarmentzen dituzte: haize epela, haize errea, haize sikua, haize gorri edo zehar haizea. 

Ortotipografiari dagokionez, puntu kardinalak letra xehez idazten dira. Gauza bera gertatzen da haien elkarketaz sortzen diren tarteko norabideekin ere: ipar-ekialdea, ipar-mendebaldea, hego-ekialdea eta hego-mendebaldea. Haizeak izendatzeko ere letra xehea erabiltzen dugu:

Gaur hego-haizea dabil.

Hotz handia ekarriko du ipar-haizeak.

Honek guztiak erakusten digu haizearen izena ez dela beti norabide geografiko baten etiketa hutsa: hiztunek beren ingurunea behatzeko eta eguraldia interpretatzeko duten moduaren isla ere bada. Haize berak, gainera, izen desberdinak izan dieta ahozko hizkeraren bildumetan haizeei buruzko izendapen gehiago aurkituko dituzue. Animatu eta bilatu ikasleekin, eta, kontuz, ez zaitezte gaur haizea hartzera joan:

haizea hartzera joan: da ad.-lok. lgart. Arbuio bizia adierazteko erabiltzen den esapidea. (Aginterazko aditzekin). Ik. pikutara joan. Zoaz haizea hartzera! 

Entzuteko: Haize hegoa: https://www.youtube.com/watch?v=MLKrArDHHok 

Aurrekoetxea, G. (2000). Haizeen izendapenak ahozko hizkeran. In T. Ormaetxea, G. Aurrekoetxea, P. Salaberri eta P. Etxeberria (arg.), Txillardegi lagun-giroan (93–107. or.). Udako Euskal Unibertsitatea.