Bi tresna euskararen azterketak prestatzeko: HABE eta USaP

Bi tresna euskararen azterketak prestatzeko: HABE eta USaP

de Beñat Erezuma Arisketa -
Número de respuestas: 0

Kaixo guztioi!

Sortu ditudan azken bi tresnen berri emateko eskatu didate, eta hemen nago Irakasbilen mezu hau idazten ;) 

Bi tresnak euskararen inguruko azterketak prestatzeko dira, baina jomugan bi publiko desberdin izan ditut horiek sortzean.

1) Euskara Satorra 2016an sortu nuen proiektu bat izan zen, eta 2022. urtean lurperatu nuen, 140 bideo eta 42 podcast atalen ostean. Orain berpiztu egin dut (https://euskarasatorra.berezuma.com) HABEren B1, B2 eta C1 azterketak prestatzen ari direnentzat laguntza gisa.

Batez ere lanerako edo oposizioetarako titulua behar duen eta denbora gutxi duen jendea izan dut buruan. Ikasgaiak laburrak dira, eta azterketaren formatuko probak daude, lau arloetakoak: irakurmena, entzumena, idazmena eta mintzamena. Doakoa da, ez du konturik behar eta datuak norbere gailuan geratzen dira. Jakina denez, ez dago HABErekin lotuta; probak neuk prestatutakoak dira, baina azterketen egitura jarraitu dut.

2) USaPeuskara (https://usapeuskara.berezuma.com), berriz, Batxilergoko ikasleentzat da, USaPeko Euskara eta Literatura II azterketa simulatzeko eta entrenatzeko. Egun gutxitan 1500 erabiltzaile baino gehiagok erabili du tresna. Ni neu ez naiz filologoa, Ingeniaria eta Teknologia eta Digitalizazio irakaslea baizik. Tresna hau sortzeko azterketa ofizialak zein azken dokumentu ofizialak erabili ditut. Etorkizunean berririk balego, tresna bera eguneratzea da asmoa.

Probatzen badituzue, esadazue nola hobetu daitekeen, lasai asko. Eta akatsen bat ikusten baduzue ere idatzi emaila info@berezuma.com helbidera.

Milesker!
Beñat