Atzerriko izenak: nola idatzi euskaraz?
Londres ala London? Erroma ala Roma? Eta zer egin behar dugu Beijing, Txaikovski bezalako izenekin?
Atzerriko pertsona-izenak, leku-izenak, erakundeen izenak edo artelanen izenburuak euskaraz nola idatzi behar diren argitzeko, Euskaltzaindiak 204. araua argitaratu du: Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO). VII. Atzerriko izen berezien idazkera.
204. arauak lehen hainbat arautan eta gomendiotan sakabanatuta zeuden irizpideak bateratzen ditu, eta erreferentzia bakar batean biltzen du. Irizpide nagusia ez da izen guztiak modu berean tratatzea. Izenaren izaera, tradizioa eta erabilera hartu behar dira kontuan. Hala, Londres eta Erroma euskarazko forma egokituak dira; Berlin, berriz, jatorrizko grafian idazten dugu. Eta beste alfabeto batzuetako izenak gure alfabetora ekartzeko, transkripzio- edo transliterazio-irizpideak erabiltzen dira.
Zalantzak argitzeko, komeni da Arauen Datutegi Onomastikoa (ADO) kontsultatzea. Tresna horretan atzerriko leku-izenak eta pertsona-izenak bilatu daitezke, eta, araututa badaude, euskarazko forma zuzena eta informazio osagarria eskaintzen dira.
Aurrekoaren harira, gaurko egunkariak dakarren berri bat:
Realak aurrerapausoa eman nahi du Europan, Lyonen kontra.
Falta da txapelketaren izena nola jarri, ezen Europan idaztea, tira, Donostia Europa da, bai, baina aurrerapausoa liga batean da, ez kontinente batean…. Gainera, partida ez da Lyon-en kontra, askotxo litzateke hori; izan ere hiri ingurune guztia kontutan hartuta Lyonek 2.118.132 biztanle baititu, baizik eta Olympique Lyonnais-en kontra...; beraz, nola idatziko zenukete zuek berria?