2025eko otsailaren 10ean eta 11n Parisen egingo da Adimen Artifizialari (AA) buruzko Ekintzarako Gailurra, eta, horrekin loturik, Frantziako hizkuntzak koordinatzen dituen erakunde publikoak (DGLFLF) adimen artifizialaren inguruko 50 gako-hitz argitaratu ditu. Ingelesetik frantsesera itzulitako terminoak dira, eta hitz horien definizioekin batera, beste hizkuntza batzuen ordainak ere eskaintzen dira, tartean euskarazkoak.
Zehazki, UZEIk, hainbat erakunderekin lankidetzan, adimen artifizialaren inguruko 50 termino euskaratu ditu, besteak beste, txatbot, prompt, hizkuntza-eredu handi edo adimen artifiziala (AA) bera.
Atxikirik doa, beraz, esteka honetatik bertatik deskarga daitekeen PDFa, eta norbaitek paperean nahi izanez gero, otsailaren hasieran eskuratu ahal izango du liburuxka hori, terminologie.dglflf@culture.gouv.fr helbidera eskaera eginda.