Paula Elosuak gidatu duen ikerketa batean oinarritutako artikulua argitaratu berri dute Language Assesment Quarterly aldizkarian. Ikerketak HABEren laguntza ere izan du.
Hau da artikuluaren laburpena. Hizkuntza gutxitu eta estandarizatu bat eta eskualdeetako aldaerak batera egoteak definitzen dituen ingurune soziolinguistikoetan, DIF edo itemaren funtzionamendu diferentzialaren azterketak balio handia izan dezake puntuazioen baliozkotasunaren aurkako mehatxuak izan litezkeen zenbait erabilera edo hizkuntza-barietate aztertzeko. Ikuspegi ekologiko batetik, hiru urrats izan ditu DIFen ikerketan lan honek: detekzioa, ulermena (balizko arrazoiak) eta ondorioen ebaluazioa. Hala, mendebaldeko eta erdialdeko euskalkietako 1.943 hautagaik erantzun zuten euskarazko C1 mailako irakurmen-proba baten azterketaren bidez egin da ikerketa. Artikuluan azaltzen denez, oso garrantzitsua da hizkuntza-egiaztatzegintzako probetan DIFa osorik jorratzea, hiru urratsak alegia, puntuazioen baliozkotasuna indartzeko tresna gisa.
DIFaren azalpena laburra 2014ko argitalpen honetan kontsulta daiteke: Hizkuntza-probak eraikitzeko eta aplikatzeko eskuliburua EEMBrekin batera erabiltzeko. ALTEk prestatua Europako Kontseiluko Hizkuntza Politikarako Atalarentzat.
Erreferentzia bibliografikoa:
Elosua, P. (2024). A Three-Step DIF Analysis of a Reading Comprehension Test Across Regional Dialects to Improve Test Score Validiity. Language Assesment Quarterly, https://doi.org/10.1080/15434303.2024.2307621