Didaktika-foroa

Heziketa literarioa

Heziketa literarioa

by Iban Laka Zelaia -
Number of replies: 0

Sei ostegun eta leiho bat


2016ko maiatzak 5
 

Gianni Rodariri irakurri genion Lenin eta haren senideak lorategiko leihoetatik sartzen zirela etxera. Aitonak, hori ez debekatzeaz gain, aulkitxoak ipintzen zizkien leihoetatik arriskurik gabe sartzen jarrai zezaten. «Istorioen bidez —eta horiek sortzen dituzten prozedura fantastikoen bidez—, haurrei errealitatera atetik ez, baina leihotik sartzen laguntzen diegu. Dibertigarriagoa da eta, beraz, baliagarriagoa».

Fatima Mernissi idazle marokoar oraintsu hila Fez-eko harem batean sortu zen eta hari ere irakurri ahal izan genion, hango eta orduko bizimolde hertsian, kulturak, liburuek, hizkuntzek… leihoak zabaltzen zizkiotela, arindu egiten ziotela jauregiko itxikeria eta isolamendua.

Yolanda Arrietari kazeta honetan oraintsu irakurri diogu haurrak eta haien nagusiak hizkuntzaren alde sentsorialetik sartzen direla literaturaren etxera: «Kikura-mikura lankirikon, xikula-mirula ukalakon, ikula-mirula lankirikon, xikula-mirula unkalakon, ikula-mikula lakirikon, xikula-mikula ukalakon». Sartzen direla, bai, baldin eta antzeko hitz jokoekin hipnotizatzen baditugu, baina idazlearen esanetan «irakasle gazteek eskoletan ez dituzte ulertzen ahozko herri literaturaren irudiak: saltoak, egiturak, metaforak, errimak… Sinbologia aldetik, aldaketa handi baten aurrean gaude, baina labar bat da. Krak bat».

Beñat Sarasolari, berripaper honetan ere, oraindik orain irakurri diogu: «Oteizaren moduan esateko, heziketan gabezia estetiko handiak ditugu. Jende askok ez daki zein alde dagoen testu literario eta ez-literario baten artean»

Antonio Muñoz Molinari Plenilunio nobelan irakurri genion: «Irakasteak dagoeneko ez nau ilusionatzen, ez dut indarrik, eta, gainera, ez dira garairik onenak lan hori egiteko. Tamalgarria da, zurekin irakurtzen eta idazten ikasi zuten haurrak, nola hazi eta, batez ere, nola zabartu diren ikustea, zeinen azkar galdu duten irudimena eta grazia, zeinen azkar egin diren nagusi eta zakar».

Hona hemen, laburbildurik, eskoletan, irakasle eskoletan, hezkuntzan dauden gabezia horien ondorioak. Eta, beharbada horregatik guztiagatik, Pinotxorekin gogoratzen ahal gara, eta zurezko panpinak nola erabaki zuen, behin batez, Jostailuen Erresumara joatea, izan ere han ez baitzegoen ez eskolarik, ez maisu-maistrarik, ez libururik; izan ere han sekula ez baitzegoen ikasi beharrik, izan ere han ostegunetan ez baitzegoen eskolarik eta, Jostailuen Erresuman, asteak, sei ostegun eta igandea baitzituen…

Gabeziak hor daude, baita itxikeria eta aire kirastua ere, baina leihoak zabaltzeko aukerak ere bai. Eta leihoak zabaltzen direlako frogak asko eta askotarikoak dira. Euskal idazleok horretaz jabetzen gara titiriteroen pare eskolaz eskola gabiltzan sasoi honetan —aspaldiko partez, Nafarroan barne!—, eta hainbat maistra, zenbait maisu saiatzen ari direla, Antonio Rodriguez Almodovarren hitzetan adieraztearren, informazio literarioaren ordez —edo batera—, hezkuntza estetikoa lantzen, poesia bilatzen, leihoak parez pare zabaltzen.

John Steinbecki Zeruko belardiak lana irakurri geniolako dugu Miss Morgan andereñoaren berri, eta hark nola lortu zuen ikasle guztien maitasuna eskuratzea: «Arratsaldero, ordu erdiz, irakurri egiten zien. Zatika, Ivanhoe edo Talismana irakurri zizkien, edota Itsas Otsoa eta Oihanaren Deia…, ez ume ipuinak, oilo gorri txikia eta azeria eta antzarrari buruzkoak, baizik eta helduentzako istorio interesgarriak».

Gabriel Garcia Marquezi ere honakoa irakurri genion: «Begirune handia, maitasun handia diot irakasle lanari, eta horrexegatik mingarria zait irakasleak, hezkuntza sistemaren biktima izaki, tontakeriak esaten ikustea. Sekula ezin izango dut ahantzi bost urterekin irakurtzen irakatsi zidan maistra. Hark irakurri zizkigun poemek betiko usteldu zidaten arima. Batxilergoan ere halakoxe maisu bat izan nuen, apala, zuhurra, liburu ederren labirintoan interpretazio burutsurik gabe gidatzen gintuena. Ikasketa horren bidez ikasleok parte hartze pertsonalagoa eta libreagoa genuen poesiaren prodigioan...».