Egun on, Pedro:
HEOCak dioenetik abiatuko naiz
zuri erantzuteko. Helduen euskalduntzea ikaslearen komunikazio-gaitasuna
garatzera bideratuko dela dio HEOCak, eta xede du gaitasun komunikatiboan
sakontzea. Alegia, hiztuna, hizkuntza-erabiltzailea. Horretarako, erreferentziazko
sei maila jakinetara biltzen du HEOCak komunikazio-gaitasuna, adierazle
esanguratsuetan zehaztuta: testuingurua, komunikazio-jarduerak, estrategiak,
gaitasunak, prozesuak, testuak eta jarduerak. Halaber, elkarreragin
soziodiskurtsiboa hartzen du ardatz, hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboa
oinarri, eta ekintza komunikatibotan dator definitua. Oinarrian dagoen arrazoia
xumea da: hizkuntzak ikastea enuntziatuak eraikitzen ikastea da.
Hizkuntza erabileraz hitz
egitean, ekintzaz ari gara: testuinguru jakin batean, eta bertako praxiari
erantzunez, pertsonen artean gauzatzen diren enuntziatuaz. Testuinguruaren
baldintzak eta ezaugarriak biltzen dituzte erabilera horiek; ez bakarrik
gaiagatik edota hizkuntza baliabideengatik, baizik eta, nagusiki, egituragatik.
Izan ere, egitura jakinak eta nahiko egonkorrak dituzten testu generoak
baliatzen dituzte pertsona horiek adierazi nahi dutena azaltzeko, eta enuntziatu
horietan oinarrituta, ulertzen eta sortzen dituzte praxi-eremu jakin horri
dagozkion enuntziatuak, horretarako egokien irizten dieten estrategiak erabiliz.
Ekintza komunikatiboaren
ekoizpena da enuntziatua, diskurtsoaren katabegia. Eskainitako egoerari
erantzutera dator, eta ez dago bereizterik, erantzuna den horretan, barrutik eta
kanpotik --forma eta esanahia-- zehazten duten aurrez adierazitako katabegietatik.
Bestalde, gizarte-praxia den heinean, kateamendu horretan erantzun-erreakzioak
eta oihartzun dialogikoak sortuko ditu, besteak beste, enuntziatarioak ez
direlako elementu pasiboak, aktiboak baizik. Hain zuzen, horrexek ematen dio
enuntziatuari berezko ezaugarrietako bat: norabidea. Alegia, egile bat du eta
hartzaile bati dago zuzendua, azken honengan erreakzio bat, erantzun bat
lortzeko. Halabeharrez, testuinguru jakin batean kokatuko da ekintza
komunikatiboa, zerbaitek eraginda eta helburu bat lortzera bideratua. Alegia,
katabegia, kateamendua, katea. Katea diskurtsiboa.
Horrenbestez, planteamendu
komunikatiboaren arabera, benetako komunikazio-unitateek hartu dute tokia hizkuntzen
ikas-irakaskuntzan: enuntziatuak, ekintza komunikatiboak. Benetakoak, bloke
naturalak. Eguneroko praxian gizarte-ekintza arautzen dute, eta horrexegatik
dira, hain zuzen, hizkuntzaren ikas-irakaskuntzako abiapuntu eta helburu. Ez
unitate txikiagoak; ez hizkuntza formak. Izan ere, paradigma honetan, aldagai
eta osagai ditugu hainbat eduki -- testuinguruaren
ezaugarriak, gaiak, kultur erreferenteak, testu-generoak, hizkuntza-funtzioak,
adierazpide testualak...--, guztiak, betetzen duten funtzioaren arabera, gaitasun
komunikatiboa garatzera zuzenduak.
Sheila Estaire aipatzen duzu. Javier
Zanónekin batera idatzitako El diseño de
unidades didácticas en L2 mediante tareas: principios y desarrollo[i]
liburuan komunikazio-atazak eta ataza bideratzaileak bereizten ditu:
La definición de tarea comunicación puede
reconciliarse en las siguientes características: i) representativa de
procesos de comunicación de la vida real; ii) identificable como unidad de
actividad en el aula; iii) dirigida intencionalmente hacia el aprendizaje
del lenguaje; iv) diseñada con un objetivo, estructura y secuencia de trabajo,
y v) orientada a la consecución de un objetivo de manipulación de
información/significados.
Las «tareas posibilitadoras», en el otro extremo, son
las formadas por las actividades centradas en el desarrollo del dominio de los
contenidos necesarios para la realización de las tareas de comunicación. De
esta forma son fácilmente identificables como tareas-tipo de «presentación»,
«exploración», «explicación» y «discusión», «práctica y corrección», etc.,
de los diferentes bloques y tipos de contenidos a utilizar en las tareas de
comunicación.
Gramatika-edukien lanketari
begira, hiru dira, CAMPS[ii]en
hitzetan, kontuan izan beharreko puntuak:
- Jarduera metalinguistikoaren gaineko
hausnarketa, helburu nagusitzat hartuaz.
- Ikaskuntzarako erabiliko diren erreferentziazko
eredu linguistikoen ezaugarriak.
- Ikas-irakas jardueren oinarrizko ezaugarriak,
jarduera metalinguistikoa eta gramatika-kontzeptuak eraikitzea ahalbidetuko
dutenak.
Alegia, hizkuntza bera behaketa-,
azterketa- eta hausnarketagai izatea. Ez helburu. Izan ere, hitz egiten ikastean ez dugu hizkuntzaren
kodea edo gramatika bakarrik ikasten, baizik
eta egoera komunikatibo batean, partaideen harreman-maila kontuan izanik, enuntziatu
ezberdinak ekoizten ikasten dugu, lortu
nahi den helburua, elkarrekintzaren tonua, erabiliko den kanala, eta
gizarte-praxi hori erregulatzen duen araudiaren arabera. Hau da, ez da bakarrik
esaldi zuzenak osatzen ikastea, baizik eta jakitea hurkoari zer esan, noiz eta
nola esan; eta, hori bezain garrantzitsua dena: zer eta noiz isildu. Esan
daiteke ezagutza linguistikoa (hizkuntzaren egitura formalaren ezagutza bezala
ulertuta) beharrezko baldintza dela, baina ez nahikoa hizkuntza erabilerak
hobetzeko. Horrela, behaketa-, azterketa- eta hausnarketagai izanik, laguntza
bilakatzen da gramatika, bitartekoa, euskarri.
Edukien lanketa eta errepasoa? Planteamendu horrek gehiago du,
oinarrian, izaera konduktistatik proposamen soziodiskurtsibotik baino. Haatik,
horrek ez du esan nahi horrela ikasiko ez denik, besteak beste, urteetako
ikuspegia izan delako,
Azalpena -> Praktika kontrolatua -> Praktika askea
edo, beste era batera esanda,
Praktika mekanikoa -> Praktika esanahiduna -> Praktika
komunikatiboa
Proposamena ekoizpenean ardazten
baldin bada ere, ez hizkuntza erabileran, badu bere arazotxoa: ez da, ez
esanahiduna, ezta komunikatiboa ere. Izan ere, testuingururik gabe, ez darama ez
adierarik, ez zentzurik.
Horretaz gain, kontuan izan behar
da esaldia izan dela urteetan gramatika-edukien unitate eta euskarri, baina ez dago
esaldiak adierazi nahi duenera iristerik testuinguruari erreparatzen ez bazaio;
honek eskaintzen baitio zentzua eta aitortzen
adiera. Esaterako, "Hau zortea, nirea!” --loteria tokatu zait--, edota
"Hau zortea, nirea!” --minbizia dudala esan didate. Horregatik, indarrean dagoen
HEOCak gramatika-edukiak enuntziatuen baitan landuko direla proposatzen du;
alegia, gramatika-edukien alderdi morfologikoak, sintaktikoak, semantikoak eta
pragmatikoak hartuko direla kontuan. Esaldia testuingururik gabe, neutroa
baita, adierarik gabea, noiz eta proposamena forma eta esanahia lotzea denean,
zentzua eta adiera ematea. Haatik, oinarrian ez dago gramatikaren lanketa
esplizitua ezabatzea, baizik eta ekoizpen-jardueretan txertatzea, ikas-irakaskuntza
komunikatiboa eta esanguratsua kaltetu gabe.
Baina, "ikasleak gramatikaren eskean etortzen zaizkigu maiz; eta ez bakarrik
unitateko edo ekintzarako behar dituenak baizik eta mailako eduki solteak
ziurtatze aldera, testuinguruitik kanpo eta helburuaz haratago?” Zilegi da
eskaera (ikus eranskina). Baina harritzekoa? Pentsatu besterik ez dugu egin
behar zenbat urtetan balioetsi den/dugun gramatika trebetasunen kaltean; zer
estrategia baliatu izan den/dugun ikaslea mailakatzean; zer hautetsi izan den/dugun klasea hastean;
zer proportziotan landu diren/ditugun gramatika-edukiak eta trebetasunak... Hezkuntza formalean zein gurean. Urteetako balio-aukerak
izan dira, ikasleriarengan sustraitu
direnak. Morfologia eta sintaxia landu izan dira, nagusiki, hizkuntza
erabileratik aske, loturarik izango ez balute bezala. Dibortziatuta.
Erreferentzia bibliografikoa:
- [i] Estaire, S.; Zanón, J. (1990): Comunicación, lenguaje, y educación, 7-8 aldizkarian, 1990, 55-90
or.
-
[ii]
CAMPS, Anna (2014): Hacia una renovación
de la enseñanza de la gramática. Lenguaje y Textos, 40, 7-18 or.