Iréne Némirovsky, idazle Ukraniarraren eleberri hau ere itzuli du Mikel Garmendiak Joxe Antonio Sarasolarekin batera. Izenburuak berak dioen bezala SUITE bat da, musika arloan erabiltzen den esanahiarekin. Itxuran zerikusirik ez duten imaginak ikustarazten ditu bukaeran guztiekin bat egiteko. Kasu honetan Frantzian bigarren mundu gerrako Irudiak transmititzen ditu, egoerak deskribatzen, sentimentuak azalaratzen... baina gizaki oso desberdinen ikuspegietatik ematen ditu, haien bizi esperientziak kontuan izanik, haien pentsaera, kultura eta ohiturak kontuan hartuz...eta bi zatitan ematen ditu irudiok, EKAITZA eta DOLCE, pentsa liteke zergatik, ezta? Lehen zatia nekagarria izan liteke momentu batean, baina orduantxe sartzen da Dolce zatian eta jira handia ematen du kontaketak. Pertsonaietako batek dioen bezala "Gauza jakina da gizakia konplexua dela, aldakorra eta kontraesanez eta ezustekoz betea, baina hori ikusi ahal izateko beharrezkoak dira gerrak edo iraultza larriak."
Gauzatxo bitxi bat ere badago komentatzeko. Iréne Nemirovsky idazleak Ukraniarra izan arren euskaraz ere bazekien.Uda guztietan Hendaiara etortzen zen udatiar bere familiarekin eta bertan, zaintzaile batekin ikasi zuen euskara.