Irakurri albistea, eta erantzun galderei, kideekin hitz egiteko ikasgelan. Ondoren, bilatu albisteren bat beste kiroletan gertatzen denaren berri ematen duena.
EMAKUMEEK GIZONEK BESTE IRABAZIKO DUTE NORVEGIAKO FUTBOL-SELEKZIOAN
GIZONEZKOEK BEREN SOLDATAREN ZATI BAT EMANGO DUTE EMAKUMEENA IGO DEZATEN
Norvegiako futbol-federazioak eta gizonezkoen selekzioko futbolariek gola sartu dute genero-berdintasunaren alde; izan ere, federazioak eta gizonezko futbolarien elkarteak sinatutako akordio bati esker, emakumezkoek soldata bera izango
dute selekzioan jokatzeagatik. Emakume futbolariek bikoiztu egingo dituzte urteko irabaziak: funts orokorra, 330.000 €-koa barik, 640.000 eurokoa izango da. Kopuru horren barne daude gizonezkoek utziko dituzten 58.000 €-ak.
Caroline Graham Hanse futbolariak honela adierazi du bere poza: “Urrats hau ez da ezer izango zuentzat; seguruena, igarri ere ez duzue egingo zuen poltsikoetan. Baina guretzat dena da”. Norvegiako selekzioan jokatzen du, halaber, FIFAren
Urrezko Baloia jaso duen lehen emakumeak: Ada Hegerberg.
Norvegiako emakumeen selekzioak Munduko Txapelketa bat, bi Eurokopa eta urrezko domina ere irabazi du, behin, Olinpiar Jokoetan; gaur egun, munduko 14. selekzioa da FIFAren sailkapenean. Gizonezkoek, ostera, hiru munduko txapelketatan
eta Eurokopa batean baino ez dute parte hartu: 72.ak dira. Danimarkan ere antzeko egoera bizi zuten: gizonezko futbolariek beren soldataren zati bat eman zuten soldata-arrakala desagerrarazteko.
Danimarkako emakumeek uko egin zioten lagunarteko partida bat jokatzeari, gizonezkoekiko bazterketa salatzeko. Simon Kjaer gizonezkoen selekzioko kapitainaren laguntza izan dute aldarrikapenean; jokalari horren arabera, zenbat eta batuago
egon, orduan eta errazagoa izango da eskubide eta akordio berak lortzea emakume eta gizonentzat.
|