Aukeratu opor-mota
Osaketaren baldintzak
Aukeratu oporretara joateko nahitaez eraman beharreko 5 gauzak, eta eman haien berri.
Turismo-motak
Irakurri turismo-motei buruzko Wikipediako artikulua, eta aukeratu hurrengo bidaia egiteko aproposena.
Turismoaren geografia
Mundu zabaleko jarduera da turismoa, baina aldi berean joerak eta kontzentrazio-eremuak erakusten dituena, jendeak turismoa egiteko erakusten dituen asmoak eta gogoak zein diren. Asmo eta gogo hauen zerrenda bat da honako hau:
- Eguzki-hondartza turismoa, asmoa kostaldean atseden hartzea besterik ez denean, gauean jai eta bestelako erakargarriekin uztartu ohi dena. Klima epel eta eguzkitsuaren mendean dagoen turismoa da eta horregatik udan garatzen da gehien bat. Toki asko turismo-mota honetan berezitu dira, kostaldeetako ingurunean eragin txikitzaileekin kasu askotan, gainera, herriak etxe orratzez josiz edo hondartza ondoko eremu naturalak hondatuz. Adibide garbiak Alacanteko Benidorm herria da edo Balear Uharteak eta Kanariak Espainian. Munduan zehar, Karibeko kostaldeak (Punta Cana, Riviera Maya, ...), Mediterraneoko kostaldeak, Indiar eta Pazifiko ozeanoetako uharte eta kostaldeak (Seychelles, Polinesia, Thailandiako kostaldea, Kaliforniako kostaldea, Brasilgo kostaldeak edo hegoalderago Uruguayko Punta del Este dira [15].
- Gertakari handiekin lotutako turismoa, non turista gertakariaren ikusle edo partaide zuzena izatea bilatzen duen. Adibidez, lau urtero ospatzen diren Olinpiar Jokoak ikusteko egiten den turismoa aipa daiteke; Formula 1 lasterketak eta futbol-txapelketarako finalek zaletu asko erakartzen dituzte partidua ospatzen den hirira, azken hauek ordu bakan batzuetako turismoa bakarrik izaten badira ere. Euskal Herritik urtero milaka zaletu (eta aldi berean, turista) abiatzen dira Frantziako Tourra osatzen duten etapak ikustera. Lau urtero hiri ezberdinetan ospatzen den Expo erakusketak ere turista asko erakartzen ditu.
- Aisialdi-turismoa, helburu nagusia libertitzea denean. Adibide gisa, parke tematikoak aipa daitezke, batez ere haurrei zuzendutakoak: Nafarroako Sendaviva parkea, Kataluniako PortAventura eta Disneyland Paris parkea Parisen, esaterako. Atal honetan bil daitezke baita ere, Iruñeko Sanferminak jai herrikoiak edo Eivissako diskoteka-giroaz gozatzera doazen gazteak. Aisialdi-turismoaren modalitate berezi bat kruzero-turismoa da, bidaiari-ontzietan garatzen dena, bertan atsedena hartzeaz gainera, aisialdi-jarduerak ere biltzen dituena, hiriz hiri eskalak egiten diren bitartean. Arlo honetan hirugarren adinekoentzako turismo izenekoa ere sortu da: adibidez, Benidorm eguzki-hondartza toki izateaz gainera, agureentzako aisialdi-turismoa eskaintzen duen toki moduan ere ezaguna da, agureentzako dantzaldiak eta bestelako jarduerak eskainiz. Naturan burutzen diren kirol, abentura eta bestelako jarduerek (rafting, hipika, ...) turismo aktibo izena hartzen dute eta kategoria honetan bil daitezke.
- Negozio-turismoa edo kongresu eta feria-kongresua, enpresa ezberdinetako langileak biltzen direnean produktuak erakutsi, elkar ezagutu edo harremanak finkatzeko asmoz edota ezagutza partekatzeko aitzakiarekin mundu akademikoko jendea hiri batean bildu egiten den. Adibide gisa, Pariseko Nekazaritzaren Nazioarteko Aretoa urteroko feria eta Frankfurteko Liburu Azoka aipa daitezke. Zientzialari eta jakintsuen biltzarrak ere ospatu ohi dira han eta hemen. Hainbat unibertsitatek antolatzen dituzten udako ikastaroak ere turismo-mota honen barnean koka daitezke. Hirietan biltzen den turismo-mota bat da eta egoitza gisa kongresu-jauregiak edo bestelako eraikin nabarmenak izaten dituzte.
- Osasun-turismoa, non helburu nagusia osasunerako tratamenduak jasotzea den. Adibide gisa, azken boladan ugaldu diren bainutegi eta spa izenekoak dira.
- Erosketa-turismoa, asmoa bizitokian aurkitzen ez diren produktu bereziak edo produktuak merkeago erostea denean. Adibidez, Hego Euskal Herrira mugaz bestaldeko jendea etorri ohi da tabakoa eta erregaiak erostera, Frantzian baino merkeago baitira. Bada jendea New York edo beste hiri batzuetara joan ohi dena hemen aurkitzen ez diren produktuak erosteko. Turismo mota honi shopping ere deritzo (ingelesezko shop edo denda hitzetik).
- Erlijio-turismoa. Adibide garbiena Mekara joaten diren milaka erromes musulmanak dira; Done Jakue bidea egiten dutenak dira beste adibide bat[16] edo, Euskal Herritik gertu, Lurdesera erromes edo bisitan joaten direnak.
- Turismo exotikoa beste lurraldeak eta jendeak ezagutzeko gogoz egiten den turismo-mota da. Turismo honen barnean, sailkapen hau egin daiteke:
- beste kulturak ezagutzea; adibidez, txinatarren kultura interesgarri izan dakiguke euskaldunoi, bertako bizimodua eta ohiturak oso bereiziak baitira; aldi berean, atzerritarrek euskaldunon jaiak bizi eta euskal gastronomia ezagutzeko irrikitan etorri ohi dira bisitan;
- historia eta artea ardatz nagusi dituen turismo kulturala. Turismo mota honen adibide garbi bat Italia eta Grezian egiten dena da, herri hizkerako harriak edo monumentu eta aztarna arkeologikoak ikusteko. Museoak ere turismo mota honetako helburu izaten dira. Munduan, adibidez, famatua da Paris Louvre museoa.
- ingurumena; natura aldetik munduko eskualde ikusgarriak bisitatzea da askoren gogoa, adibidez Pirinioak edo Saharako basamortua; beste batzuetan tokiko fauna eta landaredia dira turismoa egiteko arrazoia nagusiak, Afrikako fauna bertan ikusteko Kenyara joaten denean, esaterako). Parke naturalak ere turista hauen helmuga izaten da. Turismo mota honetan sailka daiteke baita ere abentura-turismoa, ingurumenaren gertutasunaz gainera, arriskuaren lilura ere bilatzen duena.
- Familia eta lagunei bisita egitea, etorkinen artean arrunta den turismo-mota da. Adibidez, ohikoa Euskal Herrian bizi diren hegoamerikarrak euren familiak ikusteko oporrak aprobetxatzea; halaber, uda hasieran eta bukaeran sarri ikusten dira Euskal Herriko errepideetan Europako iparraldean lanean ari diren magrebtar etorkinen automobilak behera eta gora, Afrikako euren jaioterrietara bidean. Turismo mota honek garrantzi ekonomiko txikiagoa du, ordea, turistak familiaren edo lagunen etxeetan egiten baitute lo, hoteletan gasturik egin gabe. Askotan, gainera, beste tokietara joateko diru nahikorik ez duenean, jendeak erabiltzen duen turismo-mota da.
Kategorizazio zehatzagoa ere osa daiteke, arrisku-turismoa, turismo erotikoa (Kuba eta Brasil dira horretarako helbide ezagunak), abentura-turismoa eta abar.