"Portfolio digitala" ikastaroak ikas-irakaskuntzako gaitasun digitala garatzen eta hobetzen lagunduko du. Ikastaroak, batez ere, gaitasun digitalari dagozkion ondorengo alorrak landuko ditu: Informazioa, informazio alfabetatzea eta datuen tratamendua, Komunikazioa eta lankidetza, Eduki digitalaren sorkuntza eta Arazoen ebazpena.
Frantsesezko portefeuille hitzetik eratorria, portfolioa eskuzorro moduko bat da, paperak, dokumentuak, liburuak eta antzeko gauzak eramateko erabiltzen dena. Azken batean, pertsona baten ibilbidea edo jarduna erakusten duten lanen bilduma bat.
Hezkuntza-testuinguruetan, portfolioa ikasleari irakaskuntzan egiten dituen ahaleginak eta emaitzak modu objektiboan dokumentatzeko eta erakusteko aukera ematen dion tresna da. Bertan, ikasleak, hausnarketa-prozesu baten bidez, jardueren kantitatea eta kalitatea deskribatzeko eta aztertzeko modua dauka, eta bere ondorioak babesten ditu dokumentu eta materialekin.
Azken urteotan, portfolio digitalak interes handia piztu du hezkuntza-teknologiaren arloan. Portfolio digital edo ePortfolio gisa izendatu ohi dira literaturan.
Ikastaro honetan, portfolioa irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako metodologia gisa aztertuko dugu, ikasleak portfolio digitalak gara ditzan tresna irekiak ezagutuko ditugu eta Moodle plataforman oinarritutako irakaskuntzarako portfolio digitala osatuko dugu; betiere, ikaslea bere ikaskuntza-ibilbidearen jabe bihurtzeko ahaleginean emaitza didaktiko hobeak lortzeko.
Ikastaroak, egun erabiltzen diren ikas-materialen azterketatik abiatuta, horiek gaur egungo HABEko curriculumaren ikuspegi komunikatiboarekin koherenteak izateko irizpideak hausnartu eta aplikatzeko bideak erakutsi nahi ditu.
Ikastaro honetan ahozko eta idatzizko testuen ekoizpena irakasteko sekuentzia didaktikoen diseinua landuko da. HEOCari jarraituta, ikuspegi komunikatiboa eta ekintza-ikuspegia hartuko dira ardatz, eta testu-generoetan oinarritutako hizkuntzen didaktikaren oinarrietan jarriko da arreta. Langai izango dira testuen eta testu-generoen definizioak eta karakterizazioak, testuen arkitektura, testu-generoen eredu didaktikoa eta sekuentzia didaktikoak. Irakasleek ahozko/idatzizko testuen ekoizpena lantzeko sekuentzia didaktikoen elementu batzuk diseinatuko dituzte ikastaroan zehar. Sekuentzia didaktiko horien diseinuan, arreta berezia eskainiko zaie irakasleak ekintza komunikatiboa bideratzeko sortutako kontsignan ezarri diren komunikazio parametroei; hau da, ikaslearen hizkuntza-ekoizpena bideratzeko sortutako komunikazio-ekintzaren baldintza komunikatiboei.
Ikastaro honen bitartez jendaurrean hitz egiteko trebetasuna eta ziurtasuna garatuko da. AEKko kideek azaldutako beharrak ikusita, bi gai jorratuko dira nagusiki. Alde batetik, beldurrak identifikatu eta aztertuko dira, beldur horiei aurre egiteko teknikak praktikan jarriz. Bestetik, diskurtsoaren osaketan jarriko da arreta: nondik hasi ideiak josten, nola egituratu, zer hartu eta zer baztertu. Metodologia parte-hartzezkoa izango da, teoria, talde-hausnarketa eta praktika uztartuz.
Ikastaroa planteatuta dago C2n hasi berriak diren irakasleentzat edo, C2 agiridunak izan arren, C2ko eskolak ematen hasi gabeentzat. Ikastaroaren helburu nagusia da irakasle horiek C2ko eskolak emateko prestatzea.