2024-2025 ikasturtean abiatu zen INGURA, euskara online ikasteko ingurune digitala. Ikasturte honetan A1 maila eskaini da osorik, eta euskaltegi, autoikaskuntza-zentro zein erakunde batzuetan hasi dira ingurune hau erabiltzen. Aurreikusita dago 2025-2026 ikasturtean A2 maila ere osorik eskaintzea. Hori dela eta, HABEk bi prestakuntza-saio antolatu ditu INGURA erabiliko duten irakasle zein kudeatzaileei begira.
Ikastaro honen helburu nagusia da gatazkei buruz hitz egitea. Gatazkak ezinbestean gertatzen direnez, gatazka-motak ezagutzea eta gatazka baten aurrean har daitezkeen jarrerak zeintzuk diren jakitea; gatazkaren bat eta horrek sortzen dituen emozioak kudeatzeko eman beharreko urratsak zeintzuk diren ikastea.
Moodle plataforman erraztasunez aritzeko ikastaroa da hau. Edozein ikasteredutarako baliagarria. Plataformari beldurra kendu, ezagun bihurtu, erabilpen-esperientzia hobetu eta eskaintzen dituen tresna batzuen aurkezpen-lanketa egingo da: elkarreragina sustatzeko (foroak, glosategiak, wikiak), komunikazioa errazteko (mezularia), edukien lanketa eta aurkezpenerako (liburua, galdetegiak, zereginak, H5P) eta ebaluaziorako eta ikaslearen monitorizaziorako (kalifikazio-liburua, jarduera osaketa). Baita motibazioa bultzatzeko ere (dominak, txostenak). Gainera, Moodletik kanpoko tresnak txertatzeko aukerak aztertuko ditugu. Azkenik, audio eta bideo formatuen oinarrizko edizioa landuko dugu.
Ikastaroa parte-hartzaileei aldi baterako laguntza-estrategiak emateko diseinatuta dago, ikasleek aukera izan dezaten euskaraz duten gaitasunetik abiatuta (erabateko hasiberriak barne) xede-hizkuntzan autonomia eta hizkuntzaren jariotasun handiagoa lortzeko modu eraginkorragoan. Ikastaroak teoria eta praktika eskaintzen ditu, eta ikasitakoa beren testuinguruetan aplikatzeko aukera ematen die irakasleei. Ikaskuntza pertsonalizatzea eta metodologiak komunikazio-jardueretara egokitzea ditu helburu, eta ikastaroa erabilgarria da beren gaitasun pedagogikoak eguneratu eta ikasleen potentziala hizkuntzen ikaskuntzan maximizatu nahi duten irakasleentzat.
Ikastaro hau euskara-eskoletan bitartekotza nola txertatu (bai irakas-, bai ebaluazio-prozesuetan) aztertu nahi duten irakasleei dago zuzenduta, eta komunikazio-modu horrek euskararen irakaskuntzarako dituen aukerak aztertuko dira bertan. Era berean, euskara-eskoletan bitartekotza lantzen hasita dauden irakasleen gaitasun didaktikoetan ere sakondu nahi da. Ikastaroa bitartekotzaren ikas-irakas prozesuetan ardaztuko da, baita ebaluazio formatiboaren prozesuetan ere, eta EEMBaren komunikagaitasun-maila guztietan. Azkenik, bitartekotza ebaluazio-prozesu egiaztatzaileetan nola txertatu ere aztertuko da, 2024an C2 maila egiaztatzeko azterketetan txertatu baitu HABEk, eta arreta berezia jarriko da B2-C1 mailetan.
Ikastaro honetan, Moodle ikasgelari ahalik eta etekin handiena nola atera ikusiko dugu: modu praktiko eta progresiboan, eta jardun biko eredurako hizkuntza-ikastaro erakargarri eta dinamiko bat diseinatzen joango gara. Alderdi asinkronoa (Moodle gelan dagoena) eta alde sinkronoa (aurrez aurreko gelan) hizkuntzen irakaskuntzan nola konbinatu ikasiko dugu adibide praktikoekin.
Ahoskeraren eta prosodiaren oinarrizko kontzeptuetan bat etorrita, euskaltegietako ECPetan agerrarazi eta eguneroko ataza eta jardueretan landu eta ebaluatzeko proposamena egingo da. Praktikarako jarduera ugari emango dira aditzera, baita etorkizunerako erronkak ere.
Deirdre Barry-Murphy adituak "Una introducción a la enseñanza semipresencial: cómo conectar dos mundos (Jardun biko irakaskuntza: nola konektatu bi mundu)" web-mintegia eskainiko du gaztelaniaz, HABEk antolatuta.