Zer egin dokumentuak eskuratzeko? Informazio-iturriak eta dokumentu-hornitzaileak

Argitaratua: mardi 28 avril 2020, 13:01
HABE liburutegia

Begibistakoa da komunitate zientifikoaren eremuan informazio-unitatea liburutik artikulura pasatu dela azken hamarkadetan. Informazio-uholdea esponentzialki biderkatzen joan den neurrian, kontsumitzeko dosiak txikiagoak bihurtu dira. Izan ere, lehen, besterik ezean, liburu teknikoak goitik behera irakurri eta kontsultatzen ziren. Orain, ez; orain, liburuetako atalak eta, gehienbat, aldizkari teknikoetako artikuluak irakurtzen dira; eta, jakina, Interneten aurkitu daitekeen denetariko informazioa. Gainera, eremu teknikoetako liburu asko eta asko, egile bat, bi edo hiruren artean idatzitakoak izan beharrean, egile ezberdinek idatzitako artikuluz osatzen diren liburu konpilatuak dira eta, horrela, artikuluek aldizkarietako mugak gainditu eta liburuen eremuan ere nagusitu egin direla esan dezakegu.

Horren ondorio zuzena hauxe da: biblioteka espezializatuetan (eta unibertsitateetakoetan, noski) artikuluen dantza askoz ere handiagoa da liburuen mailegu kopurua baino. Artikuluen eskaria nagusitzen da diferentzia handiz. Gainera, artikuluak gaur egun modu digitalean kudeatzen direnez, horrek arintasunerako aukera ematen du, dena modu telematikoan bideratuz: eskaria epostaz jaso, artikulua lokalizatu eta jaitsi ondoren (edo txarrenean, eskaneatu ondoren) epostaz bidaltzen zaio eskatzaileari. Hau da gaur egungo biblioteka espezializatuetako jardunik nagusiena.

Biblioteketako katalogoetan ez da aldizkarietako eta liburu konpilatuetako artikuluen informazioa agertzen, liburutegietan ez baita hustuketa hori egiten. Artikuluetako informazio xehe hori datu-baseetan aurkitu daiteke. Argitaletxe komertzial handien datu-baseak alde batera utzita, gure inguruan bi datu-base edo tresna nagusi ditugu artikulu zientifikoen bila gabiltzala: Inguma eta Dialnet.

Inguma. Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea

Wikipediako sarrera hartzen badugu, hau irakurriko dugu: “Inguma euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. Datu-baseak euskara batuaren garaian unibertsitate mailan euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen du. Argitalpenak, hitzaldiak, ikastaroak, tesiak eta irakasgaiak biltzen ditu”. Gaur-gaurkoz, 16.398 artikulu, 2.605 liburu, 11.620 egileren erreferentziak biltzen ditu.

Dialnet

Dialnet Espaniar Estatuko eta Iberoameriketako ekoizpen zientifikoa biltzen duen datu-base erraldoi bat da, Europan handiena. Baliabide dokumental ugari kudeatzen ditu: aldizkarietako artikuluak, liburu konpilatuetako artikuluak, aldizkariak, liburuak, biltzarretako aktak, tesiak... Kopuruak oso handiak dira: 10. 746 aldizkari, 7.017.002 dokumentu, 263.550 tesi, 2.178.779 erabiltzaile...

Bilaketak egiteko eta intereseko informazioa topatzeko oso tresna praktikoak dira Inguma zein Dialnet. Exhaustiboak dira eta sistematikoki eguneratzen dituzte datuak. Bakoitzak finkatu duen eremuaren baitan, informazio-iturri apartak direla esan genezake. Gainera, irekian dauden dokumentuen kasuan, testu osora iristeko URLa eskaintzen dute. Baina jakina, hori oraindik portzentaje txiki batean soilik gertatzen da.

Eta hemen sartzen gara dokumentuak eskuratzeko bigarren partean: behin dakigunean zein artikulua gustatuko litzaigukeen irakurtzea, zer egin artikulua eskuratzeko?

Unibertsitateetako bibliotekek soilik unibertsitateko ikasle-irakasleen eskariak bideratzen dituzte, ez ordea unibertsitatean ez dauden profesionalenak edo gainerako herritarrenak. Bestalde, liburutegi publikoak (udal, diputazio...) orokorregiak dira gaiaren aldetik eta ez dute alor espezializatuetako dokumenturik izaten. Biblioteka publiko espezializatuok gara egiteko hori kudeatu eta bideratzen dugunak, bakoitza bere espezialitatearen eremuan.

HABE Liburutegiak, publikoa eta espezializatua izanik, euskararen didaktika eta, oro har, bigarren hizkuntzen didaktikaren alorreko* dokumentazioaren bila dabilenari zerbitzu telematikoak eskaintzen dizkio, nor bere etxe edo bulegotik, dokumentuak eskatu eta jasotzeko zerbitzua, alegia. Beraz, Liburutegiko espezializazio eremuko erreferentziaren bat interesatuz gero, bertara jotzea dago. Zerbitzu hori jasotzeko baldintza bakarra da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko edozein liburutegitan bazkidetuta egotea. Edo, bestela, momentu horretan bazkidetzea. Zerbitzua baliatzeko idatzi helbide honetara: liburutegi@habe.eus

Beste zerbitzu telematiko andana ere eskaintzen ditu HABE Liburutegiak. Bisitatu gure webgunea edo jarri gurekin harremanetan


*Hauxe da HABE Liburutegiaren espezializazio-eremua:

[Lehen lau jakintzagaietan nazioarteko produkzio zientifikoaren onena aukeratuz eta, azken bietan, ahalik eta exhaustibitate handienarekin dokumentuak bilduz.]

    1. Hizkuntzen didaktika (ama-hizkuntzarena, bigarren edo hirugarrenarena...)
    2. Soziolinguistika
    3. Psikolinguistika
    4. Hezkuntza elebiduna/eleanitza
    5. Euskarazko produkzioa
    6. Euskarari buruzkoa

Beste eduki interesgarriak

HABE liburutegia

HABE Liburutegia: hizkuntzen didaktikan eta eleaniztasunean espezializatua

Hasiera-hasieratik esku hartu du HABE liburutegiak Zutaben eta Hizpiden. Lehendabiziko zenbakietan, esaterako, jasotako liburuen zein aldizkarien aipamenak eta laburpenak ematen ziren argitara. Oraingoan, berriz, liburutegiaren gaur egungo egoera aurkeztuko da; bereziki, azken urteotan zabaldutako bide berriak azalduko dira, baita landutako egitasmoak ere, Hizpide aldizkariko irakurleen jakingarri izan dadin.
HABE Liburutegia

HABE Liburutegia: hizkuntzen ezagutzan eta ikasketan espezializatutako liburutegi publikoa

HABE Liburutegia hizkuntzen ezagutzan eta ikasketan espezializatutako liburutegi publikoa da. Eskaintzen duenaren berri emango dizugu labur-labur sarrera honetan.