TikTok batean euskarazko pilula bat

Publicado: jueves, 15 de septiembre de 2022, 09:18
Tik Tok

Azkenaldian TikTok modan dagoen sareko plataforma bat da, oso bideo laburrak ikuspegi informalarekin argitaratzeko eta zabaltzeko. Enpresabidea webgunean argitara emandako sarrera batean Alejandro Juez Latatu kazetari eta teknologian adituak adierazitakoaren arabera ("Sare sozialen jaun eta jabe bihurtzen?"), euskal gazteen artean ere erabilienetakoa da. Ikus-entzunezko genero berri bat sortu dela dirudi, eta plataforma txinatar horren bidez gazteek oso erraz sortzen dituzte bideo laburrak sarean formatu bertikalean eta modu informalean.

Lehendik ere badago bideo laburrak eskaintzeko beste webgune eta sare sozialik, esaterako Instagram, Youtube eta antzerakoak, baina TikTok-ak dakarren berritasuna da bakarrik eta esklusiboki bideo labur horietarako erabiltzea. TikTok plataforma berritzailearen erabiltzaileek TikToker izena dute, trebeak dira komunikatzen, eta hainbat gairi buruzko interesa dute eta horretan “aditu” bilakatzen dira: brikolajeko trikimailuak, sukaldaritza, moda, hezkuntza, fitnessa, besteak beste. Euskal tiktokerrak ere badira, eta euskarazko edukiak sortzen dituzte, hala nola “euskaratik euskarara” izeneko kanalean euskara-ikasle batek euskarazko pilulak ematen ditu minutu inguruko bideoetan.

L de Lengua podcastean plazaratutako elkarrizketa batean, LdeLengua 144 sobre el uso de TikTok en la clase de español, TikTok aplikazioak nola funtzionatzen duen azaldu dute Olivia Espejel, Pilar Concheiro eta Joan-Tomàs Pujolà irakasleek, sare sozial hori euren ikasgeletan txertatu baitute. Are; artikulu bat ere argitaratu dute Journal of Spanish Language Teaching aldizkarian berriki gaiaren inguruan. Aurreko paragrafoan azaldutako gaiez gain, horrelako jardueretan zer-nolako trebetasun eta edukiak landu daitezkeen ere adierazi dute. Plataforma hori multimodala da, eta testua erantsi dakioke irudiari. Inputa —eduki informatiboa— izateaz gain, outputa ere bada  —eduki sortzailea—, erabiltzaileak bere nortasun digitala sortzen baitu. Gaitasun linguistikoak nahiz digitalak gara ditzake sare sozial apurtzaile honen erabiltzaileak.

Hortaz, hizkuntzari buruzko TikTok-ak edo minutu inguruko bideo labur-laburrak daude plataforman, hizkuntza-eduki desberdinak pilula-formatuan (formatu txikian) modu informalean lantzeko, eta horrek ikasleen gustuekin eta interesekin konekta dezake, eta, horrela, motibazioa eta jarrera piztu. Horren harira, motibazioa eta jarrera emozioek aktibatzen dituztela dio Columbia University-ko irakasle eta doktore den Lorena Garcia Barrosok artikulu batean: Aprendiendo español al ritmo de Tik-Tok en el entorno virtual. Era berean, Nerea Mendizabalek ere HABErekin lankidetzan ekainean eman zuen ikastaroan esan zuen bezala, hizkuntza baten ikaskuntzan garrantzirik handiena alderdi emozionalak du. Horrekin loturik, "1202 - La afectividad en el aula de lenguas" ikastaroa eman zuen Maria Mendezek HABErekin lankidetzan iaz; e-Hizpiden ere bere artikulu bat argitaratu zen horren inguruan: "Learning by feeling: sentimenduen bidetik ikasi. Gerora gogoratuko diren jardueren diseinu eraginkorra, atzerriko hizkuntzen (AH) eskolan".

Hala, emozio positiboek ikaslearen ikaskuntza-prozesuan garrantzia handia dutenez, interesgarria izan liteke plataforma berri eta apurtzaile horren abantailetako bat baliatzea: giro ona lortzea taldean. Baina zenbait oztopo eta arrisku ere baditu eta horiek kontuan hartzea egoki litzateke. Alde batetik, ospe txarra dute sare sozialek ingurune akademikoan, eta bestetik, dena egiten du publiko TikTok erabiltzaile batek. Arazo horiek kontuan hartuta, kontu pribatu bat sor daiteke bideotxoak publiko ez egiteko eta soilik ikasgelan partekatzeko; halaber, zuzenean bideo labur horiek telefono mugikorretik ez igotzeko ordenagailuz nabigatzailea erabil daiteke, bestelako bideo-sortzaileen bidez (adib. Canvas) bideoak grabatu ondoren.

Azken batean, irakasle bakoitzak ikusi behar du zein ekarpen egiten dion bere ikasgelari, eta ez badu ekarpenik egiten, ez du merezi TikTok plataforma unitate didaktikoetan txertatzeko lana hartzea. Ikasleei ekarpenen bat egiten diela irizten badio irakasleak, ordea, arestian aipatutako podcastean eta hizlariek beraiek idatzitako artikuluan ematen dira hainbat argibide TikTok plataforma ikasgelan txertatzeko. Azken finean, ikasleek sortutako bideo labur horiek testuinguruan ongi jarri behar dira klaseko egitekoetan, eta irakasleek sortutako bideoetan ere azalpenak ongi jarri testuinguruan.


ERREFERENTZIAK

Espejel, O., Concheiro, P. eta Pujolá, J.T. (2022). TikTok en la enseñanza de español LE/L2: telecolaboración y competencia digital. Journal of Spanish Language Teaching, 9, 19-35. https://doi.org/10.1080/23247797.2022.2091843

Herrera, F. (esataria). (2022, maiatzak 10). LdeLengua 144 sobre el uso de TikTok en la clase de español. [Podcasta]. L de Lengua. https://eledelengua.com/ldelengua-144-sobre-el-uso-de-tiktok-en-la-clase-de-espanol/  

Garcia Barroso, L. (2020). Aprendiendo español al ritmo de Tik-Tok en el entorno virtual. Biblioteca ELE, Centro Virtual Cervantes. https://cvc.cervantes.es/ensenanza/biblioteca_ele/publicaciones_centros/PDF/delhi_2020/09_garcia-barroso.pdf.

Mostrar comentarios
  • basque school of barakamarga ibáñez - mié, 21 de sep de 2022, 20:21
    Artikulu bikaina, TikTok tresna on-ona iruditzen zait. Arretaz irakurriko dut hona ekarri duzun guztia. Merezi duela uste dut.
  • 2019anIñaki Murua - jue, 22 de sep de 2022, 09:02
    Marga (eta gainontzeko irakasleak ere bai): horren inguruko esperientziarik webgune honetan partekatu nahi baduzu(e), sarrera gisa edo...
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - mar, 11 de oct de 2022, 12:42
    5 arrazoi horiengatik merezi du TikTok erabiltzea ikasgelan, beharbada:
    1. Adostasuna– Bikaina da norbere ikasleekin konexio osagarriren bat baduzu.
    2. Luzera – Orain, 10 minutukoak izan daitezke Tik Tok bideoak, baina horietako asko 1-2 minutu ingurukoak dira.
    3. Edukia – YouTuben ohi denaz oso bestelakoak izan daitezkeen eduki-motak daude
    4. Hizkuntza-aniztasuna: bideo-gomendioak zein hizkuntzatan jaso nahiko zenituzkeen hauta ditzakezu, eta uste dut hori dela hizkuntzak ikasten ari den norbaitentzako ezaugarririk onena.
    5. Meme Potentziala – Memeen puntu nagusia errepikakorrak dira eta soilik testuinguru partikularretan erabiltzen dira.
  • basque school of barakamarga ibáñez - vie, 27 de oct de 2023, 23:06
    Agindu nizun eta badaukazu!!