Piztu eskukoa, hasi egingo da-eta eskola

Publicado: jueves, 7 de mayo de 2015, 09:05
hizpide 85

2004. urtean hasi zen lehen urratsak egiten web 2.0 deitu zitzaion hura. Artean ez baziren ere gero izango zirena, data horretatik aurrera agertu ziren gure bizitzan Wikipedia, Facebook, Twitter, YouTube, eta abar, eta matxinada bat etorri zen haiekin batera, web 2.0ren iraultza deituko zitzaiona, zeinak gizartearen beraren zinezko aldaketa ekarriko baitzuen, Interneten kontzeptua bera azpikoz gora jartzeaz gainera: informatzeko eta informatuak egoteko modu berriak; harremanak izateko era berriak; erosketak egiteko era berriak; erabakiak hartzeko modu berriak; ikasteko era berriak eta irakasteko era berriak…
Web 2.0 edo web soziala deituak harreman horizontalak ezartzen ditu erabiltzaileen artean, edukien ekoizle eta kontsumitzaile baitira aldi berean; sarea etengabeko elkarrizketa bilakatzen da, eta, hala, gizarte-sareek eta berorien gero eta indar handiagoak berdinen arteko trukeak erraztuko dituzte.