Zer egin dezaket nire testuak irisgarriagoak izateko?

Argitaratua: ostirala, 2024(e)ko martxoaren 1(e)an, 10:11(e)tan
Irisgarritasuna (logoa)

Ingurune digitala hain garrantzitsua den garai hauetan, oraindik ere kosta egiten da gure eguneroko edukiak irisgarriak izatea; dokumentu eta agiriak, sare sozialak, webguneak… Asmoz Fundazioak antolatutako Edukien irisgarritasuna ingurune digitaletan ikastaroan zenbait erakunderen webguneak aztertu ditugu eta ondorioa izan da eskasa dela sare sozialetako plataforma askoren irisgarritasun-maila.

Ikastaro horretan, premia bereziak dituzten pertsonen larruan jarri behar izan dugu eta testu ez-irisgarriek sortzen dizkieten arazoez jabetzeko aukera izan dugu, kasu praktikoen bidez. Esperientzia horien bidez, gauza askotaz ohartu gara: hasteko, txipa edo ikuskera aldatu beharra dugula eta norberak hainbat urrats txiki eman ditzakeela. Izan ere, argi dago, gizarte moduan aurrera egin nahi badugu, irisgarritasuna kontuan izatea ezinbestekoa dugula eta izango dugula. Eta zer egin dezakegu gure testuen irisgarritasuna hobetzeko?

Lehen pausoa izan daiteke Wordeko testu bat irisgarri nola egin ikastea eta hori praktikan jartzea. Jarraian dituzu ikastaro horretako jarraibide orokor batzuk:

  • Dokumentuari izenburu argia jarri eta letra-tamaina handia aukeratu.
  • Hizkuntza argi eta sinplea erabili; gai bat paragrafo bat.
  • Testuan letra-mota argia erabili, apaingarririk gabea; Arial, Verdana eta Open Sans motak dira irisgarrienak.
  • Testuaren letra-tamaina, gutxienez, 12 eta 14 puntu artekoa aukeratu.
  • Letra etzan, lodi eta azpimarratuak ekidin, baita, @, X eta antzeko zeinuak ere.
  • Testu eta irudien kolore mateak erabili, distirarik gabeak.
  • Testuaren eta orriaren koloreen artean nahiko kontraste utzi.
  • Testu horren hizkuntza/k zein d(ir)en zehaztu, Wordeko Berrikusi erlaitzeko Hizkuntza atalaren bidez.

Testuaren eta izenburuen hizkuntza aukeratzeko jarraibideak

  • Informazioa modu hierarkizatuan ordenatu. Izenburuei eta testuei dagokien estiloa zehaztu, Wordeko Etxea erlaitzeko Estiloen bidez. Bertan, estilo batzuk daude zehaztuta, eta, gure testuaren beharren arabera, estilo horiek aldatu edo egokitu ditzakegu.

Estiloa ezartzeko jarraibideak

  • Argazkiei beti Testu alternatiboa edo Ordezko testua gehitu, eskuineko botoiarekin Irudi formatua sakatuta, irudia ikusi ezin dutenen lagungarri. Ez sartu argazkirik testu barruan.

Ordezko testua edo testu alternatiboa jartzeko jarraibideak    

  • Ez konbinatu tauletako gelaxkak.
  • Behin testua osatu ondoren, Artxiboko Informazio atalera joan eta Egiaztatu erabilerraztasuna botoia sakatu. Bertan azalduko zaizu testua erabilterraza den edo hala izateko zer falta zaion.

Erabilterreza modua aplikatzeko jarraibideak


Erakutsi iruzkinak