"Metodología de la investigación en la enseñanza-aprendizaje del español como segunda lengua (L2) / lengua extranjera (LE)" liburuaz (Santos Gargallo, I. eta Pastor Cesteros, S.)

Argitaratua: Wednesday, 22 February 2023, 9:18 AM
Metodología de la investigación en la e-a del español como L2/LE

Liburu hau euskara-eskolak ematen ari diren irakasle gogotsuei ere lagungarri eta erreferentziazkoa gerta dakieke, baldin eta euskararen ikas-irakasteko prozesuen gaineko ikerketaren bat egin eta emaitzak ezagutarazi nahi badituzte.

Sarreran, egileek argitalpenaren helburuak zehaztu dituzte:

  • Liburu bakar batean biltzea gaztelania bigarren hizkuntza gisa ikas-irakasteko prozesuen gaineko ikerketaren oinarri metodologikoak, orain arte sakabanatuta egon baita informazio hori guztia.
  • Gaztelania bigarren hizkuntza moduan irakasteko prozesuei buruzko ikerketa bat garatzeko behar den informazioa ematea fase guztietan: 1) nola aukeratu gaia eta nola diseinatu ikerketa, 2) nola zehaztu metodoa eta erabiliko diren tresnak, 3) lana nola gauzatu, egituratu eta idatzi, eta nola egin emaitzen analisi eta balorazioa edo emaitza horien hedapena ere.
  • Gaztelania bigarren hizkuntza gisa ikasteko eta irakasteko prozesua ikertu nahi duen edonorentzat kontsulta-liburua izatea, edozein ikuspegitatik: testuinguruak, ikas-irakas modalitateak eta helburuak, beharrizanen azterketa, eskuratze- eta ikaskuntza-prozesuak, komunikazio- eta ikas-estrategiak, gaitasunak, hizkuntza- eta komunikazio-trebetasunak, irakasteko metodoak, irakaskuntza-teknikak, material didaktikoak, akatsen analisia, tarteko hizkuntza, bitartekotza, ikasgelako diskurtsoa, ebaluazioa, klaseen behaketa edo informazioaren eta komunikazioaren teknologiak inplementatzea, besteak beste.

Argitalpen honen zuzendari Isabel Santos eta Susana Pastor adituak Madrilgo eta Alacanteko Complutense Unibertsitateko irakasleak dira, eta esperientzia handia dute gaztelania bigarren hizkuntza gisa ikas-irakasteko prozesuetan, bai irakasle, bai irakasleen irakasle, bai tesi-zuzendari, bai ikerlari, baita Hizkuntzalaritza Aplikatuaren alorreko zenbait argitalpenen autore moduan ere. Orobat, egile guztiak dira doktore eta aditu beren gaietan, gaztelania bigarren hizkuntza irakasten aritu dira edo ari dira gaur egun, gradu eta graduondoko programetan ari dira irakasle eta ikerlan ugari zuzendu dituzte.

Liburu hau hiru ataletan dago banatuta. Lehen atalean, ikerketaren diseinua aztertzen da (4 kapitulu); bigarrenean, metodoak eta bitartekoak (10 kapitulu, zatirik zabalena) eta, hirugarrenean, emaitzak eta ezagutzaren transferentzia (4 kapitulu).

Lehen zatiak, Ikerketaren diseinua izenekoak, lau kapitulu ditu: 1. Gaztelania atzerriko hizkuntza gisa irakatsi eta ikasteari aplikatutako hizkuntzalaritza-ikerketaren metodologia-oinarriak.; 2. Ikerketa-prozesua: aurkitu beharreko plazera; 3. Dokumentazioa: gaia mugatzea eta plagioa, eta 4. Ikerketaren diseinua eta datuen analisia.

Bigarren zatian, Ikerketa-metodoak eta -tresnak izenekoak, paradigma kuantitatibo eta kualitatiboetatik bidera daitezkeen prozedurak aztertzen dira, luze eta xehetasun handiz: 5. Paradigma kuantitatiboen araberako metodo esperimentalak; 6. Paradigma kualitatiboen araberako metodoak eta tresnak; 7. Kasu-azterketaren metodoa; 8. Ikasgela ikertzea; 9. Ikerketaren ekintza-ikuspegia gaztelania bigarren hizkuntza moduan ikas-irakasteko prozesuetan; 10. Ikerketan baliatzeko galdetegiak eta elkarrizketak; 11. Material didaktikoen analisia, ikerketaren ikuspuntutik; 12. Corpusak ikerketa-tresna gisa; 13. Gaztelania bigarren hizkuntza gisa irakasten espezializatutako hizkuntzalarientzako estatistika, eta 14. Ikerketaren etika.

Hirugarren eta azken zatian, Ezagutzaren transferentzia eta hedapena aztertzen da: 15. kapituluan, Gradu eta Master Amaierako Lanak nola egin lantzen da; 16. kapituluan, doktorego-tesi bat arrakastaz egiteko bide-orria azaltzen dute egileek; 17. kapitulua (Nola idatzi artikulu zientifiko bat gaztelania bigarren hizkuntza gisa ikas-irakasteko prozesuan) ezinbestekoa da ikertzaile guztientzat; eta azken kapituluan (18.ean), edozein ikerketaren ondorioz lortzen diren emaitzen transferentzia lantzen da.

Era honetako liburu bat atalka irakur liteke, nork bere interesen araberako ataletara jo bailezake zuzenean; baina, era berean, lehen orrialdean hasi eta bukaera arte ere irakur liteke osorik, zeren eta kapitulukako banaketak oinarri orokorretatik ikerketa zehatz batzuetarako baliagarri diren tresna eraginkorrak ezagutzeko aukera ematen baitu.

HABE Liburutegian



Erreferentzia bibliografikoa:
  • Santos Gargallo, I. eta Pastor Cesteros, S. (zuz.). (2022). Metodología de la investigación en la enseñanza-aprendizaje del español como segunda lengua (L2) / lengua extranjera (LE). Arco/Libros.

Comments