María Méndezek ELE-irakasleei zuzenduriko liburu bat argitaratu du, edozein hizkuntza-irakasleren jakingarri

Argitaratua: asteazkena, 2022(e)ko martxoaren 2(e)an, 09:02(e)tan
María del Carmen Méndez Santos

María del Carmen Méndez Santos ELE-irakasleak (ELE: "gaztelania atzerriko hizkuntza gisa"-ren akronimoa, gaztelaniaz) alor horretan diharduten edo jardun nahi dutenei zuzenduriko liburu bat ondu du: 101 preguntas para ser profe de ELE: Introducción a la lingüística aplicada para la enseñanza del español.

Dibulgazio-aldizkarien estetika gogorarazten duen diseinuarekin, ELEko nahiz beste hizkuntzetako irakasle(gai)ei interesgarri eta lagungarri gerta dakizkiekeen 101 galdera planteatu ditu, eta bakoitzari bi orrialdeko tartea eskaini dio, erantzun labur bezain mamitsuak emanez.

Galdera horiek guztiak lau bloketan banaturik daude:

1. Ikuspegi orokorrekoak (11 galdera)

2. Lanbideari dagozkionak (10 galdera)

3. Didaktikari dagozkionak (41 galdera)

4. Hizkuntzari dagozkionak (39 galdera)

Horien ondoren, lan osoan zehar erabilitako 100 termino baino gehiagoren definizio eta azalpenak biltzen dituen glosategia dakar liburuak; eta, ohiko erreferentzia bibliografikoen ondoren, gaikako aurkibide erabilgarria ere bai.

Lau blokeetatik, lehen bietan (bereziki, bigarrenean) dira ELE-irakasle(gai)ei zuzenduriko galderak, nahiz eta gehienak (batik bat lehenengokoak) bestelako hizkuntzetako irakasle(gai)entzat ere jakingarriak diren.

Galdera ugariek hizkuntzen irakaskuntzaren alderdi ugari ukitzeko eta jorratzeko aukera ematen dute, oinarrizkoenetatik hasi eta kontu zehatzenetaraino. Esaterako: "1. ¿Qué disciplina científica reflexiona sobre el aprendizaje de lenguas extranjeras?"; "13. ¿Qué documentos de referencia se deben conocer y leer?"; "36. ¿Qué es la mediación lingüística?"; "56. ¿Qué es el método comunicativo?"; "77. ¿Qué tiene de particular enseñar lenguas extranjeras a personas migrantes y refugiadas?"; "90. ¿Cómo se enseña la gramática?".

Bestalde, material osagarriak eskuratzeko aukera ere bada, berariaz sorturiko webgune baten bidez (sarbide-kodea liburuak dakar).

HABE liburutegian


Erreferentzia

Méndez Santos, María del Carmen. (2021). 101 preguntas para ser profe de ELE: Introducción a la lingüística aplicada para la enseñanza del español. Edinumen.

Erakutsi iruzkinak

Beste eduki interesgarriak

María del Carmen Méndez

ELE irakasleentzako online gida

ELE irakasleei zuzendutako online gidaren 2016ko bertsioa sareratu berri du María del Carmen Méndez Santosek. Izatez gaztelania-irakasleentzakoa den arren, geure esparrurako ere badago atal interesgarri bezain erabilgarririk.