Didakteka
LdeLengua 143: ikasgelaren kudeaketa
- Atala:
- Egileak:
- Dokumentu-mota:
- Área de conocimiento:
- Atala:
- Egileak:
- Dokumentu-mota:
- Área de conocimiento:
- Visitas: 920
- Comentarios: 0
- Favoritos: 1
Ikasgelaren kudeaketa landu du Francisco Herrerak L de Lengua podcastaren 143. emanaldian. Bi izan dira oraingoan gonbidatuak: Bartzelonako Unibertsitateko Begoña Montmany eta Sevillako CLIC International House-ko Juan de Dios López Rael. Beste alde batetik, gai honi buruz Difusion argitaletxeak argitara emandako liburu bat aipatu du Herrerak hasieran: “La gestión del aula de español. Desafíos y actuaciones”. Aipagarria da 15 urte bete dituela podcastak.
Eskolan hiru zutabe daudela azaldu dute hasieran: planifikazioa, ebaluazioa eta kudeaketa. Kudeaketari buruzko uste oker batzuk aipatu dituzte elkarrizketatuek: eskola kudeatzen eskolak emanez ikasten dela, edukiak direla garrantzitsuena… Praktika hutsa nahikoa ez denez, hasierako prestakuntzan zein etengabekoan behar duen tokia eskaini behar zaio.
Edonola ere, kudeaketa dimentsioa aniztuna dela uste dute eta dimentsio horietako batzuk landu dituzte elkarrizketan zehar: espazioa, eskolako dinamikak, informazio-iturrien ugalketa, taldearen sinergia eta giroa, H 1aren erabilera, argibideak ematea eta zuzenketa eta atzeraelikadura.
Espazioa izan da lehendabiziko mintzagaia (esaterako, nola definitu ikasgela?). Alderdi horretatik, irakasleak izan ohi duen kezka bat plazaratu dute: errealitatea ikasgelara ekartzea. Adituon ustez, zaharkiturik dago ikuspegi hori. Izan ere, eskola espazio artifiziala da, bere arauak dituen beste errealitate bat da arauekin.
Eskolako dinamikez, aldiz, honako hau azpimarratu dute: egiten dugunak xedearekin lotura izan behar duela. Jarraian honen adibide batzuk jarri dituzte: klasean jarduera jakina proposatu edo antolatu baina jarduera bera ikasgelatik kanpo egin, zer egin jario-maila desberdina duten ikasleekin…
Informazio-iturrien ugalketa ere kudeatu behar den beste puntu bat da; online hiztegiak, besteak beste. Ikasgelan aurrez aurre ez egoteak areagotu egin du alderdi hau.
Taldearen sinergia izan da hurrengo dimentsioa. Hala, hurbiltasuna eta erlaxatuta egotea aintzat hartu beharreko faktoreak dira. Izan dituzten esperientzien arabera, badirudi zenbait ikasle lasaiago aritu dela online eskoletan.
Ikaskuntza kolaboratiboaz, teorian bat etorri arren, kolokan jarri dute ea benetako praktikan isla argia duen. Esate baterako, garai batean “binaka jarri” puri-purian zegoen, baina esanguratsua izan behar du horrek. Bestela esanda, “hitz egin ezazu zure ikaskidearekin” besterik gabe ez da kolaboratiboa. Ikasleek, zergatik egin behar den lan besteekin nabaritu behar dute.
H1aren erabilerak izan du tokirik elkarrizketan (gaiari buruz podcast bat dago bilduman: LdeLengua 74 y el papel de la L1 en el aula de español). Alor honetan, kontuan hartzekoa abiapuntuan: ea ikasle guztiek H1 bera duten eta ea irakasleak hori ezagutzen duen. Zentzuz jokatzearen alde azaldu dira: H1a euskarri- edo zubi-hizkuntza izan daitekeela, argibideak emateko baliagarri; ikasleen maila handitzen den neurrian erabilera gutxitzen joatea; erabilera hori taldearen eskaera den ala ez aintzat hartzea…
Argibideen garrantzia azpimarratu dute. Une horretan, funtsezkoa da ikasleen arreta erakartzea; izan ere, ulertu ezean ikaslea galduta egon daiteke, zer egin ez dakienean frustrazioa sor daiteke… Horrekin lotuta, adibidea ematea inportantea dela uste dute aditu hauek, beheko mailetan zein “ikusteko beharra” duten ikasleen kasuan nagusiki. Gainera, jarduera bat egiteko behar den materiala noiz eman gaian ere ikuspegi aldaketa egon ei da: lehen azalpena bukatu arte itxoitea zen iritzirik zabalduena. Orain ez dute argi eta ez dute hala egiten. Azken finean, ez dago egia absoluturik.
Azkenik, zuzenketari eta atzeraelikadura emateari erreparatu diote; esparrurik zailenetakoa, seguruenik. Héctor Ruiz-en irudi edo analogia bat gustuko duela esan du López Raelek: GPSarena. Hala, non gauden adierazi beharko luke (errorea zein den), nora joan nahi dugun (eredu egokiarekin alderatu, hausnarketara bideratuta eta ez besterik gabe kopiatuta) eta zer egin orain erakutsi (gomendioak, pilulatxoak…). Zuzenketa erabilgarria izan dadin, ikasleek duten kultura akademikoa hartu behar da kontuan; hau da, nola ulertzen duten zuzentzea. Sarritan, kexu ageri dira irakasleak ez dielako nahi edo espero beste zuzentzen; agian, egokitzeko tarte bat beharko da. Montmanyk bere estrategia bat azaldu du gaizki-ulertuak saihesteko. Bi kolore erabiltzen ditu zuzentzeko: funtsezkoak ez diren akatsak markatzeko bata; “kezkatzekoak” direnak seinalatzeko bestea. Horrela, zuzenduta ez dagoena ez dute pentsatuko ondo dagoenik, inoiz gertatu izan zaion bezala.
Ahozkoan zuzentzea are zailagoa delakoan daude; tartean daude, besteak beste, autoestimua edota jendaurrean hitz egiteko lotsa bezalako eragileak. Eskukoaz audio-grabaketak egin eta gero horiek zuzentzea da erabiltzen ari diren bideetako bat azken boladan; dena den, baina beti ez da eraginkorra.
Bukatzeko, bi erreferentzia eman dituzte: “The Cooperative Learnig Centre” webgunea eta Scrivener liburu klasiko bat: Classroom Management Techniques. Liburu hau euskaratua dago eta Itzulpen Saila bilduman argitaratua 2018an, Ikasgelak kudeatzeko teknikak izenburuarekin.
Erreferentziak
- Herrera, F. (esataria). (2022, urtarrilaren 31). LdeLengua 143 sobre la gestión de la clase de español. [Podcasta]. L de Lengua. https://eledelengua.com/ldelengua-143-sobre-la-gestion-de-la-clase-de-espanol/
- Herrera, F. eta Sans, N. (ed.). (2020). La gestión del aula de español. Desafíos y actuaciones. Difusión.
- Scrivener, J. (2018). Ikasgela kudeatzeko teknikak. HABE [Jatorrizkoa, 2012].