Language Testing in Practice: Designing and Developing Useful Language Tests

Argitaratua: Wednesday, 22 July 1998, 12:40 PM

Lyle F. Bachman & Adrian Palmer
Oxford, Oxford University Press, 1996, 377 or.

HABE Liburutegiko katalogoan

Hiru atal nagusi bereizi dituzte egileek, ohiko bibliografia eta liburuan zehar ageri diren funtsezko terminoen indizearekin batera. Lehenengo ataleko lau kapituluek testatzearen oinarri kontzeptualez dihardute. Liburuaren beraren helburu nagusia ezartzetik hasten dira egileak lehenengo kapituluan: irakurlea trebatzea testak diseinatzen, garatzen eta erabiltzen. Horrekin batera, frogen inguruan egileen ustez izan ohi diren hainbat uste oker eta gaizki ulertu aztertzen dituzte, hala nola beti egongo dela froga guztiz egokiren bat, egoera zeinahi izanik ere, horri erantzuteko modukoa pentsatzea, edota neurketaren teknikaz itsu-itsuan sinestea...
Bigarren kapituluan, jadanik, egileen ustea da froga bat probetxuzkoa izango dela baldin eta azterketari- -taldea, testatzekoa den hizkuntzaren erabilera-eremua eta helburuak aldez aurretik arretaz mugatzen eta zehazten badira. Aintzat hartzekoak dira, halaber, frogak fidagarriak, baliodunak, benetakoak eta elkarrekintzaren sustatzaile izatea, baita praktikoak izatea eta azterketariarengan nahiz inguruko sistema osoan duten eragina ere. Azterketariak frogan erakusten duen komunikazio-gaitasunaren eta frogatik at erakutsiko lukeenaren arteko uztardura agerian jartzea komeni da, eta horretarako egoera naturaletan ohikoak diren hizkuntzaren erabilera-atazak eta frogetan azterketariei eginarazten zaizkienak biltzen dituzten hainbat sailkapen eskaintzen dituzte egileek hirugarren kapituluan. Lehenengo atalari amaiera ematen dio laugarren kapituluak azterketarien ezaugarriak eta hizkuntz erabileraren osagaiak jorratuz.
Azterketariei hauek dagozkie: nortasunaren bereizleak, gaiaren ezagutza, eskema afektiboa eta hizkuntz gaitasuna. Azken gaitasun honen barrenean hizkuntzaren ezagutza, antolamendua eta ezagutza pragmatikoa kokatzen dituzte. Zortzi kapituluk osatzen dute bigarren atala eta berton eztabaida mamitsua aurkezten da, adibide ugarirekin, azterketa-frogen garapenaren prozesuaz, plangintzatik pretestetara eta administraziotik baremaziora. Frogak sortzen ditugunetik erabili arteko ibilbide osoaren gaineko ikuspegi orokorra eskaintzen du lehenengo kapituluak, hiru aldi nagusi bereizita: diseinua, operatibizazioa eta administrazioa. Zehatz-mehatz aztertzen dira hiru aldiok, aldi bakoitzean burutu beharreko jardunak eta lortu beharreko produktuak aipatzen direlarik. Diseinu-aldian testaren jomuga deskribatu beharko da, ataza-ereduak hautatu, testa azterketari gisa burutu behar dutenen ezaugarriak finkatu, neurtu nahi dena ezarri, erabilgarritasuna ebaluatu, eta baliabideak eta erabilera aurreikusi. Operatibizazio-aldian testeko atazak garatu behar dira, azalpenak idatzi eta baremazio- -metodoa zehaztu. Azkenik, administrazio-aldian, testa aplikatzeko eta aplikazio bakoitzaren ondorengo informazioa biltzeko bideak, baremoak aztertzeko prozedurak eta artxibaketa zedarrituko dira. Atal honetako bigarren kapituluak testaren jomuga zehatzak deskribatzeko irizpideak eta jardunbideak, azterketatik kanpoko egoeretako hizkuntz erabilpenak, eta neurtu nahi diren trebetasunekiko azterketariek izan ditzaketen ezaugarriak aztertzen dira. Hizkuntz testaren jomuga, lehendabizi, azterketariaren gaitasunaz datuak izatea da. Azterketa-ataza dei ditzakegun hizkuntz egoera eta eginkizunak deskribatzen zaizkigu. Burutzeko egokiak gertatuko diren hizkuntz atazak garatzen dira azterketarien ezaugarri pertsonalak, gaien ezagutza, hizkuntz profila eta ihardespen-ahalmenaren aurreikuspena aintzakotzat harturik. Kapitulu honen amaieran neurtuko den lana definitu beharra aztertzen da. Hurrengo kapituluan frogaren erabilgarritasuna ebaluatzeko plana garatzen zaigu. Erabilgarritasuna oinarrizko irizpidea da testaren garapenaren edozein alditan. Plan honek hiru zati ditu:
1 Hasierako erabakia erabilgarritasunaren sei azpiataletan (fidagarritasuna, baliagarritasuna, benetakotasuna, elkar eragina, ondorioak eta praktikotasuna) onar daitekeen gutxieneko mailari buruz.
2 Erabilgarritasunaren ebaluazio logikoa.
3 Testaren administrazio-aldian datu kualitatibo eta kuantitatiboak biltzeko bideak. Erabilgarritasunaren ezaugarrien gutxieneko maila onargarriak testaren zer-nolakoaren eta kontzepzioaren baitan egongo da.
Bigarren ataleko laugarren kapituluak baliabideen zehaztapenaz, banaketaz eta erabileraz dihardu. Baliabideen banaketa eta erabilera azterketa-prozesuko urrats garrantzitsuenetakoa da. Agidanean, helduen euskara-mailaren ebaluazioan ohi ditugun hainbat kezkaren jatorria hemen koka genezake. Gizabaliabideen artean proiektuaren zuzendaria, azterketaren idazleak, zuzentzaileak, administratzaileak eta laguntzaileak ditugu. Baliabide materialen artean, lekua, tresneria, azterketak eurak eta denbora. Taldelanak, eginkizuna atseginago bihurtzeaz gain, prozesua hobetzen lagun dezake, beti ere aldaketa- proposamenak entzun eta jasotzen badira, eta hartzen diren erabakien zergatiak arrazoizkoak eta gardenak badira. Bosgarren kapituluak test-ataza idatzien eta testen aurreproiektuen gainean du hezurdura, operatibizazioan, alegia. Diseinu-aldiko atal abstraktuak erabiltzen hasteko, tresna zehatzak eraikitzen hasten gara: aurreproiektua, test-atazak eta azken testa. Bi zati ditu operatibizazio-aldiak: 1) test-atazen eta euren ezaugarrien garapena; eta 2) test osoaren aurreproiektuaren garapena. Hizkuntz erabileraren araberako atazak sortzeko beharren analisia egin behar da, testaren arduradunek edota gaian adituak direnek garrantzizkotzat jotzen dituzten atazak identifikatu eta aukeratzeko. Seigarren kapituluak azalpen praktikoen idazkera hartzen du bere gain. Azterketariak egin dezakeen guztia agertzen ahal dezan, ezinbestekoa da azalpen argiak eskaintzea. Azterketariak prozesua ongi ulertu behar du eta zer egin behar duen argi ikusi, ebaluatzeko modua ere adierazi behar zaiolarik. Azalpenon oinarrizko atalak honakoak dira:
1 testa zein helbururekin prestatu den;
2 testak zein hizkuntz trebetasun neurtuko dituen;
3 prozeduraren eta eginkizunen zer-nolakoak, eta
4 zuzenketa-irizpideak.
Bigarren atal honetako zazpigarren kapituluak baremazio- irizpideak aztertzen ditu, besteak beste, neurketa- metodoen ikuspegi orokorretik. Baremazio- -prozeduren garapenak test-atazen erantzunen zenbaketa- metodoa dakar berekin ezinbestez. Metodo horrek honakoak biltzen ditu bere baitan:
1 erantzun egokien irizpideak adostea eta zehaztea;
2 ontzat edo txartzat joko diren erantzunak, edo zuzentasun-maila desberdinak bereiztea.
Testak barematzeko beste bidea da hizkuntz trebetasunen puntuazio-eskala batean edo bat baino gehiagotan maila desberdinak bereiztea. Baremazio- -metodoak zerok behar ditu:
1 puntuazio-eskalak hizkuntz trebetasunen arloen arabera zehaztea;
2 eskala desberdinetako trebetasun-mailen kopurua zehaztea.
Puntuazio-eskala konponentzial edo analitikoak hizkuntz gaitasun-maila desberdinen profilen deskribapenean laguntzen du. Plangintza eta garapen egokiekin, sailkapen-prozedurek fidagarritasun eta baliagarritasun-maila altua lor dezakete. Baremazio- metodoak zera eskatzen du:
1 hasierako zehaztapena;
2 probatzea;
3 analisia;
4 birpasa.
Bigarren atal honen azken kapituluak testak administratzeko prozedurak eta testen erabilgarritasuna ziurtatzeko feedback-prozesua aztertzen ditu. Testen garapenaren hirugarren aldiak azterketariei aplikatzen zaizkien bitartean datu enpirikoak biltzea eskatzen du. Testa administratzeko prozeduren bidez etsaminean zehar azterketariak gidatu egiten dira. Administrazio-aldian lortutako feedbackak prozedura administratiboei buruzko informazioa eskaintzen du, hala nola, denboraren banaketaz, eginkizunen zer-nolakoen arazoez eta atazei azterketariek emandako erantzunez. Feedbackari eskainitako denboraren eta indarren zenbatekoa testaren garrantziaren baitan egongo da.
Lehen eta bigarren ataleko kapituluek, azalpen nagusiaz aparte, eztabaidarako galderak, ariketak eta irakurketan areago sakondu nahi dutenentzako idarokizunak eskaintzen dituzte. Ariketa-motak kapituluz kapitulu aldatzen dira: test konkretu baten analisirako bideak, testa nola aplikatu, testa eta test- -itemak nola kritikatu, azterketariak atazei erantzuteak dituen helburuak. Ariketa hauek modu askotan erabil daitezke, egoeran egoerakoa moldatuz. Esate baterako, gela oso baten eztabaida sustatzeko, talde txikitan edota binaka, autokritikarako eta lan bakoiztuetan ere bai. Liburuaren azken atalean, hirugarrenean, testatze- -prozesuaren hainbat proiektu eskaintzen dituzte egileek. Horien bidez, irakurleak testatze-prozesu osoa hauteman dezake. Proiektu hauek liburuaren egileek urteetan zehar egindako lanetatik aterata daude, edota euren ikasleek egindakoetatik. Lan horiek testatze-lan jatorrizkoak dira eta, euretatik abiatuz, irakurleek hainbat ideia eta aktibitate berri sor ditzakete. Beraz, azterketa-froga aplikatzearen inguruko arazoekin kezkatuta daudenentzako liburu egokia, eta zer esanik ez aplikazio horren ardura izan eta bere egitekoa ondo burutu nahi duen edonorentzako. Bachman eta Palmer-en liburuan, sakon-sakonean, bi ardatzek sostengatzen dute orga: praktikotasunak, abiapuntu eta jomuga izanik, eta testatzea prozesu gisa ulertzeak. Dena den, zerbaiten faltarik sumatzekotan, eta uneon helduen euskalduntzean bizi dugun egoerari erreparatuta, aztertzaileen talde-lana eta aztertzailearen profila bezalako gaiak gehiago jorratu ez izana deitoratzen dugu. Alabaina, ez da makala hutsune hori betetzen joateko liburuak eskaintzen digun bidezidorra.
Iñaki Elustondo