Kultura eta Hizkuntza Politika Saila: euskararen erabilera inklusiboa

Argitaratua: ostirala, 2022(e)ko urtarrilaren 14(e)an, 14:53(e)tan
Hizkuntza inkusiborako jarraibideak

Euskararen erabilera inklusiboa bultzatzeko bi argitalpen plazaratu ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Alde batetik, "Hizkuntza inklusiboaren jarraibideak" argitalpen laburra. Beste alde batetik, 2022. urterako egutegia, euskara modu inlusiboan erabiltzeko orientabideak jasotzen dituena.  Material hau, langileak zein kargudunak prestatzeko eta sentsibilizatzeko saileko Berdintasun Unitateak 2021ean hasi zuen prozesuaren emaitza da.

Legedian jasota dagoenaz gain, hainbat alderdi ditu hizkuntzak eta horren erabilerak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneranzko bidean. Izan ere, pentsamendu-tresna da hizkuntza; errealitatea interpretatu eta sortu ere egiten du. Hortaz gain, sozializatzeko tresna ere bada eta hizketa-ekintzen bidez harremanen baldintzatzaile. Hala, euskaran genero-marka beste hizkuntzetan bezain nabarmena ez bada ere, ez dago horren urruti kultura sexista eta androzentristatik, heziketaren eta tradizioaren eraginez, besteak beste.

Ondorioz, garrantzitsua da gizartean zein Administrazioan emakumeen eta gizonen errealitatea ikustarazten duen eta berdintasuna eta aniztasuna sustatzen duen hizkuntza erabiltzea. Komunikatzeko modua aldatzea konplexua izan arren eta egun berdintasunaz kontzientzia handiagoa egon, euskaraz ere komunika gaitezke modu inklusiboan, horretarako jarrera erakutsiz eta baliabideak aktibatuz.