Hitz politak/ Palabras bonitas (Rueda, S.)

Argitaratua: asteazkena, 2023(e)ko irailaren 13(e)an, 10:23(e)tan
HITZ POLITAK/PALABRAS BONITAS

Liburu berezi bat argitaratu du Sonia Rueda artistak. “Hitz politak” ez da genero estandarren barruan sar daitekeen liburua, ez da erakusketa baten katalogoa, ez da hiztegia... Helburu didaktikoak eta dibulgaziokoak dituen proiektua da, eta, batez ere, ikuspegi artistikotik interpretatzeko borondatea duena, ikusizko eta idatzizko euskararen aberastasunaz hitz egiten duena. Hitzek eta trazuek zenbait sentsazio gogora ekartzen dituzte, ezbairik gabe.  

Hitz politak liburua euskarazko 116 hitzen bilduma da, hitz bakoitzeko marrazki batekin osatua. Alde batetik, sentiberatasunez eta poesiaz betetako terminoak aukeratu dira. Bestalde, onomatopeiak eta hitzen edo hitz bitxien jokoak. Bidaia-koadernoa ere bada, euskara ikasteko prozesuan Sonia Ruedak idatzitakoa, eta denoi eragiten diguten bizitzako uneei irudiak eta hitzak jarri dizkie (oinaze, dolu, galera, indarberritze edo etorkizunari begirada).

Liburu honen bidez, aukerez, baikortasunaz, itxaropenaz eta fedeaz hitz egiten du egileak. Gainera, funtzio didaktikoa duenez, liburua motibagarria bilaka liteke euskara ikastean, eta, bide horretatik, ikasleek ikasprozesuan hiztegi propio bat osatzea susta liteke. Ikasteko prozesuari ekiteko, bere buruarekin eta ingurunearekin erlazionatzeko eta ikasbide horretako sentimenduak eta sentsazioak ulertzeko beste modu sortzaile batzuk erakusten dizkigu. Horrela ikasi zuen Sonia Rueda autoreak, esate baterako, ‘Bihozmin’ (sufrimiento) hitza —‘bihotz’ (corazón) eta ‘min’ (dolor)— bihotzeko minez osatuta dagoela, eta marrazki batez ilustraturik erakusten digu liburuan.

Gaitasun estrategikoa garatzea erronka izan ohi da beti ikas-irakas prozesuan, eta honako hau da horietako baten adibide zehatza. Jakina, ikasleen egoeraren, ezaugarrien edota ikasle bakoitzaren beharren baitan egongo da betiere honelako adibide bat transferigarria izatea edo ez. 


 

 


Erreferentzia bibliografikoa:


Rueda, S. (2023). Hitz politak/Palabras bonitas. Bilboko Udala.  

Erakutsi iruzkinak
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - az., 2023(e)ko iraren 27(e)an, 14:27(e)tan
    Iragan irailaren 23an BERRIA egunkarian berari egindako elkarrizketa agertu zen: https://www.berria.eus/paperekoa/1876/032/001/2023-09-23/euskara-bat-norberarena.htm. Euskara bat norberarena idatzi zuen. Ederrak iruditzen zaizkion euskal hitzak bildu ditu Sonia Rueda artistak erakusketa batean. Etimologiari baino gehiago, hitzek eragindako sentsazioari erreparatu dio.

Beste eduki interesgarriak

Itzulpen Saila 23

Hiztegia lantzen (Morgan, J.; Rinvolucri, M.)

Harritzekoa da ikustea zein garrantzi gutxi eman zaion hiztegiari hizkuntza modernoen irakaskuntzan. Bai eredu jokaerazko/estrukturalak eta bai eredu funtzional/ komunikatiboak, zeinek bere erara, gaizki tratatu izan dute. Alabaina, atzerriko hizkuntzako irakasle orok ondotxo dakien bezala, hitzak funtsezkoak dira, eta horien faltak segurtasunik eza dakar. «Hitzak erabili behar ditut», poetak dioen bezala.