Didakteka
Irakasleen praktikak inklusiboak izan daitezen, orientabide batzuk
- Atala:
- Egileak:
- Dokumentu-mota:
- Domaines de connaissance:
- Atala:
- Egileak:
- Dokumentu-mota:
- Domaines de connaissance:
- Bisitak: 1019
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 1
Egun, Espainiako Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dugun legediaren arabera herritar denak berdinak dira legearen aurrean, eta, beraz, gizarte-desberdintasunak eragindako edozein diskriminazio edo bazterketa gerta ez dadin, irisgarritasun-eskakizunak eta arrazoizko egokitzeak bideratu behar dira.
Ildo horretatik, lagungarri gerta dakioke helduen euskalduntzean ari den euskara-irakasleari ere Hezkuntza Sailak 2020an pandemia betean argitaratutako “Proposamen inklusiboak. Hezkuntza-Laguntzako Berariazko Premiak dituzten ikasleekin esku-hartzea (HLBP)” liburuaren edukia, nahiz eta Hezkuntza Formalaren ikas-irakas prozesuak izan oinarri.
HLBP dituzten ikasleen berariazko hezkuntza-premiak ezagutu eta identifikatu egin behar dituzte irakasleek, inklusiboak izan daitezen euren praktikak ikasgelan. Hori dela-eta, argitalpen honetan, HLBPak dituzten ikasleak biltzen dituen kolektibo bakoitzaren ezaugarrien, zailtasunen eta gaitasunen deskribapen laburra jasotzen da, eta orientabideak eta baliabideak ere ematen dituzte hezkuntzaren eremuko profesionalentzat.
Liburuaren irakurleak bederatzi desgaitasuni buruzko azalpenak topatuko ditu orrialdeetan barrena: zentzumen-desgaitasun, mugitzeko desgaitasun, adimen-desgaitasun, ikasteko berariazko zailtasun eta hizkuntza-nahasmendu, arreta-urritasunagatiko nahasmendu, jokabidearen eta emozioen autorregulaziorako zailtasun, gizarte-desabantaila, autismoaren espektroko nahasmendu eta adimen-gaitasun handiak dituztenei buruzkoak.
Irakasleen praktikak inklusiboak izan daitezen, orientabide batzuk ematen dira. Horien guztien artean, entzumen-urritasuna duten ikasleekin nola jokatu azaltzen dituzten orientabideak ekarriko ditugu hona, adibide gisa. Entzumen-urritasuna duten ikasleek ikusizko eta entzunezko egokitzapenak behar dituzte, eta beharrezkoa da komunikazio-irisgarritasuneko estrategiak planifikatzea. Esate baterako:
- Bideoak erabiltzea eta kalitatezko azpitituluak jartzea.
- Hitz egiten duen pertsonaren aurpegia ikustea, ezpain-irakurketaz baliatzeko.
- Inguruan zaratarik ez egotea.
- Garrantzitsua da irakasleak hitz egiten duenean ongi kokatzea, ikasleekin aurrez aurre, argi artikulatzea eta erritmo normalean.
- Kontuan izan behar da ahoz entzutea audio bidez entzutea baino ulergarriagoa dela.
- Beharrezkoa izatekotan, zeinu-hizkuntzaren laguntza.
Gehiago jakin nahi izanez gero, edota desgaitasun zehatz bati buruzko azalpenetan sakondu nahi bada eskuragarri dago Sarean liburu hau.
Erreferentzia bibliografikoa:
- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza. (2020). Proposamen inklusiboak. hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleekin esku-hartzea (HLBP). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/inn_doc_esc_inclusiva/eu_def/adjuntos/eskola-inklusiboa/Propuestas_inclusivas_ZUZENDUA_e.pdf.