Hezkuntza-organizazioen diseinu eta garapena (Muñoz Moreno, J.L., Gairin Sallán, J.)

Argitaratua: jeudi 27 juillet 2023, 07:42
liburuaren azala

Liburu honek ohiko hezkuntza-erakundeetan parte-hartzea eta hobekuntza sustatzeko diseinu, garapen, ebaluazio eta berrikuntzarako ekarpen interesgarriak eskaintzen ditu, eta, horregatik, hezkuntza-organizazioen ebaluazio eta hobekuntza atala iruzkinduko dugu sarrera honetan (zehazki, 9. atala), zeren eta edozein erakundetako funtzionamenduaren gakoetako bat baita berau hobetzeko mekanismoak ezartzea, bai barne- eta kanpo-egoera aldakorretara egokitzeko, baita esku-hartzerik egokiena hautatzeko ere.

Hobekuntza-prozesu horiek bideratzeko, 1)  errealitatean gertatzen dena ezagutu behar da lehenik (ebaluazioa) eta 2) baita zergatik gertatzen den ere (ikerketa), 3) egin beharrekoa zehazteko (berrikuntza). Bistakoa denez, elkarren osagarri dira ebaluazioa, ikerketa eta berrikuntza. Kalitatea areagotzea da erronka, eta, horretarako, ebaluatu egin behar da. Helburuak definitu eta lorpenak ebaluatu behar dira. Era berean, ebaluazioaren baldintzak zehaztu behar dira (denborak, arduradunak, kostuak, etab.) eta nola gainditu topa litezkeen aldaketaren aurkako erresistentziak.

Egileen arabera, ebaluazioa aitzakia da ideiak trukatzeko, iritziak erkatzeko eta pertsonak nahiz erakundea hazteko. Interesgune ezberdinak izan ditzake ebaluazioak:

INTERESGUNEA

ZER EBALUATU?

NOR EBALUATU?

  Ikas-irakas prozesua.

  Helburuak.

  Edukiak.

  Estrategia metodologikoak: jarduerak, metodoak, giza baliabideak, materialak, denborazkoak, araudia, etab.

  Ebaluazioa.

 

 

  Ikasleak.

  Irakasleak.

  Hezkuntza-zentroak.

  Egitura.

  Funtzionamendua.

  Emaitzak.

  Gobernu-organoak.

  Zuzendaritza-taldeak.

  Irakasle-taldeak.

  Hezkuntza-sistema.

  Planak.

  Programak.

  Sistemaren egitura eta     funtzionamendua.

  Planifikazio-kabineteak.

  Laguntza-zerbitzuak.

 

Zentroek beren funtzionamendu eta antolaketarekin lotutako zenbait alderdi erabakitzeko gaitasuna dutenean bideratzen da erakundearen autoebaluazioa, beraiek baitira interesik handiena dutenak jakiteko ea aurreikusitako emaitzak lortu dituzten abian jarritako esku-hartzeen bidez.

Erakundeetan autoebaluazioak aldaketa eragin ahal izateko, ebaluazio-prozesu parte-hartzaileak sustatu behar dira, eta, horretarako, lankidetza-kultura erein. Ikasten duten organizazioek honako ekintzen bidez identifikatzen dituzte hobekuntza-eremuak:  

  • Irakasleek ebaluazio-saio monografikoak eginez.
  • Ikasleei edota irakasleei erakundeari buruzko iritzia eskatuz.
  • Batzorde bat izendatuz, ebaluazio-lana egin dezan.
  • Gai jakin batzuk aztertzeko sakontze-taldeak antolatuz.
  • Zorrotz aztertuz sorturiko egoera gatazkatsuren bat.
  • ...

Erakundearen autoebaluazioa egiteko modu bat baino gehiago aurkezten dituzte Muñozek eta Gairínek. Jarraian, autoebaluazioa bideratzeko proposamen gisa, autoanalisiari buruzko zertzelada batzuk zehazten dira. Autoanalisia egiten da pertsona batzuek behin eta berriz lantzen dituztenean gisa honetako galderak (autoanalisia bideratzeko oinarrizko eskema):

  1. Zein dira erakundeak dituen bost arazorik garrantzitsuenak?
  2. Zein dira erakundeak duen X arazoa sorrarazten duten hiru arrazoirik garrantzitsuenak?
  3. Interesgarrien eta baliagarrien diren zein irtenbide baliatu litezke Y jatorria duen X arazoa konpontzeko?
  4.  

Galdera bakoitzaren bidez, lehendabizi, nork bere analisia egiten du;  gero, taldeko analisia egiten da; eta, azkenik, ekintza-programa definitzen da (prestakuntza-jarduerak, antolaketa-jarduerak, ekintzak…).

Garrantzizkoa da ondo bideratzea analisia eta zehaztea erakundearen barne-funtzionamenduan eragin nahi dela, alde batera utzita gure eragin-esparrutik kanpora dauden egiturazko eta kanpo-arrazoiak.

 

HABE Liburutegian

 




Erreferentzia bibliografikoa:

Muñoz Moreno, J.L. eta Gairín Sallán, J. (2022). Diseño y desarrollo de las organizaciones educativas. Dykinson, S.L.