Helduen euskalduntzearen alorreko metodologiagintzan ikertzaile bat gaitzeko beka-deialdia egin du HABEk

Argitaratua: asteazkena, 2022(e)ko maiatzaren 4(e)an, 09:19(e)tan
HABE

HABEren egitekoen artean dago helduei euskara irakasteko metodologiagintzaren eremuan ikerlana sustatzea eta bere helburuak lortzeko irakasbide eta tresna egokiak bilatzea. Horregatik, jakintza-esparru horretan ikertzaile bat gaitzeko beka-deialdia egin du HABE erakundeak. Bekak 42.800 euroko diru-kopuru gordina izango du, eta HABEren egoitza nagusian (Donostian) egiteko da, 24 hilabetez.

HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkuek azpimarratu du: “Erakundeak ikerketa-eremu berriak zabaldu eta landu nahi ditu, eta, zehazki, helduen euskalduntzearen curriculumgintzan zein ebaluazio-egiaztatzegintzan adituak prestatzeko aukera eskaini hautagaiei”.

Deialdi honetara aurkeztu nahi dutenek honako baldintzok bete beharko dituzte: batetik, unibertsitateko goi-mailako titulazioa edukitzea, batez ere, pedagogia, hizkuntzalaritza edo filologia eta soziologia arlotakoa; bestetik, gutxienez, euskararen C1 komunikagaitasun-maila egiaztatua izatea. Bekaren xedearekin estuki lotuta dauden bestelako lan-eskarmentu, ikastaro edo argitalpenak merezimendu bezala baloratuko dira, deialdia xedatzen duen ebazpenean zehaztutako irizpideen arabera.

Eskariak aurkezteko epemuga hilabetekoa da, ebazpenaren argitaratze-egunaren biharamunetik.

Deialdi honen xehetasun eta jakingarri guztiak 2022ko maiatzaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurki daitezke (ikus erantsitako dokumentua), eta eskabideak aurkezteko modua, http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1095502/ helbidean.