Bitartekotzaren ertzak arakatzen

Argitaratua: asteazkena, 2023(e)ko abenduaren 20(e)an, 13:09(e)tan
Fruns GIELE

Azaroaren 10ean, GIELE V. Jardunaldien barruan, Cervantes Institutuko Hizkuntza Egiaztatzegintzaren Unitateko arduradun Javier Frunsen gidaritzapean, hogeitaka hizkuntza-teknikarik lau orduko saioa egin genuen bitartekotzaren ertz ugariak ezagutu nahian, eta halaxe ekin genion Javierren azalpenak entzuteari, urduri eta jakin-min handiz, baina betiere haren jarraibideei adi-adi segitzeko gogoz.

Izan ere, eta 2024. urtean Cervantes Institutuak C1 eta C2 mailetako ahozko nahiz idatzizko probetan txertatuko dituen egokitzapenetara zuzenduz iparrorratza, abiatzera gindoazen bidearen nondik norakoak ezagutu eta berehala, pixkanaka ur handiagoetan murgiltzen joan ginen, baita Liburu Osagarriaren bitartekotza-eskalen eta deskriptoreen lurralde gutxi-asko ezagunetara hurbiltzen ere; aurrerantzean horiek izango ziren erabiliko genituen lanabesak, eta horrela ezagutu genuen, esaterako, Cervantes Institutuak irizpide bat gehituko duela 2024an azterketa-eredu berriaren ebaluazioan, azterketariak bitartekotza-jarduera egoki bete duen ebaluatuko duena (“cumplimiento de la tarea” deitua), eta gainera, jarduera-motaren arabera aldatu egingo dela ebaluazio-irizpide hori ere, hots, ariketa bakoitzak berea izango duela.

Alegia, Cervantes erakundearen azterketa-deialdian bitartekotzarena ez da jarduera isolatu edo besteetatik bereizia izango; aitzitik, adierazpenaren, bitartekotzaren eta elkarreraginaren trebetasunak elkarrekin neurtu eta balioetsiko dira ekoizpen-lan beraren barruan, eta azterketariari eskatuko zaion jardueraren arabera irizpide berezi bat edo bestea erabiliko da hura ebaluatzeko.

Horrexegatik zioen Javier Frunsek azterketa-eredua bera ez zela asko aldatuko, lehendik ere aplikatu eta eskatu izan dizkietelako bitartekotza-jarduerak azterketariei, baina aurrerantzean, aldaketa honi esker bitartekotza-jardueraz kontzienteago izango gara, bai azterketariek eta bai aztertzaileek ere zorrotzago erreparatu beharko dietelako bitartekotzaren irizpide eta eskalei, horren arabera ebaluatuko eta neurtuko baita haien ekoizpena.

Izendapena bera ere aldatu egin diote probari; lehen, idatzizko/ahozko adierazpen- eta elkarreragin-proba zena (prueba de expresión e interacción escrita/oral – EIE/EIO), 2024. urtetik aurrera idatzizko/ahozko adierazpen-, bitartekotza- eta elkarreragin-proba izango da (prueba de expresión, mediación e interacción escrita/oral – EMIE/EMIO).

Jakina, halako aldaketa bati ekin aurretik, beharrezkoa zen formakuntza-saio batzuk eskaintzea aztertzaileei, EEMBaren Liburu Osagarriko bitartekotza-irizpideekin eta maila bakoitzeko deskriptoreekin trebatu zitezen, baina baita Cervantes Institutuak egiaztatzegintza-deialdietan erabiliko duen kalifikazio-sistemarekin ere.

Hain zuzen ere, horixe izan da Javier Frunsek eskainitako prestakuntza-saioan parte-hartzaileoi eskatu digun eginkizuna, hots: Cervantes Institutuko ebaluatzaileen galtzetan sartu eta, lehenik, input modura eskainiko diren testuen hustuketa eginez bitartekotza-jarduera ebaluatzen laguntzeko fitxa lagungarri batzuk sortu ditugu, azterketa-deialdietan aztertzaileei banatuko zaizkienak bezalakoak, betiere kalifikazio-adostasun handiagoa lortzeko xedearekin; jarraian, DELE C1 eta C2 mailetako kalifikazio-eskala berrien deskriptoreak zehazten jardun dugu, Liburu Osagarrian agertzen diren horietan oinarrituta, zein deskriptore zein mailari dagokion balioetsiz eta adostuz, EEMBaren bitartekotza-eskalak egiaztatzegintza-proba erreal batera nola ekarri eta nola egokitu daitezkeen aztertzeko, eta azkenik, eskala horiek ardatz hartuta, benetako proba baten laginaren inguruan kalifikazio adostu bat bateratzen ahalegindu gara, mailakoa den edo ez den erabakitzen saiatuz, eskalen aplikazioarekin eta bateratze-prozesuarekin trebatzeko.

Javierrek azaldu zigun testuen bitartekotzaren barruan topatzen ditugun bitartekotza-mota desberdinetatik “Informazio zehatza adieraztea” moldekoa hautatu dutela berariaz Cervantesen azterketa-probetarako; ariketa honetan, hain zuzen ere, azterketariak gai beraren inguruan mintzatzen diren hiru iturritatik (audio batetik eta bi testu idatzitatik) jasoko du informazioa, eta bere egitekoa izango da hiru iturrietatik ateratako informazioa beste genero bateko idazlan batean laburtzea edo adieraztea. Horrekin lotuta, komeni da adieraztea HABEk “Datuak azaltzea” moldeko bitartekotza-jardueren aldeko hautua egin duela C2 mailako bere azterketa-probetarako eta, beraz, ariketaren egitura eta kalifikazio-sistema ez direla Cervantes Institutuaren berberak izango.

Cervantes Institutuaren idatzizko proban, guztira, 3 jarduera osatu beharko ditu azterketariak, eta jarduera horietako bakoitzean eskatuko zaion egitekoaren arabera, desberdina izango da ebaluazio-irizpide gehigarri hori. Beraz, aztertzaileek errubrika berezi bana eta fitxa lagungarri bana erabiliko dute hiru ariketa horien zuzenketan.

HABEren C2 mailako idazmen-proban, aldiz, azterketariak bi testu idatzi osatu beharko ditu: bat orain arteko idazlanaren molde berekoa (baina laburxeagoa, 400 hitzetatik 350 hitzetara murriztuko baita), eta bestea, bitartekotza-jarduera izango dena (erreferentzia gisa 150 hitzekoa), baina Cervantes erakundean ez bezala, aztertzaileek bitartekotzaren ebaluazio-irizpideen arabera soilik kalifikatuko dutena.

Benetan lan-saio probetxugarria eta parte-hartzaileen artean elkarreragin handikoa suertatu zen, eta saioaren gidariak erakutsitako hurbiltasunak bide eman zuen ekarpen interesgarri eta mamitsu ugari egin zitezen.


Beste eduki interesgarriak

GIELEren logoa

GIELEren V. jardunaldia Gironako harresi-barruan

2023ko azaroaren 10ean eta 11n egin zen GIELEren V. jardunaldia. Lehen egunerako, ohi bezala, lau orduko lantegiak antolatu zituzten, eta gaiak askotarikoak izan ziren; guzti-guztiak hizkuntzen ikas-iraskuntzari eta egiaztatzegintzari hertsiki lotuak. Aurtengoan, proben kalitatea kontrolatzeko datuei, ulermen-probetako itemak sortzeari, Europako Erreferentzia Marko Bateratuan jasotako deskriptoreei eta adierazpen-, bitartekotza- eta elkarreragin-proben kalifikazioei buruzko aurkezpen eta ikastaro praktikoak landu ziren.
GIELE logotipoa

Bota diezaiogun gatz pixka bat adimen artifizialari!

Telefonoa eta ordenagailua ezinbesteko egin ditugun garaiotan, ez dago gaizki atzera begiratzeko beta hartzea: ordenagailuak eskuartean izaten hasi ginenean, zalantzan jartzen genuen nola lagundu ziezagukeen makina hark gure lana egiten, nola arraio lagunduko zigun WordPerfect itsusi eta gatzgabe hark. Guztiok ikasi dugu, gutxi-asko, eskuko telefonoa erabiltzen eta ordenagailuak piztu eta nabigatzaileari eskaeraren bat edo beste egiten... Baina horrekin konformatu ez eta bada makinak “gizaki” bihurtzeko lanean diharduenik. Horretan dabiltza, eta bidea egiten ari dira, gainera: horren erakusgarri da, besteak beste, hain modan dagoen ChatGPT sonatua. Orain artean ikasi dugunari jarraikiz, komeni guri ere olatu (artifizial) hori hartzea lehertu baino lehen.
GIELE logoa

Guztiak elkarrekin, noranzko berean

Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Sergi Linares ordezkariak Valentzian abian den CIEACOVA proiektua aurkeztu zuen; hain zuzen ere, Valentziako zazpi unibertsitatek egiaztatzegintzari begira abian jarritako lankidetza-proiektua.