Euskararen Atlas Prosodiko Interaktiboa (EAPI). (Iglesias Chaves, A., Etxebarria Lejarreta, A. eta Eguskiza Sánchez, N.)

Argitaratua: Wednesday, 8 June 2022, 11:13 AM
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen aldizkaria

EHUko hiru irakaslek —Aitor Iglesias Chaves, Aintzane Etxebarria Lejarreta eta Naia Eguskiza Sánchez  ‘Euskararen Atlas Prosodiko Interaktiboa’ (hemendik aurrera, EAPI) izenburua duen artikulu bat argitaratu zuten 2021ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen Huarte de San Juan aldizkarian. Proiektu berritzailea eta dinamikoa da, aurrera begira aberastu eta osa daitekeena.

EAPI dibulgazio-egitasmo bat da, eta testu-mota ezberdinen prosodia ikusteko nahiz entzuteko aukera ematen duen publiko ororentzako webgune multimedia eta interaktiboa. Aurretik euskararen beste atlas linguistiko batzuk badaude ere, prosodiari buruzko atlas edo mapa-multzo honen bidez, euskara nazioarteko beste hizkuntza batzuen parean kokatzen da.

Euskaraz ez dago atlas prosodikorik, nahiz eta prosodiari buruzko lan ugari argitaratu diren, esaterako Ainhoa Seguraren  “Euskaraz irakurtzen ikasi, irakurriz euskara ikasteko” artikulu interesgarria dago  e-Hizpideren 89. zenbakian, eta, berrikiago, Kepa Dieguezek e-Hizpideren 99. zenbakian “Ahoskera eta prosodia euskararen irakaskuntzan” izenburupean idatzitakoa. Prosodiari buruzko lan horiek eginik, EAPI egitasmo multimedia hau euskararen prosodiari buruzko informazio esanguratsuena batzen duen lehenengo atlasa da.

Artikulu honen egileek diotenez, irakaskuntzan prosodia irakasteko lanabesik ez dagoelako, ezinbesteko tresna da euskara batuaren eta euskalkien azentuaren eta intonazioaren jabekuntzarako. Horregatik, EAPIk hutsune hori bete nahi du irakasleek euskara irakasteko behar dituzten azentu- eta intonazio-ereduak izan ditzaten, eta, nolabait ere, eskola arautuan ahozko euskara irakasteko, Lehen Hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino, zein helduen euskalduntzerako. 

Hizkuntzaren irakaskuntzan aplikatu ahal izateko, EAPIk prosodiari buruzko corpus bat du honako lau azpicorpus hauetan banatuta:

  1. Azentuari buruzkoa.
  2. Intonazioari buruzkoa.
  3. Irakurritako testuei buruzkoa.
  4. Bat-bateko testuei buruzkoa.




Erreferentzia bibliografikoa:


  • Iglesias Chaves, A., Etxebarria Lejarreta A. eta Eguskiza Sánchez, N. (2021). Euskararen Atlas Prosodiko Interaktiboa (EAPI). Huarte de San Juan. Filología y didáctica de la lengua, 21, 227-241. https://doi.org/10.48035/rhsj-fd.21.10

Show comments
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - Tue, 21 Jun 2022, 9:31 AM
    Kaixo,
    Datorren uztailaren 22an Baionan EHUko Udako Ikastaroen barruan "Euskararen atlasak: eginikoak eta egitekoak" doako topaketa edo jardunaldi batzuk antolatu dituzte. Ikastaroaren hizkuntza ofizialak euskara, gaztelania eta frantsesa dira. Itzulpen zerbitzua egongo da ikastaroa hiru hizkuntzetan jarraitu ahal izateko. Topaketa honen helburuak honako hauek dira:
    i) orain arte euskararen testuinguruan egindako atlasak aurkeztea, hainbat hamarkadatako emaitza gisa
    ii) hizkuntza bariazioari buruzko ikerketa orokorren esparruan orain arte gutxi landutako hizkuntza arloak nabarmentzea, hala nola intonazioa eta mugaz gaindiko hiztunen hizkuntza bariazioa.
    Jardunaldia publiko zabal bati eskaintzen zaio, unibertsitateko ikasle, irakasle eta ikertzaileetatik hasita, gai hauetan interesa duen publikora

    Azken urteetan arlo horretan eginiko proiektu nagusiak ere azterketa mota horien ingurukoak izan dira, hala nola Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (Aurrekoetxea & Videgain 1993, Euskaltzaindia (2008-2020). Baionako topaketa horietan, besteak beste, Euskararen atlas prosodiko interaktiboa aurkeztuko du Aitor Iglesias UPV/EHU-ko irakasleak.

    Informazio gehiago eta doako matrikula egiteko: https://www.uik.eus/eu/jarduera/euskararen-atlasak-eginikoak-egitekoak

Beste eduki interesgarriak

Ainhoa Segura

Euskaraz irakurtzen ikasi, irakurriz euskara ikasteko

Esan liteke irakurmena ikasprozesuaren muina dela eta estu-estu loturik dagoela idazmenarekin. Edonola ere, hausnartzea komeni da ea nahikoa egiten dugun ikaslea irakurle trebea izan dadin. Irakurmenak soinuarekin ere badu lotura. Izan ere, isilean egiten dena irakurtzeko modu bat baino ez da, ahots altuan ere irakur daiteke eta ez da umekeria; are gehiago, irakurle trebeak entzun egiten du testua. Ondorioz, ikasgelan tartea egin beharko zaie irakurtzeko bi modu horiei: isilari eta ozenari. Nahiz eta sumatu berezko “musika” duela hizkuntza bakoitzak, euskaraz ez da asko landu prosodia deritzon esparrua, eta didaktikan badago hutsune hori betetzeko beharra, ahoskera edota tonua bigarren mailakotzat jo ohi diren arren; prosodia desegokiak ulermena oztopa dezake. Ondorioz, prosodia-gaitasuna azpimarratu eta landu behar da, ikasprozesuaren hasiera-hasieratik, errotik aldatuta ikasgelako dinamika. Ikuspegi horretatik abiatuta, zenbait jarduera praktiko proposatuko dira artikuluaren bukaeran.
Kepa Dieguez

Ahoskera eta prosodia euskararen irakaskuntzan

Artikulu honek helburu du euskara-irakasleei gogoeta eragitea, euskararen ahoskerari eta prosodiari buruz, eta, aldi berean, gaitasun prosodikoa garatzeko jarraibide eta argibideak ematea. Bide hori egiteko, Axularren Gero maisu-lanaren “Irakurtzaileari” deritzon atalean oinarrituta, “Irakasleari” aitzinsolasean azaldu da aferaren muinaren jatorria. Ondoren, zer-nolako ibilbide urri eta malkarra izan duen ahoskerak euskararen irakaskuntzan, eta, berrikiago, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) nolako isla daukan alderdi fonologikoak gaitasun fonologikoaren barruan; ebaluazioan ere azaltzen da mailaz maila. Ahoskerak ere izan du Euskaltzaindiaren arreta, eta EBAZ arauaren berri ematen da: euskara batuaren ahoskera zaindua. Aurrerago ahoskeraren eta prosodiaren inguruko proposamenak eta ikerlanak berbabide, hauxe garatzen da: Txillardegiren euskal azentuaren inguruko proposamena eta hari buruzko artikuluaren aitzindaritasuna azalduz; ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek egindakoa, eta, ahoskeraren gaineko oso lan interesgarria. Azkenik, teoria guztia praktikan ipintzeko, proposamen curricular eta didaktikoa egiten da, gaitasun prosodikoa HEOCean txertatu eta hari buruzko jakintza eta kontzientzia zabaltzeko. https://doi.org/10.54512/KRLR9470
HEOC eta EMMB

HEOCa eta EEMBa prosodiaz

Iragan ekainean IRAKASBILen "Euskararen lehen Atlas Prosodiko Interaktiboa (EAPI)"-ren berri eman genuen; baina zer diote Europako Erreferentzia Marko Bateratuak (hemendik aurrera, EEMB) eta EEMBaren Liburu Osagarriak prosodiari buruz? Eta zer dio Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumak (HEOC) gaitasun prosodikoari buruz? Jarraian, erreferentziazko dokumentu horietan prosodiari buruz azaltzen diren zenbait alderdi aipatuko ditugu, euskararen irakaskuntzan lagungarri gertatuko direlakoan.