"Euskal Herrira etorri nintzen, eta orain haien hizkuntza ikasi behar dut"

Argitaratua: mardi 20 août 2024, 12:39
International Journal of Multilingualism

“I came to the Basque Country, and now I have to learn their language” izenburuarekin hasten da International Journal of Multilingualism aldizkarian 2024ko martxoan argitara emandako artikulua. Izenburuak badu bigarren zati bat: “Migrant students’ attitudes towards the use of a minority language”, hau da, ikasle migratzaileen jarrerak hizkuntza gutxitu edo minorizatu baten aurrean. Aipatutako artikuluan, EHUko lau adituk egindako ikerketa baten emaitzak aurkezten dira; Gorka Roman Etxebarrieta, Naiara Berasategi Sancho, Idoia Legorburu Fernandez eta Nahia Idoiaga Mondragon dira ikertzaile horiek. Esparrua, berez, ez da helduen euskalduntzearena baina, seguruenik eta azaldutakoaren mugak ahaztu gabe, emaitzak eta ondorioak esanguratsuak izan daitezke geurean ere bai.

Guztira, Bilboko ikastetxe pribatu eta publikoetan ari ziren ehun eta berrogeita bost ikasle migratzailek hartu zuten parte, Bigarren Hezkuntzako bigarren eta laugarren kurtsoetako hamabi eta hamasei urte bitartekoak. Lagina hautatzeko, eskola-mota (publikoa ala pribatua) eta hizkuntza-eredua hartu ziren aintzat. Jatorriari erreparatuz, % 69 Hego Amerikakoak izan ziren, % 11,8 Afrikakoak eta beste horrenbeste Europakoak eta, azkenik, % 2,8 Asiakoak. Ikasleei galdera irekiak egin zitzaizkien eta software jakin bat erabili zen azterketa burutzeko 2019-2020 ikasturtean egindako ikerketan.

Honako hauek dauzkagu emaitzen artean:

    • A ereduko parte-hartzaileek edo eskola pribatuetara joaten direnek euskara erronkatzat jotzen zuten beren hezkuntzan.
    • B ereduko ikasleek, berriz, beste hizkuntza-ikasgai bat bezala hartzen zuten.
    • D eredukoek komunitatea eraikitzeko balioa sumatzen zuten, gizarteratzean duen eginkizuna aitortuz.
    • Ikastetxe publikoetako ikasleek (horrelakoetan euskara presentzia nagusiagoa da erakunde pribatuetan baino) haren balio instrumentala aitortzen zuten.

Azterlanaren arabera, beharrezkoa da euskara bezalako hizkuntza gutxituekiko jarrera positiboak sustatzea; halaber, hezkuntza-esparruan eta hizkuntza-esparruan oinarritutako planteamenduen garrantzia azpimarratzen da. Era berean, ghettoak sortzeko arriskuaz ohartarazten du, inklusibitatea sustatzeko eta segregazioa saihesteko hezkuntza-politikak zehaztasunez diseinatu eta gauzatu behar direla azpimarratuz. Azken finean, euskal hezkuntza-sistemako hizkuntza- eta kultura-aniztasunak etengabeko arreta eskatzen du, ikasle etorkinen benetako integrazioa bermatzeko.

HABE Liburutegian fitxa



Erreferentzia bibliografikoa:

Roman Etxebarrieta, G., Berasategi Sancho, N., Legorburu Fernandez; I. eta Idoiaga Mondragon, N. (2024, martxoaren 13a). ‘I came to the Basque Country, and now I have to learn their language’. Migrant students’ attitudes towards the use of a minority language. International Journal of Multilingualism. https://doi.org/10.1080/14790718.2024.2328148