Didakteka
"Enseñanza-aprendizaje de lenguas en entornos digitales" liburua
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Áreas de conocimiento:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Áreas de conocimiento:
- Visitas: 221
- Comentarios: 0
- Favoritos: 1
Liburu honetan bildutako lanek hizkuntzen ikas-irakas prozesuaren joera metodologikoak islatzen dituzte, bilakaera digital handiko une honetan. Liburua osatzen duten hamabi kapituluek ikasgeletako metodologia aktiboen gaur egungo aniztasuna erakusten dute; irakasleek teknologietara eta, batez ere, pantailen aroan jaiotako ikasleen ikasteko erara egokitzeko ikas-irakas prozesuko aldaketak bilatzeari ematen diote garrantzia.
Lehen kapituluan, Françoise Olmok eta Paula Andrea Stîngǎk gaztelania atzerriko hizkuntza gisa (ELE) idatzizko zein ahozko trebetasunak lantzeko Instagramek eskaintzen dituen aukerak azpimarratzen dituzte. Emaitzen arabera, ikasleek modu positiboan hautematen dute Instagramen erabilera ikasgelan, sormena erabiltzeko, elkarlanean ikasteko eta komunikazio-estrategiak hobetzeko aukera ematen baitie, bereziki idatzizkoak.
Bigarrenean, Nadia Alonsok eta Raul Terolek gogoeta teorikoa egiten dute hezkuntza-podcastaren kontzeptuari buruz, ezaugarriei eta tipologiei buruz, eta, ondoren, hori hizkuntzen irakaskuntzarako nola erabil daitekeen aztertzen dute.
WhatsApp aplikazioaren erabileraren ingurukoa da hirugarren kapitulua. Mercedes Eurrutiak WhatsApp aplikazioa erabiliz egindako idatzizko elkarrizketa-trukeen garapena aztertzen du, eta zibergeneroaren garrantziaz gain, motibazio-izaera ere aipatzen du.
Hurrengo zazpi kapituluetan, hizkuntzen ikas-irakas prozesuan motibatzeko erabiltzen diren metodologiak aztertzen dira.
Horrela, laugarrenean, Daniela Gilek eta Yiran Wangek komunikazio-gabezia antzeman dute txinera ama-hizkuntza izan eta gaztelania atzerriko hizkuntza ikasten ari diren ikasleengan.
Catherine Felcek eta Victoria Tamayok emozioei eta konpromiso kognitibo eta afektiboari lotutako ikaskuntza-jardueretan oinarritzen duten ikerketa aipatzen dute bosgarren kapituluan. Alemaneko hasiberrientzako ibilbide bat diseinatzea proposatzen dute, hau da, emandako input linguistikoa aldatzen duen gailu bat, baita interakziorako moduak eta aukerak ere: erreala edo simulatua, sinkronikoa edo asinkronikoa. Lortu nahi den helburua da ikasleengan emozio positiboak piztea, hizkuntzen ikasketaren ibilbideak eskatzen dituen orduetatik harago luzatzeko hizkuntzen Ikasprozesua.
Seigarren kapitulua bideotutorialei eskainitakoa da. Aina Monferrerrek genero hori hizkuntzen irakaskuntzara nola egokitu aztertzen du, eta hizkuntzen irakaskuntzaren testuinguruan aplikatzeko proposamen bat egiten du.
Zazpigarrenean, Eva Pelayok irakaskuntza-berrikuntzako proiektua deskribatzen du. Horren bidez lortu nahi den helburua da ingeles-espainiar tandem metodologia ezartzea irakaskuntza-programazioan. Ahozko trebetasunen garapena sustatzeaz gain, ikaskuntza alderantzikatuaren eta ikaskuntza kolaboratiboaren zein berdinen artekoaren metodologiak biltzen ditu proiektuak.
Zortzigarren kapituluan, Françoise Olmok eta Inmaculada Barbasánek unibertsitateko nahiz Bigarren Hezkuntzako irakasleak eta ikasleak inplikatzen dituen proiektua aurkezten dute.
Rosa Currásek txat hibridoa erabiltzeak eskaintzen dituen aukerak azaltzen ditu bederatzigarrenean. Besteak beste, ingurune birtual horretan sortzen den elkarreraginak ematen duen informazioa: ikasleen profil berriak identifikatu, e-liderra kasu.
Hamargarren kapituluak, berriz, Rafael Ortiz eta Ángela C. Barrenaren ekarpena zehazten du. Horren helburua da etorkizuneko ingeniarien zeharkako zenbait trebetasunen ikaskuntza aurreratua sustatzea.
Azken atalak prestakuntzan ari diren irakasleei aplikatutako bi ekarpen ditu.
Lehenengoan, Raquel Sanzek burututako ikerketen emaitzek erakutsi dute bideoa tresna didaktiko egokia dela, eta hizkuntzak irakasteko ahalmen handia duela, ikaskuntza eta sormena uztartzen baititu.
Bigarrengoan, Sophie Aubinek ahozko grabazioen bildumaren ustiapen didaktikoaren gaia aztertzen du. Frantsesa ikasteko prozesuan, batez ere, ahoskerari dagokionez, paper aktiboa izan dezakeela erakusten du, eta, gainera, musika eta kultura lotzen dituela.
Argitaletxearen aurkezpena
Hizkuntzak ikuspegi digitaletik irakasteko eta ikasteko berrikuntza metodologikoak islatzen ditu liburu honek, era horretan XXI. mendeko eskaerei erantzun ahal izateko. Irakaskuntza-praktikak hezkuntza-jardunari, pedagogiari eta didaktikari buruzko etengabeko hausnarketa eskatzen du, eguneratuta egoteko eta praktikan aurrera egiteko. Liburu honetan aurkeztutako ikerketa-lanek sare sozialak jorratzen dituzte, bereziki Instagram, hezkuntza-podcasta (iVoox, Spotify, etab.) eta WhatsApp. Hainbat metodo pedagogiko aktibo azaltzen dira, hala nola ikaskuntza kolaboratiboa, telelankidetza, gela-iraulia, tandema, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (POI) eta Edukiaren eta Atzerriko Hizkuntzaren Ikasketa Integratua (AICLE/CLIL). Hezkuntza emozionala eta garapen iraunkorrerako helburuak ere lantzen dituzte. Era berean, hainbat tresna erabiltzen dituzte ikaskuntza bideratzeko, hala nola tutoretza-bideoak, txat hibridoa eta ahoskera praktikatzeko grabazioak. Hainbat irakasle eta ikertzaileren eskutik, kapitulu bakoitzak metodo horien teoria, deskribapena eta aplikazioa jasotzen ditu. Zalantzarik gabe, teknologia digitalean oinarritutako ikerketa horiek ideia berritzaile ugari eskaintzen dituzte, gaur egungo publikoari egokituak eta edozein mailatako irakaskuntza-jardunari zuzenean aplika dakizkiokeenak.