Didakteka
Desgaitasuna eta inklusioa. Irakaskuntzarako gidaliburua (Verdugo, M. eta Schalock, R.)
- Atala:
- Egileak:
- Dokumentu-mota:
- Áreas de conocimiento:
- Atala:
- Egileak:
- Dokumentu-mota:
- Áreas de conocimiento:
- Visitas: 691
- Comentarios: 0
- Favoritos: 1
Hezkuntza inklusiboa herritarren eskubide moduan aitortzen du Nazio Batuen Erakundeak, eta, horregatik, babestu eta sustatu ere egiten du berori. Ikuspegi honen arabera, etenik gabeko hobekuntza- eta berrikuntza-prozesutzat hartzen da hezkuntza inklusiboa, eta, ondorioz, ikasle guztien presentzia, ikaskuntza eta parte-hartzea mugatzen dituzten era guztietako eragozpenak identifikatzen saiatzera bideratzen da, arreta bereziki zaurgarriengan jarriz. Era berean, prozesu horiek bideratzeko laguntza, bitarteko eta baldintza egokiak optimizatzearekin du zerikusia ikuspegi honek.
Praktika inklusiboagoetan aurrera egiteko, egunez egun egin behar da bidea, ahalegin handia egin eta arazo ugariri aurre egin. Oso konplexua da, aldaketa sistemikoa da-eta (egitura, finantziazio, antolaketa, funtzionamendu, orientabide psikopedagogiko, etab.). Dena dela, aldaketa pertsonala ere bada, aldaketa hezkuntza-jarduera ulertzeko eta sentitzeko eran, aldaketa irakasleen ikusmoldean: zer, nola eta noiz irakatsi eta ebaluatu?, nola antolatu?, zer laguntzarekin?, merezi duen berritzea edo hobetzen saiatzea?, etab.
Aldaketa, nagusiki, praktika inklusiboagoak eginez eragiten da eta, era berean, gogoeta sustatuz jarduera horien gainean —bai bakarka, bai taldean—. Neketsua da prozesua, baina luzarora eraginkorragoa, zeren eta azalpen teoriko soilek ez baitute aldatzen egiten duguna. Praktika didaktikoak (ikasgelan benetan gertatzen denak) eskainiko dizkigu gogoetarako ebidentzia zehatzak.
Inklusioa dela-eta, egin behar dugunaren eta egiten dugunaren arteko tartea laburtzeko, ez da nahikoa bat egitea kontzeptu-mailan edota profesionalen laguntza izatea. Izan ere, hobekuntzak txertatzen joateko, ezinbestekoa da gure praktikak aztertzea, zeren eta gure ikusmoldeak, baloreek eta jarrerak baldintzatzen baitute praktika didaktikoa, baita eskura dauden baliabideen erabilera ere.
Taldean gogoeta egiteko baldintzak
- Ebidentzietan oinarrituz, prest egon gogoeta egiteko. Estrategia nagusia da berdinen arteko elkarrizketa bideratzen asmatzea, ebidentziak aztertuz planifikatzeko hobekuntza-mekanismoak. Horrelakoetan, helburua da aldiro sendotzea konpromisoa, hartutako erabakien gainean hitz eginez, negoziatuz eta berreraikiz.
- Gogoeta eta erabakiei eusteko ebidentziak bilatu. Inklusiboagoak izateko, erabakigarria da ebidentziak erabiltzea eta ihes egitea funtsik gabeko usteetatik, burutazioetatik edota sen hutsaren eremutik. Gogoeta bideratzeko eta hobekuntza sustatzeko, datu erreal eta objektiboetan oinarritu behar da eta hezkuntza-komunitateko kideen kezketatik abiatu (ikasle, familia, irakasle).
- Elkarlana, helburuak partekatu eta ados jartzeko. Zentro barruan eta kanpoan elkarlana indartzea da hezkuntza-inklusioa hobetzeko ekintza nagusietako bat. Ikuspegi zabaletik ulertu behar da beharrezkoa den “eskola-laguntza” —eta ez ikuspegi estutik, ikasle “berezi” moduan hartzen diren ikasleekin lan espezifikoaz arduratzen diren profesional gutxi batzuekin lotuta soilik—. Adibidez, lankidetza sustatu liteke irakasleen artean, beste irakasle batzuekin, senideekin, ikasleen artean, beste zentro batzuekin edota beste erakunde batzuekin.
Nolanahi ere, elkarlana beharrezkoa izanik ere, ez da nahikoa, eta soilik elkarlana sustatuz ezin da bermatu politika eta eskola-praktika inklusiboagoak garatuko direnik.
Ikerketen arabera, bistakoa da denbora luzea behar izaten dela aldaketa gauzatzeko, eta, bestalde, ezinbestekoa da aldaketak doitzea zentro baten organizazio-garapenaren mailara (baita maila pertsonalera ere), eta, ondorioz, bideraezinak dira Vygotsky-ren garapen hurbileko eremua gainditzen dituzten proposamenak —bai, erakunde-mailan, bai maila pertsonalean—.