chatGPT aplikazioa: harriduratik erabilera didaktikora

Argitaratua: lundi 23 janvier 2023, 12:24
Adimen artifiziala_Alejandra Koch

Berriki gutako asko harri eta zur geratu gara chatGPT izeneko adimen artifizialeko aplikazioa ezagutu eta lehendabiziko probak egindakoan (https://chat.openai.com/). Izan ere, bazterrak harrotu ditu, baita ondo harrotu ere. Une honetan, egunkari, irrati, telebista eta bestelako hedabide guztietan dabiltza horren berri ematen, nahiz sarritan gehiegikeriaz beteriko mezua zabaltzen ari diren ematen duten azalpen eta analisietan: laster irakasle-lanbidea arriskuan egongo bide da.

Hala ere, gurean hizkuntza-teknologien garapena aspaldikoa da eta asko dira hizkuntzaren prozesamenduan oinarrituta burutu diren ikerketak eta sortu diren hezkuntza-aplikazioak. Beraz, ezin da esan bat-batean agertu zaizkigula, Bai, ordea, Pedro eta otsoa ipuinaren antzera gertatu dela: teknologiak oro har, eta adimen artifizialak bereziki egingo zituzten ekarpenak eta mirariak luze entzun eta gero, bat-batean, gorpuztu egin dira eta begi aurrean azaldu zaizkigu, gainera edonork erraz erabiltzeko moduan. Nolabait esateko, antzeko zerbait gertatu zitzaigun askori lehenbiziko itzultzaile neuronala probatu genuenean. Ohituta geunden itzulpen-memoriak edota itzultzaile automatiko arruntak erabiltzen eta bat-batean, proba gisa egindako lehen testuaren itzulpenaren kalitatea ikusita, oilo-ipurdia jarri zitzaigun. Orain, antzeko zerbait gertatu da eta lehenbiziko inpresioa ere, harriduraz gain, katastrofismoa izan da. 

Nik Sebastián Giraldoren txio bati esker ezagutu nuen ChatGPT, eta jakin-minak bultzatuta egin nituen probek zalantza ugari sortarazi zidaten. Berak dioen bezala, ikasleak berehala hasiko dira tresna erabiltzen (hasi omen dira dagoeneko) eta irakasleok ezin izango diogu ezikusiarena egin horri. Proposamen argia egin zuen: egokitu dezagun geure irakasteko metodologia adimen artifizialean oinarritzen diren tresna horietara, eta baliatu ditzagun geure jarduna hobetzeko, eta, bide batez, irakasle-lanbidearen beharra defendatzeko.

Zer da, baina chatGPT? Elkarrizketa moldean egituratua dagoen adimen artifizialeko txat moldeko aplikazioa da; norberak galdera egin eta sistemak ulertu eta erantzuten du. OpenAI enpresak garatu du eta adimen artifizialeko GPT-3 hizkuntza-ereduan oinarritzen da. Testu berriak sortzen ditu, bai eta itzulpenak egin ere. Horrelako sistemak testu bidez entrenatu behar dira, behin eta berriz informazioak eta datuak sartuz, probatuz, zuzenduz eta emaitzak hobetuz.

Kontua da, beraz, nola eta zertarako erabili chatGPT. Euskara-irakasle baten ikuspuntutik, agerikoa dirudi idazmenaren lanketari egin diezaiokeen ekarpenak. Oso baliagarria izan daiteke idatzi beharreko gaiari buruzko ideiak jasotzeko, horiek semantikoki ordenatzeko  edota aplikazioak emandako testua oinarri hartuta, osatzeko, berridazteko edota zuzentzeko. Online inguruneetan nahiz ikaslearen bakarkako lanean ere tutore-lana burutu dezake chatGPT-ek, eta horrela irakaslearen lana arindu, baina baita ikaslearen autonomiari lagundu ere. Bestalde, hizkuntzarekin praktika egiteko oso erabilgarria izan daiteke galde-erantzunetarako diseinatuta egonda. 

Edozein kasutan, argi eta garbi izan beharko genuke aplikazio hau ikasgelan landu eta erabili behar dela, ez dela ezkutatu behar, alegia. ChatGPT-en sortzaileetako batek esan berri duenez, kalkulagailuaren sorrerak eta zabalkundeak ere halako egoera korapilatsu bat sortu zuen matematika-irakasleen artean, baina gaur egun inork ere ez du ukatzen horren erabilgarritasuna. Irakasgaia lantzeko metodologia aldatu zen eta ordura arte landu gabe geratzen ziren gaiei eta konpetentziei heltzeko modua ahalbidetu zuen. 

Eta ChatGPT euskalduna da? Bada, nik esango nuke euskalduntzen ari dela eta laster egingo duela euskara ederrean. Une honetan ChatGPT erabilita poemak idatzi dituena izan arren, egia esateko, oraindik orain emaitzak askoz hobeak dira ingelesez edo gaztelaniaz. Adibide gisa, ikus dezagun beheko galderari emandako erantzuna:

chatGPT-1

Gramatika-erroreez gain, ematen du aplikazioak ez duela ondo ulertu galdera eta eman duen erantzunean bueltan-bueltan aritzen dela, ezer garbirik esan ezinean. Gaztelaniaz, ordea, beheko erantzuna jaso genuen:

Chat GPT-2

Bi hizkuntzen arteko aldea nabaria da. Gaztelaniaz testu egokia eta ulerterraza sortu duen bitartean, euskaraz oraindik zer ikasi asko du sistemak. Momentuz, zeren lehenago esan bezala, entrenamenduaren ondorioz emaitzen kalitatea izugarri handituko baita.

Adimen artifiziala errealitatea dela konturatzeak harritu gaitu guztiok. Orain, gure esku dago hori nolatan erabili, eta, batez ere, nolatan lortu ikaskuntzarako pizgarri izatea.


Afficher les commentaires

Beste eduki interesgarriak

pexels-thisisengineering-3861969

Adimen artifizialari buruzko erreferentziak (2023ko ekaina)

Adimen artifizialaren inguruko gaiaren inguruan dagoen informazio-uholdeari (infoxikazioari) aurre egin nahian edo), hona hemen hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren esparrurako erreferentzien zerrenda eguneratu bat (testu idatziak, bideoak...). Argazkia: ThisIsEngineering