Bideoaren erabilera aztertzeko ForVid ikerketa helduen euskalduntzean

Argitaratua: Friday, 11 February 2022, 11:06 AM
ForVid

Honako hau adierazten du ForVid-ek: «bideoa ikasteko tresna gisa ikastegiaren barruan zein kanpoan». Espainiako gobernuak finantzatutako ikerketa-proiektu bat da (RT2018-100790-B-100 kodeduna), Pompeu Fabra Unibertsitateak kudeatua. Daniel Cassany da ikertzaile nagusia.

Ikerketa-proiektu zabala da eta zenbait eremutan ari da garatzen. Helduen euskalduntzeari dagokionez, HABE ere partaide da eta teknikari bat jarri du ikerketa-taldearekiko lankidetzan.

Helduen euskara-eskoletan bideoa nola erabiltzen den aztertzeko galdetegi bat prestatu da lehenengo informazio-iturri gisa. Eta, aipatutako esparru horretan ari diren irakasle guztiengana iristea da asmoa; irakasle bakoitzak dagokion bidetik jasoko du galdetegia erantzuteko gonbita zuzena.

Galdetegia online erantzungo da, eta 10-15 minutu besterik ez da behar osatzeko. Galdetegiari erantzutea borondatezkoa eta anonimoa da; Datuak Babesteko Araudi Orokorra betetzen du eta Pompeu Fabrako etika-batzordearen ebaluazioa gainditu du. Areago: informatzaileak edozein unetan izango du datuak kentzeko eskubidea, nahi izanez gero.

Halaber, litekeena da informazioa lortzeko bide gehiago erabiltzea, betiere arestian aipatutako baldintzak bermatuta.

Ikerketaren emaitzak publikoak izango dira, eta zenbait bidetatik emango dira aditzera; adibidez, e-Hizpide aldizkarirako artikuluren bat idaztea dago aurreikusita.

Zalantzarik baduzu, beti bezala sarrera honetan iruzkinak idazteko aukera duzu. Horrez gain, ikertzaile gisa ari den HABEko teknikariarekin harremanetan jar zaitezke (i-murua@habe.eus).


Comments

Beste eduki interesgarriak

Daniel Cassany - Iñaki Murua - Marc Urrutia

ForVid ikerketa: bideoaren erabilera helduen euskalduntzean_Monografiak 9

Hau adierazten du ForVid-ek: “bideoa ikasteko tresna gisa ikastegiaren barruan zein kanpoan”. Espainiako gobernuak finantzatutako ikerketa-proiektu bat izan da Pompeu Fabra Unibertsitateak kudeatua, 2020ko martxoaren 1etik 2022ko irailaren 30era. Daniel Cassany izan da ikertzaile nagusia. Bideoaren erabilera eskolan aztertu da eta bi zati nagusi izan ditu. Lehendabizikoan, Kataluniako Bigarren Hezkuntzan gertatzen dena aztertu da. Bigarrenean, aldiz, esparru ez formaleko helduen hizkuntzen ikas-irakaskuntza izan da ikerketarako eremu (bigarren hizkuntza edo hizkuntza gehigarria) eta lau izan dira hautatutako hizkuntzak: gaztelania, katalana, galegoa eta euskara. Azken esparru honetako emaitzak aurkeztuko dira monografiko honetan. https://doi.org/10.54512/WXEQ9467
Daniel Cassany, Iñaki Murua eta Marc Urrutia

Bideoaren erabilera helduen euskalduntzean ForVid ikerketaren argitan

Hizkuntzen hezkuntzan bideoaren erabilerari buruzko inkesta digital baten emaitzak laburbilduko ditugu artikulu honetan; euskara, katalana, gaztelania edo galegoa bigarren hizkuntza edo hizkuntza gehigarri gisa ikasten ari diren helduen esparru ez formala izan da aztertutakoa. 1.658 irakasle izan ditugu informatzaile guztira; 327 izan dira horien artean euskararen eremukoak. Bideoa erabiltzeko oinarrizko hiru modu hartu dira aintzat: eskolan besteren batek grabatutako bideoak ikustea, ikasleek bideoak grabatzea eta irakasleek bideoak grabatzea. Euskararen eremuko emaitzek erakutsi dutenez, irakasleen % 94k ikusten dituzte bideoak eskolan baina ikasleen % 13k eta irakasleen % 11k baino ez dituzte bideoak grabatzen. Emaitza horiek, oro har, bat datoz beste hizkuntzen lortutakoekin, baina badago desbideratzerik. Eskolako praktikarik prototipikoena azaleratzen du modalitate bakoitzaren azterketa zehatzak, helburuak, edukiak, ebaluazioa, ikasgelako dinamika (elkarreragina, idazketa) edota erabilitako bideo-mota barne. Halaber, eskolan gero eta modalitate, genero eta praktika berri gehiago ari direla sartzen nabarmentzen dute emaitzek. Interesaturik dagoenak e-Hizpide aldizkariaren 9. monografian du euskararen esparruko ikerketari buruzko informazio zabalagoa; ForVid proiektuaren webgunean bertan, berriz, gaztelaniari eta katalalanari dagozkien txostenak. https://doi.org/10.54512/YPYC9696