Didakteka
Besterik ez / baino ez / baizik ez: jokabidea eta komunztadurak
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Área de conocimiento:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Área de conocimiento:
- Visitas: 212
- Comentarios: 0
- Favoritos: 1
Euskalkiaren edo eskualdearen arabera, salbuespena adierazteko modu bat baino gehiago ditugu euskaraz: besterik ez / baino ez / baizik ez dira arruntenak. Halere ez dute hirurek jokabide edo erabilera bera, eta Euskaltzaindiak dioen moduan, besterik ez alde batetik doa, eta baino ez eta baizik ez beste alde batetik.
Batetik dio besterik ez horren aurreko izena kasu absolutiboan joango dela beti (NOR kasuan), eta beste kasu batean baldin badago baino edo baizik baliatu beharko ditugula (azken bi hauek kasu guztiak onartzen baitituzte). Hona hemen adibide batzuk:
*Zurekin besterik ez du nahi. → Zurekin baino/baizik ez du nahi.
*Interneten % 12k besterik ez du erabiltzen euskara. → Interneten % 12k baino/baizik ez du erabiltzen euskara.
Absolutiboaz gainerako kasuekin beste- erroa erabili nahi izatekotan, bi bide hauek ditugu:
1. …-k beste inork/ezerk egitura erabiltzea (deklinabide atzizkia errepikatuz beti)
- Zuk beste inork ez daki.
- Zuri beste inori ez diot esan.
- Zurekin beste inorekin ez du nahi.
- Zuk bestek ez daki.
- Zuri besteri ez diot esan.
- Zurekin besterekin ez du nahi.
Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordearen arabera, besterik ez erabiltzean, aditz-komunztadura singularrean egiten da:
*Eskolako liburuak besterik ez ditut ekarri → Eskolako liburuak besterik ez dut ekarri.
Izan ere, aditzak besterik partikularekin egiten du komunztadura (bera baita aditzaren objektua), eta ez haren ezkerreko sintagmarekin:
*Ez zeuden bakar batzuk besterik → Ez zegoen bakar batzuk besterik.
Ez da gauza bera gertatzen baino ez edo baizik ez erabiltzean, bi kasuotan aditzak pluraleko komunztadura hartuko duelako:
Liburuak baino / baizik ez ditut ekarri.
Beraz:
OKERRA |
ZUZENA |
*Bi marrubi besterik ez dira geratzen saskian. |
Bi marrubi besterik ez da geratzen saskian. Bi marrubi baino/baizik ez dira geratzen saskian. |
*Bost ordu besterik ez dira falta. |
Bost ordu besterik ez da falta. Bost ordu baino/baizik ez dira falta. |
*Lehengusuak besterik ez dira etorri hiletara. |
Lehengusuak besterik ez da etorri hiletara. Lehengusuak baino/baizik ez dira etorri hiletara. |
*Azken sarrerak besterik ez dira geratzen. |
Azken sarrerak besterik ez da geratzen. Azken sarrerak baino/baizik ez dira geratzen. |
Bada salbuespenik, ordea:
- Izan aditzarekin, (atribuzio-perpausetan) besterik predikatu osagarriaren parte da, eta aditzak subjektuarekin komunztatzen du: subjektua plurala denean, aditza pluralean jartzen da:
Noraezean dabiltzan plastikozko bolatxoak icebergaren punta besterik ez dira.
- Esaldi inpertsonaletan:
Hasi besterik ez dira egin indusketak, baina dagoeneko hainbat aztarna aurkitu dute.
Informazio osagarria: