Antzerki-tekniken bitartez hizkuntza ikastea: "glottodrama"

Argitaratua: lundi 27 février 2023, 11:06
L de Lengua logo berria

Glottodrama edo antzerki-tekniken bitartez hizkuntzak ikastea izan dute hizpide Francisco Herrerak, Antonio Ortak eta Piedad Cuarterok ELEdeLengua podcastaren 141. emanaldian: Técnicas teatrales en la clase de ELE. Azken biak CLIC International Houseko irakasleak dira eta esperientzia zabala dute gaztelaniaren irakaskuntzan eta hezkuntza-baliabide gisa antzerkia erabiltzean.  

Lehenik eta behin, gaztelaniazko hizkuntzen eskoletan ez dago antzerkiaren teknika erabiltzeko tradizio handirik bi irakasleen ustez. Dena den, antzerki-tekniken bitartez hizkuntzak ikastearen onurak aipatu dituzte; besteak beste, motibazioa piztea ikaslearen inplikazioaren bitartez. Gogoan izan Antzerki-teknikak ikaskuntza-eragile gisa: rol-jokoa eta antzezpena artikulua eman zela argitara e-Hizpide aldizkarian. Bertan, bi teknika horiek (rol-jokoa eta antzezpena) garatu zituen Eduardo de Ágreda Cosok.

Bigarren hizkuntza irakasteko eskoletan rol-jokoak erabiltzearen abantailak azaltzen ditu Eduardo de Ágredak artikulu horretan eta ikasleekin antzezpena lantzeko zenbait egitura ere bai. Podcastean, aldiz, ez dute aipatu antzerkia genero eta helburu gisa lantzea, baizik eta bigarren hizkuntzako ikasleekin hizkuntza bera lantzea, kasu honetan antzerki-teknikak erabiliz. Horrela, podcastean esan dute atseginagoa eta dibertigarriagoa dela ikaskuntza, zerbait motibagarria eta sortzailea eginez, eta, batez ere, uste dute eginez ikasteko (learning by doing) modu ona izan daitekeela antzezpena. Bestela esanda, bitarteko moduan erabiltzea antzerki-teknikak eta helburua ez izatea antzezlan bat sortzea.  

Glottodrama metodoa, hain zuzen ere, antzerki-tekniken bidez hizkuntzak ikastea da, eta antzerkia eginez jolastea eta ongi pasatzea. Podcastean esan dutenaren arabera, hizkuntzako ikasleekin jolasa eta sormena piztea da helburua, eta ikasgelan giro dibertigarria eta erosoa sortzea.  

Irakasle horien ustez, bigarren hizkuntzaren ikas-irakaskuntzan aurrera egiteko konfort gunetik atera behar da, eta gogoratu jolasaren bidez gramatika eta hizkuntza-kontuak ere ikasi ahal direla, ongi pasatuz. Azken batean ikas-irakaskuntzan ditugun ohitura zurrunak malgutzea eta pentsaera aldatzea litzateke podcast-ean proposatzen dutena. Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren Liburu osagarrian ikaslea eragile sozialtzat hartzen da, kultura arteko hiztuna da, eta bizitza egoerez nahiz inprobisazioz beteta dagoenez, antzerki-teknikak bizitza eta kalea bera ikasgelara eramateko egokiak direla deritzote.

Podcastean, landu daitezkeen zenbait antzerki-testuren adibideak eman dute, eta antzerki-tekniketan oinarritutako jarduera-eredu zehatzak aipatu, hala nola pertsonaiak sortzea, ikaslea egoera desberdinetan jartzea, prototipo bat suntsitu eta beste gauza berri bat eraikitzea, ikasleei elementu edo objektu bat eman eta istorio bat sortzea. Ikasgelan egiten denak beste modu batera ikasteko aukera ematen du, modu dibertigarrian; helburua ez da antzezlan bat aurkeztea jendaurrean, baizik eta norbere barrutik sortzea eta hitzekin jolastea.  

Antzerkia hizkuntzak ikasi eta modu eraginkorrean ikasgelara eramateko aholkuak eman dituzte bukaera gisa:

  • Ikasleari konfiantza eman eta parte hartzeko beldurrik izan ez dezan gauza txikiak eskaini, hala nola objektu bat, aurreko ikasturteetako ikastaldeen testuak, mikro-ipuinak edo testu ezagun bat. Horietatik abiaturik, egoera bat sortu eta inprobisazioa landu daiteke.  
  • Antzerki-teknikak probatu eta aldatu egin daitezke hizkuntza-helburuen arabera, ez baita antzerkian aditu izan beharrik antzerki-teknikak baliatzeko. Nahi izatea da kontua. Ikastaldea ezagutu ondoren, argi eduki zertarako baliatu nahi diren antzerki-teknikak, ikaskuntzarako baliabide bat gehiago da-eta.  
  • Testu esanguratsuekin lan egitea motibagarria izan daiteke.
  • Ikasle guztiek egiteko moduko jarduerak hautatu: helburua ongi pasatzea da, eta ongi pasatuz hizkuntza ikastea.  
  • Gaur egun, jendea “aktore” ere dela probestuz eta edozein unetan eta modu errazean ikus-entzunezkoren bat edonork jartzen duenez Sarean (bideo labur bat Instagram-en edo Tik Tok-en), eduki pertsonal eta artistiko horiek ikasgelan partekatzea, adituen arabera, motibagarria izan daiteke, ikaslea ikaskuntzan inplikatzen delako.

Gaiaren inguruan gehiago jakiteko, Vanessa Hidalgoren bi testu gomendatu dituzte: 

  1.     Enseñar español a través del teatro: el metodo Glottodrama.    
  2.     El teatro en la clase de ELE. Dos propuestas de taller. 


Erreferentzia:
Herrera, F. (esataria). (2021, urriaren 28a). LdeLengua 141 sobre técnicas teatrales en la clase de ELE [Podcasta]. L de Lengua. https://eledelengua.com/ldelengua-141-sobre-tecnicas-teatrales-en-la-clase-de-ele/

Afficher les commentaires
  • Ainara Maya UrrozAinara Maya Urroz - lun. 20 mars 2023, 13:33
    ANTZERKIGINTZArekin loturiko hitzak eta esamoldeak arautu eta argitaratu ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak, eta denon eskura jarri online, 'xaribari' nahiz 'zulogune' bezalako terminoen esanahia eta testuingurua: https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/komunikazioa/plazaberri/6857-antzerkigintza

Beste eduki interesgarriak

Eduardo de Ágreda

Antzerki-teknikak ikaskuntza-eragile gisa: rol-jokoa eta antzezpena

Antzerki-teknikak, oinarri-oinarrian ekintzak imitatzeko printzipioari lotuta daudenez, ikaskuntzaren parte izan dira aspalditik. Are gehiago; pentsa dezakegu «irakaskuntzaren alderdi teatrala» antzinatik egon dela presente, nahiz eta ez den aipatzen ikaskuntzari buruzko lehen iturri bibliografikoetan. Izan ere, irakaskuntzan imitazioa funtsezkoa dela jotzen da gizakiek elkarrengandik ikasten hasi zirenetik, eta, hartara, ez dela nabarmentzeko modukoa. Lerro hauen bidez, mota horretako baliabideei buruzko datu batzuk emango dira, lehen eta bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan noiz eta nola erabili diren argitzeko. Amaitzeko, teknika horietako bi garatuko dira (rol-jokoa eta antzezpena), bigarren hizkuntzako ikasleekin erabil daitezen; zenbait adibide emango dira, eta antzerki-teknikek zer onura dakartzaten eta hizkuntzen eskoletan teknika horiek aplikatzeko zer urrats eman behar diren azalduko da. https://doi.org/10.54512/GYZV4354