La gestión del cambio (Ferrer Cárdenes, J.)

Publicado: martes, 13 de junio de 2023, 10:41
La gestión del cambio (aldaketaren kudeaketa)

Enpresa eta Administrazio Publikoetako Aldaketaren Kudeaketan espezializatutako aholkularia da Juan Ferrer. Bost liburu ditu argitaratuak, tartean sarrera honetara ekarritako “Gestión del Cambio” (Aldaketaren kudeaketa), arlo honetan ezinbestekoa den erreferentziazko lanetako bat baita.  

Liburu honetan, egileak argi azaltzen ditu erakundeak eraldatzeko gakoak eta zer-nolako urratsak eman behar diren organizazioetan, aldaketa eragin eta arrakasta izateko. Horretarako, teoria eta zenbait erakundetan urteetan pilatu duen lan-eskarmentua oinarri, egoera berrietara egokitzeko ahaleginaren gaineko gogoeta eginarazten dio irakurleari: arduradun, kudeatzaile eta liderraren arteko aldeaz, adimenak koordinatzearen erronkaz edota aldaketarako geure beldurrez, adibidez.  

Ferrerrek ohiko arduradun edo kudeatzailearengandik bereizten du liderra, zeinak lantaldearekin batera lan egiten duen —sustapen-lanak egin, motibatu eta inplikatzearekin batera—. Izan ere, liderra adimen kolektiboan oinarritzen da, eta, horretarako, zenbait gaitasun garatu behar izaten ditu: komunikazioa, parte-hartzea sustatzeko; adimen emozionala, egoak kudeatzeko; eta autokudeaketa pertsonala, pertsonak mugitu eta jarrerak aldarazteko.    

Bost atal nagusi jorratzen dira liburuan:

  1.     Kontzeptuak argitzen: liderraren ezaugarriak, aldaketarenak…
  2.     Aldaketarako erresistentzia: beldurra, erresistentziarako arrazoiak, tresnak, nola konbentzitu…
  3.     Pertsonaiak aldaketan: leialak, aliatuak, zalantzatiak, aurkariak, arerioak…
  4.     Liderraren autokudeaketa: zenbat jasateko zaude prest?, zertan oinarritu?...
  5.     Aldaketa kudeatzeko urratsak: aldaketarako lan-eremua sortu, ardurak partekatu, jarraipena egin…

Liderra aldaketaren eragilea da, ez da aditua eta ez ditu erantzun guztiak: galderak egin ohi ditu, baita ingurukoei proposatzeko erronkak ere. Liderrak ez du informazio guztia, sortzeko gaitasun mugatua du eta ez du nahikoa ezagutzarik jakiteko nola konpondu sortzen diren arazo berriak. Adimen kolektiboaren bideratzailea da. Berari dagokio konfiantza-, gardentasun-, partaidetza- eta lankidetza-giroa sortzea, irtenbide adimentsuagoak bilatzeko.

Azken gogoeta moduan, aldaketa sustatzeko gakoak aipatzen ditu adituak: ezagutza, estrategia, malgutasuna, motibazioa eta autokudeaketa emozionala. Aldaketa ez da arazoa, baizik eta organizazio eta pertsona guztiok bizirik irauteko egin beharreko garapenaren parte, baita bizitzak eskain diezagukeen guztiaz gozatzeko ere. Aldaketa-beharraren aurrean, ezinezkoa da ostrukarena egitea eta horregatik izan ohi da bizkorrena egoeraren kontrola hartzea.  




Erreferentzia:

Ferrer Cárdenes, J. (2019). Gestión del cambio. (2. argit.). LID Editorial Empresarial.