Didakteka
Ahozko elkarreragina eta ikaskuntza eskolan: irakaslearen esku-hartzearen gakoak (Clavel Martínez, A.)
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Área de conocimiento:
- Edukiak:
- Interaccion
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Área de conocimiento:
- Edukiak:
- Interaccion
- Visitas: 233
- Comentarios: 0
- Favoritos: 1
Ahozko elkarreragina eta ikaskuntza lantzen ditu Alicia Clavel Martínez adituak Discurso, comunicación y gestión del aula de ELE liburuaren hirugarren kapituluan. Kapituluaren helburua da ahozko elkarreragina lantzeko irakaslearen esku-hartzearen gakoak azaltzea. Bere hitzetan, eskolan sortzen diren elkarreraginezko aukera esanguratsuak aurreikusi eta planifikatu gabeak izaten dira. Badakigu irakasleak ikasleen arreta, motibazioa eta parte-hartzea lortzeko ahaleginetan ibiltzen direla etengabe, baina, batzuetan ez dira probetxuz erabiltzen ahozko eragineko aukerak curriculumaren presioa, denbora-eskasia, azterketak… direla-eta. Ondorioz, planifikatutako bestelako lanek hartzen dute lehentasuna. Irakaslearen iritziz, edozein une (aurreikusiak edo aurreikusi gabeak) baliatu behar da ikasleek eskolan hitz egin eta elkarreragina sor dezaten.
Ikasgelan sortzen diren aukera guztiak erabili arren, ikasleek ez hitz egitea edo ez hitz egin nahi izatea zeharkatu ezin den horma bihurtzen da irakasleentzat zenbaitetan. Egoera hori bizi duten irakasleei laguntzeko asmoz, ez hitz egitearen arrazoi nagusiak sailkatu ditu adituak:
-
- Ikaslearen nortasuna. Lotsak, hanka sartzeko beldurrak edo sozializatzeko gaitasun ezak ikasleen parte-hartzea eragotz dezakete.
- Ikasketa-ohiturak eta kultura arteko desberdintasunak. Bat-batekotasunak, perfekzionismoak… eragin nabaria dute ahozko elkarreraginean, eta, gainera, gogoratzekoa da kultura bakoitzak bere isiluneak dituela, baita parte hartzeko ohiturak ere.
- Elkarreraginaren testuingurua. Proposatutako gaia, agian, ez da interesgarria edo motibagarria izango ikasleentzat, edo ezezaguna izan daiteke, edota ikasleak ez du izango gaiari buruzko ideiak defendatzeko hizkuntza-baliabide nahikorik. Izan ere, aldamiatze-teknikak ezinbestekoak dira elkarreragina bideratzeko ere.
- Solaskidearekiko berdintasun-sentimendua. Ikasleak solaskidearekin duen harremanaren nolakotasunak lotura estua dauka ikaslearen hitz egiteko eta elkarreraginean aritzeko gogoarekin eta motibazioarekin.
- Bigarren edo atzerriko hizkuntzarekiko harremanaren kalitatea eta maiztasuna. Hizkuntza-irakaskuntzaren helburua, batez ere, alderdi formalean oinarritzen denean, zaila da positiboa izatea ikasleen jarrera; hitz egiteko aukera gutxi izaten direlako eta, gainera, une horiek tentsio-momentu bihurtzen direlako.
- Hizkuntza-antsietatea eta hizkuntza-gaitasunaren pertzepzioa. Gaitasun komunikatibo txikia duten ikasleek —edo hala dutela uste dutenek— ez dute hitz egiteko edo elkarreraginean aritzeko saiakerarik egiten, ideiak transmititzeko ezintasunagatik edo nahasteko beldurragatik.
Aipatutako arrazoiak lantzeko, hiru jarduera dituen proposamen didaktikoa biltzen du kapituluaren amaieran Alicia Clavelek hizkuntza-irakasleentzat:
-
- Elkarreragin-motaren behaketa egiteko fitxa (lehen jarduera). Irakasleak buruan duen ahozko elkarreragin-mota ez badator bat berak ikasgelan erabiltzen duen elkarreragin-motarekin, behaketa sistematikoa egitea proposatzen du irakasleak. Lehenik eta behin zera proposatzen da; gelan benetako elkarrizketarako eta elkarreraginerako espazioak sortzeak duen garrantziaren inguruan irakasleen iritzia jasotzea eta fitxan dauden galderei erantzutea,
- Ikasleak gelan ez parte hartzearen arrazoiak biltzeko galderen fitxa (bigarren jarduera). Ikasleek ez parte hartzearen arrazoiei buruzko inkesta bat egitea proposatzen zaio irakasleari: arazoen konponbideak ikasleengandik jaso, gelan gertatzen dena bideratzeko eta ondorioak gainerako irakasleekin partekatzeko.
- Elkarreraginezko sekuentzia baten azterketa egitea (hirugarren jarduera). Lantaldearekin batera, elkarreraginezko sekuentzia bat aztertzea proposatzen da: nolako elkarreragina proposatzen den, zein diskurtso-estrategia erabiltzen diren, atzeraelikadura...
Kapituluan zehar lantzen diren gakoek eguneroko eskoletan nola erabiltzen diren hausnartzeko aukera paregabea eskaintzen digute, ikasgelan ahozko elkarreragin esanguratsuak bultzatzeko helburuarekin. Hizkuntza-irakasleak mota honetako proiektuak taldeka egitera animatu nahi ditu idazleak.
Erreferentzia bibliografikoa:
- Clavel Martínez, A. (2021). Interacción oral y aprendizaje en el aula: claves de la intervención docente. In C. Arrieta Castillo (ed.), Discurso, comunicación y gestión del aula de ELE (85–112 or.). UDIMA.