H413 - La autogestión del aprendizaje por parte de los aprendices y las mediación como estrategia primordial de enseñanza

Argitaratua: Thursday, 27 April 2017, 10:35 AM
Miramar 8

Gabriel Diaz Maggliolik hitzaldi bat eman zuen gaztelaniaz 2016an HABEk EHUrekin batera antolatutako Ikastaroen barruan, "H413 - La autogestión del aprendizaje por parte de los aprendices y las mediación como estrategia primordial de enseñanza" izenburupean. El profesor de segundas lenguas/ IX: Competencia metodologica para la enseñanza y el aprendizaje - Analisis de las principales tendencias metodologicas, enfoques y métodos contemporáneos ikastaroa eratu zuten EHUk eta HABEk. Donostiako XXXV. Uda Ikastaroen baitan, 2016ko uztailaren 4tik 8ra bitartean.

Bideo osoa entzungai eta ikusgai izateaz gain, bideoak euskaraz prestatutako honako idatzizko laburpen hau duzue, eta bertan, bideoko ideia nagusiak daude:

Competencia metodológica para la enseñanza y el aprendizaje ikastaroa. Miramar 2016.

Metodo eta proposamen didaktiko guztien helburua da ikaslea H2an erabiltzaile autonomo bilakatzea. Horrenbestez, eta ezinbestean, irakaslearen egitekoa autonomia-eremuak antolatzea izango da, ikasleak gaitasun-maila hori gara dezan.

Gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza

Ikasprozesuaren amaieran ikasleak lortu beharreko helburuak zehazten ditu eredu honek, ezagutzak, abileziak eta jarrerak zehatz-mehatz azalduz. Gardenak izango dira helburuak adierazpenean, behagarriak ekintzan, eta ebaluagarriak prozesuan zehar.

Alabaina, gaitasuna zer den definitzeko garaian, zenbat aditu, hainbat azalpen izango direla aipatzen du DIAZ MAGGLIOLIk, baina TOBONek eskainitakoa aurkezten du: Testuinguru jakinetan, jarduera egokia ahalbidetzen duten prozesu konplexuak, norberaren erantzukizunean oinarritutakoak. Alegia, berariazkoak dira gaitasunak, ekintza-eremuetan zehazturik ageriko direnak.

Gaitasunetan oinarritutako ikaskuntza eredura etorrita, honako ezaugarriak azpimarra daitezke:

      • Syllabusa: lau trebetasunen bidez elkarrekintza ahalbidetzen duten atazak.
      • Ikasgelaren kudeaketa: ikasleak binaka edota taldean.
      • Ikuspegia: elkarren arteko ekintzara bideratua. Indarrak elkarrekintzan jarriak dira.
      • Kultur-edukiak: langai izango dira, gizartearen funtzionamenduan duten esanahiaren aldetik.
      • Ikaslea: rol aktiboa
      • Irakaslea: gaitasunak areagotzeko ataza sortzaile eta prozesuan bitartekari
      • Ebaluazioa: prozesu osora zabaltzen da: sumatiboa, formatiboa eta autoebaluazioa (metakognizioa).

McThige-k eta Wiggins-ek gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza bideratzeko curriculum-marko bat proposatzen dute, “Understanding by desing” izenekoa, Ulermenerako irakaskuntza  korronteari atxikitzen zaiona.  Bizitza errealean ikasleak biziko dituen ekintzak burutzeko zer den oinarrizkoa zehaztetik abiatzen da eta honakoa da proposatzen duten diseinu-bidea:

  1. Curriculum ikuskapena egin eta erabaki zeintzuk diren lortu nahi diren oinarrizko gaitasunak, erabilgarriak eta interesgarriak ikasleek helburu jakin bat lor dezaten.
  2. Lekukotasuna emango duen azken jarduera ebatzi: egiazkoa eta integratzailea.
  3. Ikasketa-helburuak ezarri, oinarrizko gaitasunak lehenetsiz.
  4. Ebaluazio formatiboa nola burutuko den zehaztu: informazio-iturriak eta erremintak.
  5. Sekuentzia didaktikoa diseinatu; garabidea bermatuko duten atazak hautatu.

design

Ikas-estrategietan oinarritutako irakaskuntza

Korronte kognitiboan eta ikuspegi eraikitzailean ardazten da: gertatzen den oro adimenean burutzen da eta hizkuntza abilezia kognitiboa da.

Ezagutza deklaratiboa eta prozedurazkoak bereizten ditu. Horren arabera, hizkuntza bat ikastea ezagutza deklaratiboa prozedurazko ezagutza bilakatzea litzateke, era horretara automatiza dadin. Horrenbestez, gramatikaren irakaskuntza esplizitua balioesten du.

Ezagutza deklaratiboa eta prozedurazkoa modu ezberdinean ikasten, gogoratzen eta oroimenean gordetzen dira. Alegia,

Korronte bat bada ere, bi proposamen ezberdin azaltzen dira estrategiak lantzeko garaian: a) Esplizitua, agerikoa: aztertu ea ikasleak estrategiaren jabe diren, diseinura eraman horrela ez bada, eta, ondoren, landu eta ebaluatu erabilera. Eta b) Jardueretan inplizitua: atazen baitan landua.

Bitartekotza, estrategia nagusia irakaskuntzan

Irakaslearen egitekoa gero eta lausoagoa da ikas-irakasprozesuetan. Izan ere, ikaslearen  protoganismoa handituz doan heinean, irakaslearen rola ardatz izatetik urruntzen ari da, eta, progresiboki, haren gain jartzen da ikasprozesuaren ardura. Ikasle eta ikas-edukien artean bitartekari bilakatzen da irakaslea, baina horretarako, Diaz Magglioliren hitzetan, ezinbestekoa da:

      • Nahi izatea eta elkarrekikotasuna. Helburuak  partekatuz eta elkarri arreta eskainiz.
      • Transzendentzia. Prozesuaren jabekuntza ikaslearen eremura eramango du bitartekaritzak, gero eta autonomoagoa bilaka dadin.
      • Adierazkortasuna. Ekintza zein ikas-edukiak adierazkorrak izan daitezela adituarentzat zein ikaslearentzat. Horretarako, beharrezkoa da negoziazioa eta kide-eraiketa.
      • Modu-aniztasuna. Egiten dena burutzeko aldamioak eraikitzeko edozein erreminta da baliagarria, materiala zein sinbolikoa, baldin eta gaienerako ezaugarriak ahalbidetzen baditu.
      • Norabidea. Ikasketaren bidez ziurtatzen da kultura baten iraunkortasuna.

Beraz, irakaslearen bitartekaritza-lanak baldintzatuko du ikasleak ikasprozesuaren ardura bere gain hartzea, eta, eta era horretara, gero eta autonomoago bilakatzea.

HABE liburutegian