Artikulu honek helburu du euskara-irakasleei gogoeta eragitea, euskararen ahoskerari eta prosodiari buruz, eta, aldi berean, gaitasun prosodikoa garatzeko jarraibide eta argibideak ematea. Bide hori egiteko, Axularren Gero maisu-lanaren “Irakurtzaileari” deritzon atalean oinarrituta, “Irakasleari” aitzinsolasean azaldu da aferaren muinaren jatorria. Ondoren, zer-nolako ibilbide urri eta malkarra izan duen ahoskerak euskararen irakaskuntzan, eta, berrikiago, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) nolako isla daukan alderdi fonologikoak gaitasun fonologikoaren barruan; ebaluazioan ere azaltzen da mailaz maila. Ahoskerak ere izan du Euskaltzaindiaren arreta, eta EBAZ arauaren berri ematen da: euskara batuaren ahoskera zaindua. Aurrerago ahoskeraren eta prosodiaren inguruko proposamenak eta ikerlanak berbabide, hauxe garatzen da: Txillardegiren euskal azentuaren inguruko proposamena eta hari buruzko artikuluaren aitzindaritasuna azalduz; ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek egindakoa, eta, ahoskeraren gaineko oso lan interesgarria. Azkenik, teoria guztia praktikan ipintzeko, proposamen curricular eta didaktikoa egiten da, gaitasun prosodikoa HEOCean txertatu eta hari buruzko jakintza eta kontzientzia zabaltzeko.
https://doi.org/10.54512/KRLR9470