Argitalpenak
Sarbide irekia sustatzeko urrats berriak egingo ditu HABEk
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Atala:
- Egilea:
- Dokumentu-mota:
- Bisitak: 276
- Iruzkinak: 0
- Gogokoak: 0
Sarbide irekia edo Open Access (OA) ezagutza sortzeko, partekatzeko eta erabiltzeko modua aldatzen ari den mugimendu globala da. Bazeuden ahaleginak Internet agertu aurretik, baina gertakari hori izan da berebiziko eragilea. Hala, zientzia-informazioa doan eta copyrightaren muga gehienak gaindituta erabiltzea da proposamena. Ondorioz, edonork eskuratu, irakurri, deskargatu, partekatu eta berrerabil dezake informazio hori, tarifak ordaindu edo baimen bereziak eskatu gabe, sarri askotan Creative Commons lizentziapean.
Ikerketa akademiko gehiena ordainpeko aldizkarietan argitaratu izan da; beraz, sarbidea mugatua izan da, zenbait kasutan online ere egon arren. Liburuekin halaxe gertatu ohi da. Bestela esanda; intereseko materiala eskuratzeko kopuru jakina ordaindu behar izan da edo hezkuntza-erakundeen zein liburutegien bidez saiatu. Azken finean, muga horiek gainditu eta ezagutza guztiontzat eskuragarri egotea du helburu OAk.
Hainbat arrazoi dago OAren ikuspegitik jokatzeko. Esaterako:
- Ezagutzaren eskuragarritasuna hedatu egiten da eta hezkuntza-ekitatea sustatzen: edozein pertsonak, bere kokapen, afiliazio instituzional, jatorri sozioekonomiko edo baliabide ekonomikoak gorabehera, informazio zientifikoa eta hezkuntzako baliabideak eskuratzeko aukera du.
- Elkarlana eta ideien trukea sustatzen dira: mundu osoko ikertzaileen arteko lankidetza errazten da, ikerketa partekatzea eta berrerabiltzea ahalbidetzen da; eta horrek aurkikuntza eta aurrerapen berriak ere ekar ditzake.
- Hizkuntzaren ikuspegitik, euskaraz egindako lanak ezagutarazteko lagungarria izan daiteke.
Hau honela, aspaldi hartu zuen bide horretako hautua HABEk
Irakasbileko eduki gehienetan. Esate baterako, sarbide irekia dago e-Hizpide
aldizkariko artikulu guztietara; halaber, aurreko paperezko aldizkarietakoak
(Hizpide,
Zutabe) ere hala daude. Zenbait liburu ere halaxe daude, Helduen
Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Europako
Erreferentzia Markoaren Liburu Osagarria, besteak beste.
Urrats bat gehiago egin nahi du Erakundeak orain eta Itzulpen
Saila bildumako zenbait zenbaki OA bilakatuko dira.
Bazegoen lehendik Daniel Cassanyk idatzitako Sustraietatik zerura. Izan ere, agortu egin zen lehengo tirada eta bigarrena egin ordez liburua doan eskaintzea erabaki zen, egilearekin eta jatorrizko argitaletxearekin hala adostu ondoren. Orain, Gabriel Díaz-Maggolik idatzitako Hizkuntza-irakaslea: irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako gaitasun metodologikoa liburuari heldu zaio txanda, eta ez da azkena izango.
Sarbide irekiaz informazio gehiago:
- ehuBiblioteka (d. g.) Zer da sarbide irekia.
- Euskal Herriko Unibertsitatea. (d. g.). Sarbide irekia, egile-eskubideak eta creative commons.
- Koley, M. (2023, ekainaren 21a). Zientzia komunikatzea: sarbide irekiaren bultzadaren analisi. International Science Council. https://council.science/eu/current/blog/communicating-science-the-push-for-open-access/
- Mondragon Unibertsitatea (2024, apirilaren 17a). Nola argitaratu Sarbide Irekian: jarraitu Zientzia Irekiaren printzipioak: Paradigma berria argitalpenean eta ebaluazioan. Hemendik eskuratua 2024ko apirilaren 19an: https://mondragon.libguides.com/sarbide-irekian-argitaratu