Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik

Argitaratua: Wednesday, 9 October 2024, 10:49 AM
Itzulpen Saila 59

Eskarmentu handiko hiru irakasle dira Itzulpen Saila bilduman argitara eman dugun Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik liburuaren egileak: George M. Jacobs, Anita Lie eta Sita Mina Tamah. Equinox Publishing argitaletxearen Reflective Practice in Language Education sailekoa da jatorrizkoa.

Lan honen xede nagusia da hizkuntza-irakasleek eta ikasleek ikaskuntza kooperatiboari buruzko xehetasun garrantzitsuen gaineko gogoeta egitea. Horretarako, ikaskuntza kooperatiboaren aurrekariak azaldu ondoren (historia, kultur tradizioetan dituen sustraiak, oinarri teorikoak eta zenbait ikerlan), oinarrian dauden zortzi printzipioak azaltzen dira hasierako ataletan. Indarrean jartzeko jarraibideak eta aholku praktikoak eskaintzen dira gero; halaber, honelako ikaskuntzaren ebaluazioari ere erreparatzen zaio. Ikaslea ardatz duen paradigmaren testuinguruan, gogoetan oinarritutako irakaskuntzarekin lotzen dira ikaskuntza eta irakaskuntza kooperatiboa. Gainera, irakasleek eurek ere lankidetzan nola jardun dezaketen eta elkarrekin nola hausnar dezaketen lantzen da testuan. Azkenik, bost hizkuntza-ikasgai deskribatzen dira, aldez aurretik azaldutakoa aintzat hartuta.

Azpimarratzekoa da liburuan zehar txertaturik dauden hausnarketarako etenaldiak; hainbat galderarekin egingo du topo horietan irakurleak. Izan ere, egileen uste eta ohiturekin bat dator planteamendua; diotenez, eurek ezin dute H bitaminaren dosirik gabe biziraun, hausnarketarik gabe, alegia.

Liburuaren aurkibidea eta jatorrizko argitalpenaren editoreak idatzitako hitzaurrea eskura daude sarrera honetako fitxategietan.



Jatorrizko argitalpena

Jacobs, G. M., Lie, A. eta Tamah, S. M. (2022).  Cooperative Learning through a Reflective Lens. Equinox.

HABE liburutegian

Beste eduki interesgarriak

Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik liburua

Ikaskuntza kooperatiboa: “eztabaida akademikoaren teknika”

"Ikaskuntza kooperatiboa gogoetaren ikuspegitik" liburua argitaratu du HABEk. Liburu horren zazpigarren kapituluaren izenburua “Bateratze-lana: ikaskuntza kooperatiboa eta irakaslearen hausnarketa hizkuntzen irakaskuntzan” da, eta bertan aurreko sei kapituluetako ideiak laburbiltzen dira bost ikasgai praktikotan.