-(e)raino
Erabilerarik ohikoena lekua adieraztekoa (etxeraino) izanik ere, -raino atzizkia – kontsonante ondoan -daino – erabili liteke denborazko gisa azken muga adierazteko, adberbioekin batez ere: oraindaino, gaurdaino, egundaino, orduraino…
- … oraindaino gehiegi mugitu ez badira ere (Mitxelena).
- Eta beretan arkitu zituela orduraino inon ere ikusi ez bezalako zuhaiztiak (Iztueta).
Izen-sintagmekin ere erabiltzen da postposizio hori:
- Hizketa hau eginda, Jesus ezkutatu zitzaien, eta hurrengo iganderaino berriz agertu zitzaienik, ez dakigu (Lardizabal).
- Ez dugu deus aurkitu egungo eguneraino (Mitxelena).
arte
arte bera ere, ager daiteke leku-izen batzuekin, baldin eta denborazko adiera nagusitzen bada:
- Bilbora (heldu) arte ez gara jaitsiko trenetik.
Gogoan izan behar dugu, horregatik ere, ezin hartu duela inoiz bete-betean -raino postposizioak duen leku-adierarik, ez behintzat batuan edo estandarrean. Hona adibide oker pare bat, arte-ren mugak zedarritzen dituztenak:
- *Ezetz heldu tontorrera arte!
- *Aritxatxura arte* hedatu zen petrolio-orbana.
Laburbilduz: espazioaren eta denboraren arteko erlazioa trabatu samarra izanik, bai -rainoren, bai arteren erabilera batzuk aldendu egiten dira, nolabait ere, beren adiera-esparru prototipikotik, baina, betiere, muga edo baldintza batzuen barruan.
Informazio osagarria:
- Gramatika Batzordea. Euskaltzaindia. (2021). Euskararen Gramatika (1592. or.)
- EHULKUren aholkuak / -eRaino (https://www.ehu.eus/es/web/euskara/ehulku-aurkibidea#R