TXISTE FILOSOFIKOA, TESTU-GENERO BERRI BAT?
Hizkuntzalariek aho batez onartzen dute testu-generoen izaera historiko baina, aldi berean, dinamikoa. Horren erakusgarri garbia dugu txiste filosofikoa, barre eragitea baino gehiago, hausnarraraztea helburu duena.
Mundu-mailan ahoz aho dabilen Slavoj Zizek filosofo esloveniarrak badu txiste filosofikoz aletutako argitalpen bat, eta horietako bat itzultzeko lizentzia hartu dut, genero berri horren diskurtso-analisi xumea egin asmoz. Hauxe da txistea:
Esnob inozo bat jatetxe garesti batean sartu, eta zera galdetzen zio zerbitzariak: “Hors d’oeuvre?”. Eta, inozoak: “Ez, ez nago langabezian, zuenean bazkaltzeko lain irabazten dut!”. Zerbitzariak, aperitiboaz ari zela azaldu, eta urdaiazpiko gordina eskaintzen dio: “Du jambon cru?”. Eta inozoak, berriro: “Ez, ez, azkenekoz hemen izan nintzenean ez nuen urdaiazpiko gordinik jan, baina ados, gaur dastatu egingo dut, eta agudo, mesedez!” Zerbitzariak, lasaitu nahian: “J,ai hâte de vous servir!”. Eta inozoak, modu txarrean: “Zergatik gorrotatzen duzu ni zerbitzatzea? Propina ona emango dizut!”. Eta hala jarraitzen dute, harik eta inozoa frantses-ezagutza mugatua daukala konturatzen den arte. Izen ona berreskuratu eta gizon jantzia dela erakuste aldera, zera erabakitzen du: jatetxetik irtetean, gau onak, ez frantsesez (Bonne nuit!), baizik eta latinez ematea: “Nota bene!”.
Filosofiako elkarrizketak ez ote dira antzera gertatzen, noiz eta, batik bat, filosofo batek bestea arbuiatu nahi duenean? Aristotelesek Platoni egindako kritika ez ote Nota bene! sorta bat?, Marxek Hegeli egiten diona ez aipatzearren? Eta abar, eta abar.
Txistea bera azken paragrafoko argudioaren premisa besterik ez da. Bukaerako paragrafo horretan dator errematea. Azken galdera erretorikoetan, txistearekiko analogiazko argudioa baliatzen du filosofo esloveniar trebeak.
Gainera, bereizitasun oso bitxi bat dauka testuak: txisteen azalpenik ez da inoiz ematen, darien umorea hartzaileak harrapatu behar du. Azalpenak grazia guztia kentzen dio txisteari. Txiste filosofikoan, ordea, kontrakoa gertatzen da: xedea gehiago da hausnarraraztea, barrea eragitea baino; hortik argudio-munduko azken bi galdera erretorikoak…