Didaktika-foroa

Gramatika, gramatikaltasuna, gramatikamena...

Gramatika, gramatikaltasuna, gramatikamena...

Luis Mari Txabarri Miranda -
Erantzun kopurua: 0

Batetik zein bestetik, gero eta sarriago dira gure artean gramatikaren gaineko liburuak, artikuluak, aipamenak, iritziak ... Ondoko lerroetan, Ibon Sarasolaren Bitakora kaiera liburutik jasotakoa:

Ukaezina da Altubek euskal joskerari ezarri zizkion arauek izan zuten arrakasta, gerraurrean eta orobat gerraondoan, Hegoaldean, noski. Are literatura estandar batua gauzatu zenean, idazle gehienek aurreko belaunaldikoek erabiltzen zuten joskerari eusten jarraitu zuten (123 or.).

Altuberen legeei eta gainerako joskera arazoei beste ikuspegi batetik ekin ahal diegu. Badago urrezko erregela bat esaldien gorabehera horietan: hizkuntza eta gramatika –edo arauak- bat ez datozenean aldatu behar dena ez da hizkuntza, gramatika baizik. Beste hitz batzuekin esateko, Leizarragak, Axularrek, Agirre Asteasukoak, Mogelek, Lardizabalek, Duvoisinek, Joannategik, eta abarrek, eta abarrek erabiltzen duten joskera ez badator bat gramatikak dioenarekin, gramatika da aldatu behar dena, eta ez hizkuntza, gure artean egiten saiatu garenaren kontrara. Laburrago esateko, uste dut gramatikaltasunaren kontzeptua berrikusi beharko genukeela. (…) Baina hizkuntzak baldin badira hiztunek elkar ulertzeko tresnak, elkarrekin komunikatzeko gailuak , nola har daiteke gramatikaltzak lehen irakurraldian euskaldun ikasi batek ulertzen ez duen esaldi edo joskera bat? (131 or.).



Erreferentzia bibliografikoa:

Sarasola, Ibon (2016): Bitakora kaiera. Donostia: Erein.