Modalizazioa

Zer da modalizazioa?

Ikusi segidako esaldiok:

Hortaz, esaldiari erantsiriko kutsu (ziurtasuna, zalantza, posibilitatea...) horri berorri deritzo modalizazioa.

Gainera, ziurtasunezko, zalantzazko, posibilitatezko eta abarreko kutsu hori esaldiari emateko garaian, geure burua nahiz besteena inplikatu ahal dugu ala ez. Adibidez (erreparatu beltzean datozen hitzei):

Azkenik, gradu ezberdinak daude inplikazioa-eta agertzeko. Alderatu segidako bi adibideok (erreparatu beltzean datozen hitzei):

Asko eta asko ziur gaude droga guztiak kaltegarriak direla.

Zenbaitek uste du, droga bakanen batzuk kaltegarriak direla.

Nola modalizatu, nola graduatu?

Hona zenbait gomendio, idazleak kontuan hartu beharrekoak:

Ez modalizatu beste hizkuntzen erara!

Gaztelaniaz, adibidez, "Me podría pasar la sal, por favor" esatean zera esan nahi da: "Páseme la sal, por favor"; eta ez "¿Puede o no puede pasarme la sal?" Lehen esaldi hartan, ahalerak modalizatu egin du agindua; hots, posibilitatearen kutsua eman dio, solaskidea ez baitago behartuta agindua betetzera. Horrek ez du esan nahi, inondik ere, euskaraz era berdinean modalizatu behar dugunik. Gure ustez, bada, segidako esaldia gaztelaniaz dago modalizatua (edo euskaraz bestela ere ahal da modalizatu):

Horren ordez, egokiagoak dira:

Graduatu inplikazioa!

Zehaztasunez hitz egingo badugu, neurriko graduatzailea erabili beharko. Alderatu segidako adibideok (erreparatu beltzean datozen hitzei):

Irakasle guztiek komikia kaltegarria dela diote.

Irakaslerik gehienek komikia kaltegarria dela diote.

Irakasle askok eta askok komikia kaltegarria dela dio.

Hainbat irakaslek komikia kaltegarria dela dio.

Zenbait irakaslek komikia kaltegarria dela dio.

Irakasle gutxi batzuek komikia kaltegarria dela diote.

Irakasle bakanen batzuek komikia kaltegarria dela diote.

Irakasle bakarren batek komikia kaltegarria dela dio.

Ikusten den bezala, bada alderik graduatzaile batetik bestera.

Egin itzazu modalizazioa eta inplikazioa, testuaren arabera!

Adibidez, laburpenetan ez da egokia era honetara modalizatzea: "Nire iritziz artikulu-egileak ez du ondo aztertu gaia". Izan ere, laburpenak objektiboa izan behar du eta "nire iritziz" modalizatzaileak subjektibotasuna adierazten du, laburpena egin duenak bere burua inplikatu duelako.

Bereizi bide eta omen!

Aipatutako bi partikula horietatik, bidek ez du inor inplikatzen, omenek bai, ordea. Alderatu segidako bi adibideok:

Alkatea Donostian bide da [posibilitatea , inoren burua inplikatu gabe].

Alkatea Donostian omen da [posibilitatea , besteen burua inplikatuz; izan ere norbaiti entzundakoan oinarriturik erabiltzen baitugu omen].

Testugintzaren laburpen gisa

A adibidea: ez du lerroalderik erabiltzen, ez eta kohesio, konexio eta modalizazio handirik ere

Komikiak besterik ez da irakurtzen. Jendea ez da gauza nobelarik sinpleena ere irakurtzeko. Jendea ez dago interesatuta literatura handiari buruz.Komikiak irakurterrazagoak dira irudiei esker. Horiek esfortzu txikiagoa eskatzen dute eta irakurleak nagikeriara ere eramaten du. Komikietan erabili ohi den hizkuntza ez da maila jasokoa eta ez du hobetzen jendearen adierazpena. Komikiak kulturaren aldeko interesik ez duten egunkarietan argitaratzen dira, eta esanarazi nahi du, komikia ez dela artea eta ez duela eskolan lekurik. Irakaslek komikiei buruz iritzi zorrotzak botatzen dituzte. Epai leunagoa merezi du komikiak. Jendearen artean badu benetako interesa. Zinea eta telebista hobeto estimatzen laguntzen du. Nobelak irakurtzeko prestatzen du. Arte bizia denen eskura egoten da. Aldatu behar dira komikiei buruzko iritziak.

B adibidea: erabiltzen ditu lerroaldeak, kohesio, konexio eta modalizazioa; baina ez egokienak, ez eta tokirik egokienean ere

Gaurko gazte bakanen batzuek komikiak besterik ez dute irakurtzen eta ondorioz ez bide dira gauza nobelarik sinpleena ere irakurtzeko. Komikiak direla medio, gazteek ez bide dute literatura handiari buruz interes zipitzik ere ageri. Usuen entzuten diren gogoetak era honetakoak dira.

Komikiak irakurterrazagoak direla irudiei esker eta horiek irakurtzeak esfortzu txikiagoa eskatzen duela eta hainbat irakurle nagikeriara ere eraman
dezakeela egia da. Komikietan erabili ohi den hizkuntza ez dela (0) maila jasokoa eta honolakoak irakurtzeak ez duela hobetzen hainbat gazteren adierazpena, uka ez litekeena da, era berean.

Komikiak kulturaren aldeko interesik ez duten egunkarietan argitaratzen direla, eta honek hainbati esanaraziko dio, (0), komikia ez dela artea eta, beraz, ezin duela eskolan lekurik eduki, zinezkoa ere bada.( 0) Irakaslek komikiei buruz iritzi zorrotzak botatzea, ulertzekoa da, beraz. Epai leunagoa merezi du komikiak, baina, akatsak akats. Gazte bakanen batzuen artean nolabaiteko arrakasta izateak esan nahi lezake baduela benetako interesa.

Irudia erabiltzen duenez, zinea eta telebista hobeto estimatzen lagun lezake, lehenbizi. Nobelak irakurtzeko presta lezake, gero bestalde, istorioak bi generoetan antzera samar garatzen direnak baitira (intriga, pertsonaiak, deskribapenak). Komikia ez litzateke, gainera, arbuiagarria egunkarietan azaltzeagatik. Arte bizia ez da zenbait museotan aurkitzen. Denen eskura egoten izan beharko luke. Argi ageri da agian, (0) esandakoaren haritik, aldatu behar direla gazteak eta helduak zerbait grinatzen dituen fenomeno bati buruzko zenbait iritzi.

C adibidea: erabiltzen ditu lerroaldeak, kohesio, konexio eta modalizazioa; eta erabili ere egokienak erabiltzen ditu, bai eta tokirik egokienean ere

Gaurko gazteek komikiak besterik ez dute irakurtzen eta ondorioz ez omen dira gauza nobelarik sinpleena ere irakurtzeko. Komikiak direla medio, gazteek ez omen dute literatura handiari buruz interes zipitzik ere ageri. Era horretakoak dira usuen entzuten diren gogoetak.

Egia da komikiak irakurterrazagoak direla irudiei esker. Testu horiek irakurtzeak esfortzu txikiagoa eskatzen du eta zenbait irakurle nagikeriara ere eraman lezake. Egia da, era berean, komikietan erabili ohi den hizkuntza ez dela beti maila jasokoa eta horrelakoak irakurtzeak ez duela hobetzen zenbait gazteren adierazpena. Egia ere bada komikiak kulturaren aldeko interesik ez duten egunkarietan argitaratzen direla, eta horrek zenbaiti esanaraziko dio, beharbada, komikia ez dela artea eta, beraz, ez dezakeela eskolan lekurik eduki.

Ulertzekoa da, beraz, hainbat irakaslek komikiei buruz iritzi zorrotzak botatzea.

Baina, akatsak akats, epai leunagoa merezi du komikiak. Gazte guztien artean hainbeste arrakasta izateak esan nahi du baduela benetako interesa.

Lehenbizi, irudia erabiltzen duenez, zinea eta telebista hobeto estimatzen lagun dezake. Gero, gainera, nobelak irakurtzeko presta dezake, istorioak bi generoetan antzera samar garatzen direnak baitira (intriga, pertsonaiak, deskribapenak). Azkenik, komikia ez da arbuiagarria egunkarietan azaltzeagatik. Arte bizia ez da (0) museotan aurkitzen. Denen eskura egoten da.

Arestian esandakoaren haritik argi ageri da dudarik gabe aldatu behar direla gazteak eta helduak hainbeste grinatzen dituen fenomeno bati buruzko hainbat iritzi.

(IVAP)