Ideia ideiarekin lotzeko egiten dugun eragiketari deritzo konexioa. Buruan dauzkagun ideiak, pentsamenduak... ez daude isolaturik, erlazionaturik baizik, eta ideien arteko lotura horrek ere agertu egin behar du testuan, hizkuntza-baliabideak (loturak eta abar...) direla medio: horra zertan datzan konexioaren funtsa.
Zein baliabide erabiltzen dugu ideiak lotzeko?
Ez da oso egokia, komunikazioari dagokionean, esaldi batetik besteraino eramaten gaituen lotura hori jakintzat ematea. Ideia ideiarekin lotzeko, hortaz, erabil ditzagun, besteak beste: partikulak, formulak, esaldi-loturak, puntuazioa, galdegaia...
Nola lagundu irakurleari ideien arteko loturari antzematen?
Hona zenbait gomendio, idazleak kontuan hartu beharrekoak, irakurleari ideien arteko loturari antzematen lagundu ahal izateko.
Idazkera telegrafikoa telegrametan nahiz abisuetan da egokia, baina ez bestelako testuetan, oro har. Alderatu segidako bi adibideok:
Jauna:
Dei bat jaso dut. Loperena zen. Oporretan dago. Azterketa aldatzea eskatzen du. Horrenbestez, agur.
Jauna:
Laugarren hizkuntza-eskakizunerako martxoaren bostean egin beharreko azterketak direla eta, X erakunde honetako langile baten, Roman Loperena López-en, telefono-deia jaso dut, esanez, oporretan dela, eta ea onartzen zaion azterketa-eguna aldatzea.
Horixe da, beraz, gutun hau tarteko harturik eskatzen dizudana, Loperena jaunaren izenean.
Aldaketa onartuko duzulakoan,
Loturak ezin dira erabili buruak eman ahala: testuko une bakoitzean loturarik egokiena aukeratu behar baita. Ezegoki erabiltzen direnak dira, besteak beste:
2.1. Gai-zerrenda emateko modua. Gai-zerrenda bati hasiera ematen bazaio, ondo markatu behar dira, zein diren hurrenez hurren datozen gaiak, bai eta zerrenda-amaiera ere. Hona zenbait modu gaiak egoki zerrendatzeko
2.1.1. Lehenik, ..., gero,... eta azkenik,...
2.1.2. Lehenik, ...; gero, bestalde [gainera, halaber...] , ... eta azkenik,...
2.1.3. Lehenik, ...,bigarrenik,...,hirugarrenik, ... eta azkenik...
2.1.4. Lehenik, ...,bigarrenik,...,hirugarrenik eta azkenik...
Egitura horiek gai-zerrendaren bat adierazten dute; hortaz, zerrendarik ez bada, ez erabili.
2.2. Segidako egitura ere ez da egoki erabiltzen:
Alde batetik, ... eta bestetik...,
Egitura horrek gaiari bi alde ezberdinetatik "eta ez zentzu bereko bi aldetatik" ekin diogula adierazten du.
Alderatu segidako bi adibideok, bigarren puntu honetan adierazitakoa argitzeko:
Lehenik, A enpresak eskaria bete du. Bestalde, Foru Arauak ezarritakoaren arabera eskaria bete duela esan behar. Bigarrenik aitortu behar da, eskaria legeak agintzen duen epearen barruan aurkeztu duela. Kontuan harturik, alde batetik, Errege Dekretuaren bigarren atala, eta beste aldetik, Foru Aginduarekin bat eginik, bestalde, honako hau xedatu dut: iharduera baimena ematea [ agindu baten azalpena eta ondorioa]
A enpresak iharduera-baimenerako eskaria bete du Foru Arauak ezarritakoaren arabera, eta legeak agintzen duen epearen barruan. Hortaz, bada, Errege Dekretuaren bigarren atalari jarraiki, eta, halaber Foru Aginduarekin bat eginik, honako hau xedatu dut: iharduera baimena ematea.
Lotura bera (eta, baina, hori dela eta...) errepikatuz gero, bataz, astundu egiten da testua; besteaz, testuak galdu egiten du zehaztasunaren aldetik, lotura berak funtzio ezberdinak izan ditzakeelako. Alderatu segidako bi adibideok:
Ondoren zehazten diren argibideak aztertu ondoren, eta kontratazioa dela-eta, legeriak eta araudiak jasotzen dutena kontuan izanik, errekurtsorik ez onartzea erabaki dugu, eta interesatuei erabaki horren berri ematea.
Hurrengo lerroaldean zehazten diren argibideak aztertu ondoren, kontratazioari buruz, legeriak nahiz araudiak jasotzen dutena kontuan izanik, erabaki dugu errekurtsorik ez onartzea, eta interesatuei erabaki horren berri ematea.
Loturak mugarritzat ere erabili ahal ditugu, irakurleak ideiak bereiz ditzan. Alderatu segidako bi adibideok:
Hortaz, lehen erabilerarako baimenaren egitasmoak zuzenketa-neurriak, hirigintza-araudiko baldintzak eta legeriak ezarritakoa bete beharko ditu.
Lehen erabilerarako baimenaren egitasmoak, hortaz, zuzenketa-neurriak, hirigintza-araudiko baldintzak eta legeriak ezarritakoa bete beharko ditu.
[subjektu eta objektuen artean ezin da komarik sartu; bai, ordea, partikularen bat]
Irakurleak bizkorrago antzemango dio adierazi nahi diogun mezuari, atzetik datorren ideiaz abisuren bat hari ematen badiogu. Alderatu segidako bi adibideok:
Txori eder eta polit bat txio-txioka airean libre, alai eta kantari ibiltzea hobe, hamaika txori gizarajo negar-zotinka eta triste baino tristeago eskuan preso edukitzea baino.
Hobe txori eder eta polit bat txio-txioka airean libre, alai eta kantari ibiltzea, eta ez hamaika txori gizarajo negar-zotinka eta triste baino tristeago eskuan preso edukitzea.
[irakurleak hasieratik daki ondotik konparazioren bat datorrela]
Idazki bakoitzari dagozkion formulak erabiliz gero, irakurleak bizkorrago jakin dezake zein testu den. Alderatu segidako bi adibideok:
Nik, idazkaria naizen honek, gutun honekin batera bidaltzen dizkizut eskatutako datuak.
Agerian gera dadin, izenpetzen dut gutuna.
[esaldiek gutuna dela diote, baina testuak ziurtagiria dirudi]
Andre hori,
Joan den martxoko bileran jorratutako gaia gogora ekarriz, gutun honekin batera bidaltzen dizkizut eskatutako datuak.
Horrenbestez, agurtzen zaitut,