General
08. ikastunitatea: BERANDU BAINO LEHEN
DENBORA URREA DA
Irakurri artikulu-zatia, eta eman beste pare bat adibide.
DENBORAREN PERTZEPZIO SUBJEKTIBOA
(...) Denbora ziztu bizian joaten da gustuko gauzak egiten ditugunean, motibatuta gaudela, egiten ari garena berria denean edo lanpetuta gaudenean. Aurreko esperientziek ere eragiten dute denboraren pertzepzioan: film bat laburragoa iruditzen zaigu bigarrenez ikusten dugunean. Aitzitik, denbora astiroago joaten da txarto pasatzen ari garenean, gaixorik gaudela edo mina dugula, arriskuan gaudenean, baita aspertuta gaudenean ere; alegia, denborari begiratzen diogunean. (...)
01. saioa: ERLOJUPEKOA
Irakurri Idurre Eskisabelen zutabea, eta aukeratu esaten denarekin bat datozen baieztapenak.
ATSEDENA
Presaz eta denbora eskasiaz pentsatzean beti akordatzen naiz lagun baten aitonarekin. Laboraria zen, eta entzun nahi zuen guztiari esaten zion berak ez zekiela gazteek aipatzen zuten denbora falta hori zer zen, ez zekiela zer zen atseden luzearen beharra izatea, oporrena.
Lagunaren aitona lo ez zegoen bitarte guztian aritzen zen lanean, zerbait egiten, esku artean zerbait zuela, baina azpimarratzen zuen soroan ari zelarik inor albotik pasatuz gero beti zuela astia hizketaldi baterako, honetaz eta hartaz lasai ederrean jarduteko. Berdin, beste edozein zereginetan ari zela.
Lagunaren aitonaren baserrian, garai hartako etxe gehienetan bezala, ez zegoen sofarik. Logelaz eta oheaz aparte, ez zegoen atsedenaldi luzerako atondutako beste gunerik.
Guri ezjakinena eta barregarria iruditzen zitzaigun bizitza etenik gabeko lanaldi gisa hartze hura; astakeria, sofarik gabeko etxebizitza bat.
Orain ez dago sofarik gabeko etxerik, astialdirako prestatu gabeko logelarik. Lanaz bestekoa, etena, entretenimendua, izendatu dugu bizitza. Irakurri berri dut gero eta gehiago direla etxeko sofatik edo ohetik lan egiten duten profesionalak, erosotasun seinale. Eta horra paradoxa: etenaren, entretenimenduaren eta bizitzaren ustezko tenpluak irentsi dituela enpleguak, eta geratu garela atsedenik gabe.
berria.eus (moldatua)
Kontuan hartu
02. saioa: ONDAREA GORDETZEA
Irakurri Xabier Gantzarainen hausnarketak, eta alderatu zureekin.
ONDAREA ETA BIZITZA
Aspaldi lurrundu zen iragana nik nahi nuenean akordura ekarriko zidatela sinistuta gorde nituen gauza haiek guztiak, nire bizitzan inportanteak zirelako maitez-maitez jasotakoak, hilda agertu ziren egun batean mesanotxeko tiraderan. Han zeuden denak etzanda, mutu, gorpu. Uneren bat edo besteren printza ahul bat ekartzen zidan baten batek, gauza lauso bat, oroitzapena izatera ere iristen ez zena, baina gehienak objektu arruntak ziren berriz. Iraungitako pasaportea.
Treneko txartela. Metxero hori bat. Argazkiak.
berria.eus
- Merezi al du gauzak gordetzea? Zenbat denboraz, ordea?
- Erabiltzen ez diren guzti-guztiak botatzeko izaten al dira beti?
- Denborak nola eragiten die gordetako gauzei? Hondatu egiten ditu ala balioa eransten die?
Kontuan hartu
03. saioa: KRONOBIDAIAK
Irakurri albistearen izenburua, eta komentatu, foroan, zer iruditzen zaizkizun denbora-bidaiak.
Kontuan hartu
Egin zeure kasa: KAMISETAN POEMA(-ZATIAK) GRABATZEKO ESKARIA EGIN
Egin elkarrekin: BIZI ARTEAN BETE NAHI DITUZUEN EGITEKOEN ZERRENDA IDATZI
Jarraipena
Osagarriak