 |
Irakurri liburuaren kritika, eta zerrendatu liburu hori irakurtzeko edo ez irakurtzeko arrazoiak.
IRAGANETIK ETORKIZUNAZ
Zientzia fikzioaren jarraitzaileok zorioneko gaude: Denon artean argitaletxe nafarrak Jules Verneren Kazetari amerikar baten egunaldia 2889an narrazioa argitaratu du, Alberto Barandiaranek euskaratua eta Iker Serranoren orrialde osoko ilustrazio koloretsuekin.
Lan honetan, Jules Vernek bere intuizio harrigarria erakusten digu, beste behin; baina, oraingoan, egungo bizimodua irudikatu beharrean, iraganetik guri ere urrun xamar geratzen zaigun XXIX. mendeko etorkizunaz mintzo zaigu. Egunkari amerikar garrantzitsuenaren zuzendariaren lanegun oso bat kontatzen du: 2889ko uztailaren 25a, hain zuzen, esnatzen denetik oheratu aurreko unera arte.
Kasu partikular horretatik abiatzen da garai urrun hartarako iragarritako aurrerapen zientifiko eta teknologikoen errepasoa egiteko: aeroautoak eta ozeanoa orduko 1.500 km-ko abiaduran zeharkatzeko aukera eskaintzen duten hodi pneumatikoak, hizketakidearen ahotsa eta irudia aldi berean igortzen duten telefonoa eta telefotoa... edota, inprimatu beharrean, kabina fonografikoen bitartez mintzatu egiten diren egunkariak.
Argumentu benetan sinplea badirudi ere, ez da horregatik xaloa. Esate baterako, oso modu agerikoan aurkezten da komunikabideen botere erabatekoa. Earth Heralden eragina hain handia da, munduko agintari guztiek jotzen baitute protagonistarengana aholku eta, batez ere, mesede eske. Gizarte-klaseen arteko alde itzela iradokitzen da, kapitalaren araberako ordenak ezarria. Aurrerapen eta ongizatearekin batera, horien ondorio saihestezina balitz bezala, gizakien arteko harremanak hotzak, emoziorik edo sentimendurik gabekoak diren mundu bat irudikatzen da. Tamalez, Jules Verneren lanak irakurtzean ohikoa den bezala, halako gizarte bat ez zaigu hain arrotza egiten. Horixe da autoreak narrazio labur honekin edozein adinetako zientzia-fikzioaren maitaleoi proposatzen diguna: kritika sozialaz salbu ez dagoen 2889ko etorkizunera bidaia zoragarria, fantasiaz beterikoa... ala ez hainbeste, nork daki?
Iraitz Urkulo, berria.eus (moldatua)
|