Zerbait berri jakin nahi baduzu...

Argitaratua: asteazkena, 3 uztaila 2019, 11:07
Iñaki Villoslada

EGLUn (Euskal Gramatikaren Lehen Urratsakzerbait eta norbait izenordainak izenondo baten laguntzan ager daitezkeela azaldu zuen Euskaltzaindiak (EGLU 1, 51 or.), eta horrelakoetan izen sintagma eta guzti erabili ohi dugula, hots:

(84') (a) Zerbait ona aurkitu du = Ona den zerbait aurkitu du.

(b) Norbait jakintsua behar dugu = Jakintsua den norbait.

Eta ez:

(e)*Zerbait on aurkitu du

(d)*Norbait jakintsu behar dugu.


Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zerbait izenordainaren sarreran, ordea, kontrakoa gomendatu du: 

“izenondo batek ezkerrean zerbait izenordaina hartzen badu, izenondo hori mugagabean doa; hortaz, zerbait berria badakarte eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak zerbait berri badakarte eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du”.

Norbait izenordainaren sarreran, aitzitik, gomendiorik ez dago, ez eta adibiderik izenondo baten laguntzan.

Orotarikoan, aldiz, bai; norbaiten sarreran mugagabeko izenondoaren adibidea egon badago: (Con adj.). "Norbait handirekin, avec quelqu'un de grand" Lf Gram 245.   Aiengandik ikasi nun, alegiñean, Zu norbait aundi ziñala sumatzen. Or Aitork 21. Notari, politikari edo norbait argitu eginen zirelakoan. Larre Artzain E 110.

Orotarikoa izan da, nik uste, gomendioaren iturri eta EGLUren azalpena bertan behera uzteko arrazoia, honako hau baitio zerbait izenondoaren sarreran:

Cuando se coloca ante adj. o adnominal, éstos van siempre indeterminados o con suf. partitivo (zerbait handi(rik), zerbait horrelako(rik)), salvo contadas excepciones en las que van provistos de artículo.”

Gauzak horrela, ikusitakoak ikusita, ez dut emango gomendiorik nik…, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak eta egokitu dezala bere erabilera… Hori egin beharrean, beste kontu bat azpimarratuko dut: ahoskera. Hiztegiaren aholkuari jarraitu nahi badiogu, ez dago zerbait arin bazkaldu behar dugu segidan jakitea arin izenondo edo aditzondo balioan dagoen. Ahoskeran nago bereizten dugula: zerbait arin (izenondo, zerbait arina*?) etenik gabe ahoskatu beharreko sekuentzia bat izango litzateke, eta zerbait arin (aditzondo) bereizita.


INFORMAZIO OSAGARRIA

Altuna, P. (1994). Hitz pareak. Euskera XXXIX (2. aldia), 1543-1548. Hemendik eskuratua: http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/50050.pdf