UPV/EHUko uda ikastaroen 38. edizioa

Argitaratua: astelehena, 1 apirila 2019, 3:23
EHU uda ikastaroak

Martxoaren 28an aurkeztu zen UPV/EHUko uda ikastaroen 38. edizioa; horien baitan hainbat jarduera daude antolatuta: 158 ikastaro eta tailer, 26 kongresu eta 15 online ikastaro, besteak beste. Matrikula irekita dago eta murriztua izango da maiatzaren 31ra arte; gainera, mugikorraren bitartez ere eman ahalko da izena.

Aurten HABEren lankidetzarekin tailer bat antolatuko da Donostiako Miramar Jauregian uztailaren 4an eta 5ean: Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza. Iñaki Murua, HABEko teknikaria, izango da zuzendaria, eta berarekin batera Amaia Arroyo Sagasta eta Lorea Fernández Olaskoaga arituko dira irakasle.

Beste eduki interesgarriak

H07-19

H07-19 Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza (2019 / Donostia)

Bizimodua eraldatu egin digute teknologiek: aldaketa handia eta etengabekoa da. Horren aurrean, bizitza osoan ikasteko jarrera eta konpromisoa, etengabeko ikaskuntza alegia, izan daiteke erantzuteko bide egokia. Halaber, izugarri zabaldu dute teknologiek antzeko interesak dituzten pertsonak aurkitzeko modua. Hau honela, besteekin eta besteengandik ikastea betidanik eman den gertaera bada ere, biderkatu egin dira bide horiek teknologien eta Interneten eraginez. Komunitatea oro har ondo baloratutako terminoa den arren, badago ikuspegi hori kolokan jartzen duenik; beste alde batetik, teknologiek ere badituzte arriskuak eta mugak. Hala eta guztiz ere, ezin da alde batera utzi egun komunitateeek --eta zehatzago esanda, ikas-ziberkomunitateek-- garapen profesionalerako, prestakuntzarako eta geure burua bizitza osoan janzteko eskaintzen duten aukera. Ikas-ziberkomunitateez eta elkarrekin/elkarrengandik ikasteko esparruaz hausnartzeko zein erabakiak hartzeko tartea izango dugu tailer honetan.