1. Un marco para la comprensión de los métodos y tendencias en la enseñanza de lenguas

Argitaratua: asteazkena, 1 otsaila 2017, 9:03
Gabriel Diaz

Competencia metodológica para la enseñanza y el aprendizaje ikastaroa. Miramar 2016

Ba al da ikasteko metodoren bat ikasle guztientzat baliagarria denik? Eta horrela balitz, zein litzateke onena? DÍAZ-en galderak zehatzak badira ere, kontzeptua bera da eztabaidagarria, sarritan aipatua, baina adiera anitzekoa:

  • Eskuliburua edo testuliburua.
  • Irakas-estiloa.
  • Hizkuntza aurkezteko modua.
  • Ikuspegi metodologiko baten sorburu geografikoa.

Egoera horretatik abiatuta eta lan-markoa zehaztu nahian, metodologia, ikuspegia, metodoa eta teknika kontzeptuak bereiztera jotzen du hizlariak hasierako saio honetan. Horrela,

  • Metodologia. Praktika pedagogikoen azterketa eta ikerketa.
  • Ikuspegia. Hizkuntzaren eta ikaskuntzaren gaineko usteak eta irudipenak zehazten dituen maila.
  • Metodoa. Teoria praktikan jartzen deneko maila. Zer, noiz eta nola irakatsi erabakitzen da, betiere, ikuspegian egindako hautaketan oinarrituta.
  • Teknika. Ikuspegian eta metodoan erabakitakoaren arabera, ikasgelan erabiliko diren prozeduren deskribaketa.

Horrenbestez, eta langaira itzuliz, helburu bat lortzearren jarduera antolatzeko modua da metodoa. Baina hizlariaren iritziz, ekintza oro ez da jarduera. Teoria baten ondorioa da jarduera, behar bat osatzera datorrena, eta komunitate jakin bateko subjektuak  bilduta elkarrekintzan jartzen dituena. Metodoa, beraz, jardueran parte hartzeko modua litzateke.

Metodoaren heriotza?

Metodoen ikerketa egiteko ikuspegia, diseinua eta prozedura aztertzen ditu RICHARDS eta RODGERS adituek proposatutako ereduak, eta pentsa daiteke, eskainitako patroiaren arabera, edozein proposamen didaktiko azter daitekeela osagaiak banan bana hartuz. Eta hori gertatzen da, besteak beste, oinarrian honako usteak egon daitezkeelako:

  • Metodo bat besteak baino hobea dela.
  • Horren ondorio zuzena litzatekeena: ikas-irakasprozesuak subjektuengandik urrundu eta teorian ardatz daitezkeela.
  • Jarduera didaktiko orok eskatzen duen testuinguratzetik urrunduta, metodoak izaera unibertsala eta a-historikoa duela.
  • Teorikoek ezagutza eraikitzen dutela irakasleak horren aplikatzaile bilakatzen diren bitartean.

Alabaina,  egiten zaizkion kritiken artean aipatzen da RICHARDS eta RODGERSen  ereduak  ez duela azaltzen ez nola jartzen den metodoa indarrean, eta ez, ikaskuntzarako beharrezko baldintzak eraikiz, osagaiek nola eragiten dioten elkarri modu sistemikoan.

Bien bitartean, KUMARAVADIVELU-ren hitzetan, intuizioan eta eskarmentuan oinarritutako abileziak erabiltzen ditu irakasleak zerk funtzionatzen dion eta zerk ez erabakitzeko. Horrenbestez, eten handia dago teoriak proposatu eta irakasleak gelan egiten duenaren artean. Eta FREIRErentzat ez dago praktika hobeagorik, teoria on bat baino.